Zein da inauterietako zure lehen oroitzapena?
Barraketako Saltamontes atrakzioa. Ni zalea nintzen. Inauteriak iritsi eta barraketara joaten nintzen, Saltamontes-ean ibiltzera. Sabelean egiten zidan sentsazio hori barruraino sartuta izaten nuen.
Mozorrotzea baino lehenago barrakak, beraz.
Bai, mozorrotzearena baino lehenago etorri zait hori burura. Mozorrotzen nintzen baina gogoratzen naiz desiratzen nengoela Saltamontes-ean ibiltzeko. Niretzako sekulakoa zen, eta horren zain egoten nintzen urte guztian. Hamalau buelta emango nituen, baina ez zidaten hainbeste diru ematen. Mozorrotzen nintzen, baina ez nintzen ibiltzen aisialdi taldeetan, eta horiek denak ez ditut ezagutu.
Eta zertaz mozorrotzen zinen?
Txikitan ez naiz gogoratzen zertaz mozorrotzen ninduten, baina nik aukeratzen nuenean cowboyz mozorrotzen nintzen. Nire ametsa hori zen, zaldien mundua nuen beti buruan, eta cowboyz mozorrotzea aukeratzen nuen; ez nuen aukeratzen indiar bezala mozorrotzea. Urtero cowboyz mozorrotzen nintzen, eta gogoan dut behin batek esan zidala urtero cowboyz mozorrotzen nintzela eta ea aldatuko ote nuen.
Eta gero lagunekin-eta ateratzen hasterakoan?
Gogoan dut urte batean La Mascara pelikulako pertsonaiaz bezala atera ginela. Lehengusu batekin atera izan naiz, eta urte batean inuit bezala atera ginen, eta arrakasta izan genuen. Arrantza egiteko kanabera batekin atera ginen, puntan jarri genuen kartoizko arrain bat, eta jendea hor ibili zen arraina harrapatu nahirik kosk eginez, batzuk ordu txikitatik aurrera mozkortuta zeudela, eta oso ondo pasa genuen arrantzan.
Nola bizitzen dituzu inauteriak?
Lehen parrandarekin lotzen nuen gehiago, eta orain egunez gehiago disfrutatzen dut. Jarraitzen dut lotzen pixka bat parrandarekin, eta mozorrotzearekin: urtean zehar gustatuko litzaizukeen gauza askotaz janztea, eta orduan aprobetxatzen duzu pertsonaia horiek izateko.
Nola izaten dira zure inauteriak, egunez egun?
Ez da urtero berdina izaten, baina ostegunetan saiatzen naiz txupinazora joaten, eta ahal badut egiten dut eguneko parrandatxoa, eta luzatzen bada luzatu egiten da. Hilabete lehenago Ostiral Mehean Leidorren egiten den Arpegiko emanaldiko entseguak egiten hasten gara, eta ostiralean bertan taldekoek elkarrekin bazkaltzen dugu, gero entsegu orokorra egin, emanaldia eta ondoren sekulako parranda egiten dugu. Beraz, larunbatean ez naiz egoten ezertarako. Igandean anaiarekin-eta ateratzen naiz taldetxo batean gai bat jorratuz. Astelehenean eta asteartean anaiarekin edo lagunen batekin ateratzen naiz, ez badut lanik behintzat. Saiatzen naiz lana kentzen inauterietarako, baina beti ezin izaten dut. Astearteko parranda asko gustatzen zait, gauekoa batez ere, ez delako kanpoko inor egoten eta lekua izaten delako dantza egiteko.
Arpegiko emanaldian noiztik ari zara parte hartzen?
Hamar bat urte izango dira. Anaiaren bitartez sartu nintzen; bera orain 20 bat urte sartu zen, eta urte batean poney bat behar zutela-eta, berak esan zuen nik eramango nuela. Ni poneya ematera joan nintzen, eta bide batez esan zidaten dantzari bat behar zutela, eta niri dantza egitea gustatzen zaidanez, horrelaxe sartu nintzen. Orduz gero, hor nabil.
Zer dira zuretzat inauteriak?
Gustatzen zaizkidan festak dira. Agian ez naiz beste batzuk bezain inauterizalea, ez naiz urtebete lehenago karrozaren inguruan pentsatzen hasten den horietakoa, baina saiatzen naiz ahal dela lana kendu eta tokia emate festei. Parrandazalea ere banaiz, eta gustatzen zait mozorrotzea. Gero, dantza egitea asko gustatzen zait eta Arpegiko emanaldietan gustura aritzen naiz dantzan. Okerrago pasatzen dut abestea tokatzen zaidanean, baina egin behar bada egiten dut.
MOTZEAN
Egun bat? Asteartita.
Eguna ala gaua? Gaur egun, eguna.
Une bat? Arpegiko emanaldiaren ondoren, tentsioak askatzeko parranda.
Mozorro bat? Cowboyarena.