Inauteriekin duzun lehen oroitzapena?
Umetan, eta batez ere gurasoekin. Nire ustez, lehen haurrentzat ez ziren horrenbeste gauza egoten, dantzak eta hori guztia. Orduan, gurasoekin ditut oroitzapen gehiago.
Beste lekuren bateko inauteriak ezagutu al dituzu?
Ez, Tolosakoak bakarrik. Beste guztiak telebistan ikusita ezagutzen ditut.
Nola azaldu eskualdekoa ez denari zer diren Tolosako inauteriak?
Zaila da. Ez da erraza norbaiti azaltzea Tolosan nola bizitzen diren inauteriak. Telebistan ikusten ditugunean beste lekuetako inauteriak, Brasilgoak edo Kanarietakoak adibidez, dantza elegante eta politak ikusten dira. Nik uste hemen umore aldera jotzen dugula. Ez da garrantzitsua dotore zoazen edo ez. Ikuskizuna noski lantzen dugula, baina garrantzitsuena umorea da. Ironia hori, eta ikusten dagoenari irribarre bat ateratzea.
Denborarekin, zaletasun horren bilakaera nolakoa izan da?
Tolosar guztiena bezala, nire ustez. Hasieran gurasoekin hasten zara. Gero, pixka bat aurrerago, aisialdi taldeekin ateratzen hasi ginen. Begirale lanetan ere ibili naiz, eta giro horrekin lotura pixka bat gehiago luzatzen duzu horrela. Astelenitako dantzaldi horiek amaitzen direnean kuadrillarekin tokatzen da. Norbera aldatzen doan heinean, kuadrillak ere aldatzen joaten dira, eta lagun berriekin jarraitzen duzu ateratzen.
Nola bizitzen dituzu inauteriak, egunez egun?
Ostegun Gizena niretzat izugarria izaten da. Seme-alabetan txikiena oraindik gurekin ateratzen da, eta ondorioz, txupinazora joaten gara guraso talde bat 10 urteko umeekin. Hori ere bukatuko dela badakigu, baina oso polita izaten da. Gero, ostirala eta larunbata lasaiago hartzen ditugu. Zaldunita ere oso polita izaten da, familian ateratzen gara. Astelenita, aldiz, kuadrillarekin. Haurrak Kirikiñorekin daude dantzan, eta gu ere gozatzen saiatzen gara eta ederki pasatzen dugu. Asteartitan, oraindik jai dugunok elkartzen gara, eta egia esan, oso gustura hartzen dudan eguna da.
Aurtengo inauterietatik zerbait azpimarratuko al zenuke?
Nire ustez dena oso ondo joaten ari da. Inauterien aurretik denok eguraldiari begira ginen, baina, neurri batean. Horrez gain, gure artean hitz egiten aritu gara, iaz baino jende gutxiago ez ote den etorri. Nire ustez pittin bat gutxiago dabil. Iazkoa itogarria izan zen. Eguraldia ere oso ona izan zen eta nabaritu zen hori. Tolosarrontzat horrela hobeto dela esango nuke.