Kantxan baino kolore gehiago harmailan

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko otsailaren 12a

Binakako Txapelketetako bi partida jokatu dituzte, arratsaldean, Beotibar frontoian, mozorrotutako pilotazaleen aurrean; norgehiagoka azkarrak izan dira, emoziorik gabekoak.

Ez da betekada handia izan gaur, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Harmailetan inauteri giroa izan bada ere, pilotazale gutxi bertaratu dira mozorroak soinean jantzita. Gainera, sarrera asko geratu dira saldu gabe, akaso, ez zelako emozio handirik aurreikusten binakako txapelketetako bi partidetan.

Eskualdeko bi pilotarik jokatu dute. Bigarren Mailako txapelketako partidan, Martxel Iztueta tolosarrak eta Agirrek 22-10 irabazi dute Exposito eta Gaskueren aurka. Lehen Mailakoan, Erik Jaka lizartzarrak eta Jon Mariezkurrenak aise hartu dituzte mendean Elordi eta Rezusta: 22-7. Baikoko bikoteak bikain jokatu du, eta 13-1 eta 18-5 aurreratu da; Rezusta oso kamuts aritu da.

Bi bikote irabazleak zuzenean sailkatuta daude finalerdietarako, baina lehen mailako txapelketaren kasuan, emozio handia espero da bihar abiatuko den azken jardunaldian. Tolosan izango da lehen partida. Peña II.ak eta Albisuk, Zabalaren (Altunaren ordez ariko da) eta Martijaren aurka jokatuko dute. Laugarren postua egongo da jokoan; Aspeko bikoteak nahikoa du 10 tanto egitea laugarren izateko.

Gainerakoan, Artolak eta Imazek, Peio Etxeberria eta Zabaletaren aurka jokatuko dute larunbatean, Iruñeko Labriten; irabazlea bigarren postuan sailkatuko da. Ezkurdiak eta Tolosak hurrengo fasera sailkatzeko aukera txiki bat dute oraindik. Liderrei irabazi behar die, ahal dela tanto askogatik, eta gero, Laso eta Arangurenen garaipenaren eta tanto kopuruen kalkuluen zain egon.

Sailkapenak:

Lehen Mailako Txapelketa:

  1. Jaka - Mariezkurrena II 10-3
  2. P. Etxeberria - Zabaleta 8-5
  3. Artola - Imaz   8-5
  4. Altuna III - Martija    7-6
  5. Peña II - Albisu   6-7
  6. Elordi - Rezusta  5-8
  7. Laso - Aranguren   4-9
  8. Ezkurdia - Tolosa  4-9

Bigarren Mailako Txapelketa:

  1. Agirre - Iztueta  10-3
  2. Egiguren V -Eskuza  9-4
  3. Larrazabal - Eskiroz  8-5
  4. Zubizarreta III - Ugartemendia 6-7
  5. De la Fuente - Bikuña  6-7
  6. Exposito - Gaskue  6-7
  7. Salaberria - Arbizu  4-9
  8. Alberdi II - Morgaetxebarria   3-10

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!