Aspaldiko ezaguna dugu Galtzaundi baina aurtengo inauterietan hartu du protagonismo berezia. Kultur etxeko balkoian tokiz aldatu dute aurten eta gaur, gainera, herriko bazterretan ohar bat agertu da, datorren Asteartita gauean egin asmo dioten entierroaren berri emanez. Hitzordua Berdura plazako 2. ezkaratzean egin dute, 22:00etan. Ataria-n ere jarri diote eskela.
Atzeratuta dator hileta, duela 125 urte hil baitzen Galtzaundi. Juan Garmendia Larrañaga antropologoak Tolosako Iñauteriak aldizkarian eman zituen 2000. urtean, lehen aldiz, «pertsonaia arlote» horren inguruko xehetasunak eta orduan argitu zuen Ramos Azkarateren bertso haietan aipatzen zen Galtzaundi hura, Santos Aldasoro Iriarte zela. Gerora, pertsonaia horren inguruko datu biografiko gehiago eman zituen Mikel Telleriak eta datu horiek guztiak osatzera etorri zen duela lau urte Francisco Tuduriren, Galtzaundi, un personaje, una zarzuela, una habanera liburua.
Aldasoro 1831ko abenduaren 8an sortu zen Etxarri Aranatzen. Aita tolosarra zuen, eta ama, berriz, amezketarra. Ez dago jakiterik noiz aldatu zen Tolosara, baina bere ezkontza agiriak aditzera ematen duenez, dagoeneko bertan zen 1851n. Dokumentuetan agertzen da nola ezkondu zen urte hartako otsailaren 17an, Santa Maria parrokian, Fermina Lacunza Errazkinekin.
Tolosako zentsuari begiratuta, zortzi aldiz aldatu zuten bizilekua Aldasoro-Lacunza senar-emazteek, eta Agintari kalean, Andre Mari kalean, Berdura plazan edota Kale Nagusian bizi izan ziren. Lana, hori bai, Berdura plazan egiten zuen Aldasorok, Ramos Azkarateren aldamenean, zapatari gisa. Kale Nagusitik gatozela, lehenengo bi arkutan, gaur egungo 2. eta 4. zenbakien parean aritzen omen ziren. Azkaratek, lankide zenari eskaini zizkion, beraz, Tolosako Inauterietarako osatutako bertso famatuak.
Antzematen da hitz horietan bere buruaz umorez jarduten duen pertsonaia dela Galtzaundi, izengoitik bertatik hasita. Gizon garaia izaki, beti galtzak behar baino motzago erabiltzen omen zituen Aldasorok, eta Azkaratek, adarra jo nahian bezala asmatu zuen Galtzaundi ezizena.
Ez zuen, ordea, bizitza gozoa izan Tolosako zapatariak. Sei seme-alaba izan zituen eta bat bakarra iritsi zitzaion helduarora bizirik: Elena. Emaztea, gaixorik, 1887an hil zitzaion eta Aldasorok bere azkeneko urteak Tolosako Miserikordian eman zituen alaba Madrilera neskame joan zitzaionean. 61 urterekin, adinduta, lanik ezin aurkitu, 1892an egin zuen eskaera ongintza etxean sartzeko. Zazpi urte eman zituen bertan eta 1899an hil zen.
Habaneraren jatorria
Tolosako inauterietako doinurik maitatueneko bat da Galtzaundi. Irudi luke doinu herrikoia dela, baina 60ko hamarkada bukaeran Javier Bello Portuk berak argitu zuen habanera hori zarzuela batetik jasotakoa dela. Geroago, hainbat ikerlarik jakinarazi dute El ultimo figurín zarzuelatik jasotakoa dela jatorrizko musika, eta zarzuela hori 1880. urtearen bueltan eskaini zutela Tolosan.
Musika Bandako zuzendari izandako Rufo Montillak moldatu zuen zarzuelan entzundako habanera inauterietako errepertoriorako. Adituek ez dakitena da, Montillak egindako moldaketa entzun ondoren jarri ote zituen hitzak Azkaratek, edo alderantziaz, dagoeneko Azkaratek egindako bertsoak ezagututa moldatu ote zuen melodia bandako zuzendariak. Bateratsu izango zen, dena den, dagoeneko 1892an inauterietako errepertorioko 6. zenbakiko habanera Galtzaundi izenarekin ageri baita bandako instrumentuetarako libretetan.
Bada beste datu argigarri bat ere, Estanislao Elosegiri entzunda Garmendia Larrañagak jasotakoa. Aldasororen bizilaguna omen zen Elosegi eta hark kontatu omen zion, 1890 urte inguruan Aldasorok anis kopak banatzen zizkiela eguerdian Musika Bandako musikariei eta urteren batean haiek Andre Maria kalean bere omenezko habanera jo, eta musikarien erdian dantzatu zuela Galtzaundik, emaztearekin. Kontuak kontu, urteetan, Zaldunita egunez, zezen plazara abiatu aurretik joan izan zen banda Aldasororen etxe azpira, Galtzaundi pieza interpretatzera.
Arrasto handia utzi zuen pertsonaiak Tolosako inauterietan. 2001. urtean Udaberriren eskutik Zaldunita bezperako danborradan bere irudia berreskuratzeko saiakera egin zuen, eta urte hartarako Iñaki Epelde eta Jose Luis Longaronek poliesterrez egindako irudia da azkeneko urteotan inauteriak zaintzeko ardura izan duena. Bere izenaren atzean ezkutatzen den zirtoarekin kutsatu nahi ditu Tolosara gerturatzen diren inauterizale guztiak.