Euritan dantzan

Leyre Carrasco 2024ko otsailaren 10a

Eguraldi txarra dela eta, Dantzari Txikien kalejira bertan behera geratu da, baina Tolosako Erraldoi eta Buruhandiak, dultzaineroak eta Aiz-Orratz elkarteko Txu-Txu Trena ibili dira kaleak alaitzen.

Zaldunita bezperako lehen hitzorduetako bat izan ohi da Erraldoi eta Buruhandien kalejira. Eguraldia lagun ez izan arren, aurten ere ez dute hutsik egin eta, urtero bezala, Gernikako Arbola plazatik atera da konpartsa goiz erdian. Ordurako, herritar ugari zituzten zain, haur eta gaztetxoak, familian gehienbat, herriko kaleetan barrena haien atzetik saltoka edo korrikan ibiltzeko prest.

Ibilbidean zehar, geldialdiak egin dituzte eta plaza zaharrera iristean dantzarako tartea hartu dute sei erraldoiek. Tolosako Dultzaineroak aritu dira doinu alaiekin erraldoiei mugimendurako erritmoa jartzen. Bien bitartean, buruhandiak ere hor ibili dira, maskuriak eskuan zituztela, korri egiteko gogoarekin zegoenari jarraituz eta beldurra zuenari bostekoa emanez.

Tartean, Aiz-Orratz elkarteko Txu-Txu Trenarekin ere egin dute topo. Lapurdi plazatik abiatuta, herriko kaleen barrena murgildu da. Bidaiariek erraldoi eta buruhandiak ikusi eta agurtzeko aukera izan dute bidean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!