Danbor hots umeen poz

Ataria 2024ko otsailaren 10a

Ehunka umek hartu dute parte Aiz-Orratz elkarteak antolatutako danborradan; eguraldi pronostiko txarrari buelta eman diote gaztetxoek

Aiz-Orratz elkarteak antolatutako urteroko danborrada kalean izan da gaur arratsaldean, Zaldunita Bezperan. Eguraldi txarra zegoen emanda gaurkorako, baina eguraldiak hobera egin duela ikusita, elkarteko kideek 15:3ean erabaki dute ekimenarekin aurrera egitea.

Laskorain, Herrikide eta Samaniego ikasleek hartu dute parte danborradan. 500 ume inguru kontatu ditu antolakuntzak. Geltoki kaletik abiatu eta San Frantzisko ibiltokia zeharkatu ondoren Euskal Herri plazan elkartu dira danbor jotzaile guztiak. Topic-eko balkoira igo dira mikelete eta kantinerak eta handik agurtu dituzte guztiak. Ibilbide guztian dantzan ibili dira kosakoak.  

Urduri zeuden gaztetxoak danborrada abiatu aurretik eta baita Aiz-Orratz elkarteko kideak ere. Igor Hilario antolatzailearen esanetan danborrada da Aiz-Orratzek inauterietan antolatzen duten ekitaldi garrantzitsuenetakoa. Herritarrek egiten dieten harrerarekin oso pozik agertu da Hilario.

Aurten, marrazki eta mozorro lehiaketan parte hartu duten gaztetxoek danborradaren atzetik joan den txu-txu trenean joateko aukera izan dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!