Alboradarekin hasi eta buka

Ataria 2024ko ots. 13a, 05:59

2023ko Alboradan arkueetan txistulariak. L.C.

Tolosako Inauteriak amaierara iristen ari dira, baina azken eguna goizean goizetik hasteko modua dute tolosarrek Alboradarekin; Asteartitan, pattarra eta pastak musikan bustiko dituzte.

Azken hondarretara iristen ari dira hainbeste esperotako 2024ko Tolosako Inauteriak. Eta bukaera horren hasiera bezala definitzen duena Alborada da. Gaur, asteartea eta 13, Asteartita, 06:00etan izango da kuttunek hainbeste esperotako Alborada, udaletxeko arkupetan, Berdura plazan eta Felipe Gorriti plazan.

Gaur, 06:00etan, izango da kuttunek hainbeste esperotako Alborada, udaletxeko arkupetan, Berdura plazan eta Felipe Gorriti plazan

Alde batetik, musikak du protagonismoa Alboradan. Atzera eginez, Alboradako doinuak Miguel Martinez de Lezea Udal Txistulari Bandako zuzendariak jaso eta egokitu zituen. Era askotako doinuak dira, 22 guztira: habanerak, fandangoak, arin arinak, zortzikoa, biribilketak, idiarenak...

Mikel Gotzon Telleria Tapiak Tolosako Iñauteriak liburuan idatzi zuen Alboradaren inguruan: «Inauterietako eguna, 06:00etan hasten da txistuko Alboradarekin, ohiturazko ekitaldi hunkigarrian. Udaletxearen aurkupeetan hasten da, non  Udaltzaingoak pattarra eta gailetak banatzen dizkien bertaratutakoei». 

Liburuan bertan, Alboradako doinuen inguruan idatzi zuen Telleriak. Hain zuzen txistularien errepertorioa jaso zuen: Segurako goizan Iñauterietako zortzikoa, Habanera I, Goiz-alai. Idiarena II, Habanera II, Plaza zaharreko dama guztiak, Habanera III, Idiarena I, Pastelero, Baratzeko pikuak, Idiarena III, Lexearena, La polupar eta Hiru damatxo. Behin udaletxeko arkupeetako kontzertuarekin amaituta, Iriarenaren doinuaren laguntzaz Berdura plazara lekualdatu eta errepertorioa berriro errepikatzen dute. Jarraian, Gorriti plazan berriro eskaini eta Korreo kalean ere abesti berdinak eskainiko dituzte.

Pattarretik pattarrera
Alboradaren beste protagonistak, herritarrez gain noski, jan-edanak dira. Ohitura hau ulertu ahal izateko, atzera egitea lagungarria izan daiteke. Garai batean Tolosako Udalak ardo goxoa, bizkotxoak eta txokolatea banatzen zizkien herritarrei Zaldunita eta Asteartitako dantzaldietan. Ohiturak bere garapena izan du eta gaur gaurkoz, berriz, Alboradan, pattarra eta gailetak emateko ohitura mantentzen da, besteak desagertzearekin batera.

2018ko Alboradan pattarra banatzen. M.I.

Alboradako martxa txarangen dianarekin lotuko dute askok. Eta zezen plazarako bidea eginez, Pattar Zezena izango da eguneko hurrengo geldialdia askorentzat. Eguna hasi besterik ez da egin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!