Dantzari Txiki kalejira bertan behera geratu da

Ataria 2024ko otsailaren 10a

2023ko inauterietako Dantzari Txiki kalejiraren une bat. N.R.A.

Gaurko eguraldi iragarpenari jarraituta, Udaberri dantza taldeak Dantzari Txiki kalejira bertan behera uztea erabaki du. Bestalde, Erraldoi eta Buruhandien konpartsa aterako da.

Urtero, Zaldunita Bezperako goizetan, Alde Zaharreko kaleak Udaberriko dantzari txikiek koloreztatzen dituzte; bada, aurtengoan kolore horiek huts egingo dute, iragarrita dagoen eguraldia medio. Iker Ibarluzea eguraldi adituak horrela aurreikusi du gaurko goiza: «Zaparradak ugariak eta tarteka mardulak izango dira egunaren lehen zatian. Mendebaldeko haize zakarra nagusituko da eta tenperaturak nabarmen egingo dute behera, nekez gaindituko dituztelarik 9-12 graduak egunaren erdiko orduetan».

Buruhandi eta erraldoiak, bai

Goizeko gainontzeko ekitaldien inguruan, Tolosako Udalak jakinarazi bezala, unean unean hartuko dituzte erabakiak. Esaterako, Buruhandi eta Erraldoien konpartsak mantenduko du bere egitaraua eta Tolosako kaleetan barrena ibiliko dira.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!