INAUTERIZALEA

«Inauteri astea alaitasunez beteriko astea izaten da»

Leyre Carrasco 2024ko ots. 10a, 13:14

Amaia Blanco eta bere kuadrilla Village People taldeaz mozorrotuta. ATARIA

Kirolari amorratua den arren, parrandazalea ere bada Amaia Blanco (Tolosa, 1988). Musika eta dantza ditu gustuko, baita tartean mozorrotzea ere, eta horretarako baliatzen ditu inauteriak, bere artista doteak erakutsiz.

Zer dira zuretzat inauteriak?

Niretzat inauteriak urteko festak dira. Egia da, urtean zehar Tolosan ekitaldi asko izaten direla eta bakoitzak bere xarma duela, baina inauteriak niretzako Tolosan dagoen ospakizunik garrantzitsuena da. Ez da bakarrik Ostegun Gizenean hasten direla eta asteazkenean bukatzen direla, inauteriak lehenago hasten direla uste dut, antolakuntza prozesua ere garrantzitsua baita.

Nola bizitzen dituzu inauteri egunak?

Aurretik urduri izaten naiz, baina iristen direnean pozik eta ilusioz bizitzen ditut, dantzan eta saltoka. Inauteriak lehenago hasten direla uste dut, antolakuntza prozesuarekin batera, eta prestakuntza hori ere bizipozaz eta ilusioz bizitzen dut.

Inoiz hutsik egin duzu inauterietan?

Tamalez bai. 2022an, Covid-a zela eta, inauteriek ez zirela ospatuko esan zuten hasiera batean. Nire bikoteak lanagatik Ameriketako Estatu Batuetara bidaiatu behar zuen eta berarekin joateko aukera eskaini zidaten. AEBtara joateko bi aste falta zirenean, Tolosako Udaletik abisua eman zuten inauteriak ospatuko zirela eta izugarrizko pena izan nuen, lehenago jakin izango banu, agian, beste era batera antolatuko nintzen. Aurretik ez nituen inoiz galdu, eta ziur nago ez ditudala berriro inoiz galduko.

Mila kilometrotara egonda ere, keinu txikirik egin zenuen?

Bai, AEBetan detaile txiki bat izan nuen familia eta lagunei gogorarazteko ni urruti egon arren, inauteriak nirekin zeudela. Mozorro bat eraman nuen eta hoteleko terrazara igo nintzen eta hainbat argazki atera nituen esanez: «New York Cityn nago gogoz mozorrotuta».

Zeinen alboan bizi dituzu inauteriak?

Txikitan familiarekin ospatzen nituen, etxean oso inauterizaleak garelako, baina normalean lagunekin ospatzen ditut. Zortez, betikoak beti hor izaten gara, baina tartean urte batean lagunen batek kale egin du ezin duelako lehengo erritmoa jarraitu eta hori ulergarria da. Hala ere, betikok hor jarraitzen dugu eta horrela jarrai dezala.

Bitxikeri dibertigarriren bat duzu kontatzeko?

Iaz, Raffaela Carraz mozorrotu ginen eta asko harritu zidan zenbat pertsonek eskatu zizkiguten argazkiak, Raffaelaren izugarrizko antza nuela esaten zidatelako. Hori lana oso ondo egina zegoen seinale izan zen. Gainera, Arpegi taldekoek dantza egiten ikusi gintuztenean, gurekin bat-bateko maitemina izan zuten. Beraz, aurten, lehen aldiz Arpegi taldekoekin batera aterako gara dantzan. Beste erronka txiki bat da, baina ederki egingo dugu seguru.

Txaranga, karroza edo tabernako musika. Zein duzu nahiago?

Ezingo nuke bat aukeratu, bakoitzak bere momentua duelako. Goizean zehar karrozak ikusteko aprobetxatzen dut, eguerdian eta arratsaldean, zezenetatik irteteko garaian, txarangaren atzetik Alde Zaharrera jaisteko momentu polita izaten da, eta iluntzea iristen denean tabernetara joateko unea izaten da.

Txarangaren batean atera zara noizbait?

Inoiz ez naiz txaranga batean atera, ez baitut instrumenturik jotzen, baina hori oso gertutik bizitzea tokatu zait. Nire aita eta osabak txarangetan atera izan dira betidanik eta nire iloba ere orain hasi da txarangetan parte hartzen, beraz, niretzako txarangek garrantzia handia dute.

Zer egiten ditu berezi inauteriak?

Inauteriak ikustera mozorrotuta etortzen direnak mundu horretan sartzen dira eta hori berezia da. Gainera, buruan ditugun kezkak astebetez agurtzeko modua izaten dira inauteriak, hau da, negatiboa den hori guztia alde batera uzten dugu astebetez eta barruan daukagun positibismoa ateratzen dugu. Horregatik, inauteri astea alaitasunez beteriko astea izaten da.

MOTZEAN

Egun bat?

Zaldunita.

Eguna ala gaua?

Eguna.

Txaranga doinu bat?

Diana doinua.

Une bat?

Batzuk dauzkat, baina Diana aukeratuko nuke, txarangak 08:00tan jotzen duenean.

Mozorro bat?

Urtero mozorroak ondo lantzen saiatzen gara eta oso bereziak dira denak, baina iazkoa, Raffaela Carraren mozorroak gauza polit pila bat gogorarazten dizkit eta hori aukeratuko nuke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!