Ehunka gazte kalera atera dira Tolosan, Gazte Koordinadora Sozialistak deitutako manifestazioan, krisi kapitalista gelditzea eskatuz. Hiru ideia nabarmendu dituzte: Aurreko belaunaldiek baino bizi-baldintza okerragoak dituztela, azken hamarkadetako oparotasun kapitalista amaitu dela eta ongizate estatuak ez dituela inolaz ere langile klasearen beharrak aseko.
Horrez gain, beraien mesedeetara ez dagoen hezkuntza «geroz eta kaskarragoa» dela, aldi baterako lanek «ezegonkortasuna» eragiten dietela eta aldi berean lan egin eta ikasi behar izateaz «nazkatu» direla adierazi dute. «Doako eta kalitatezko aisialdia ia ez da existitzen», gaineratu dute.
Emantzipazioa, arazo
Tolosaldeko gazte langileek gurasoen etxetik alde egiteko ezina dutela nabarmendu dute. «Ez dugu irudikatu ere egiten etxe bat erostea. Alokatu nahi badugu, soldataren ehuneko handi bat bideratu behar dugu. Bien bitartean, hamarnaka etxe huts daude gure herrietan, Tolosako Alde Zaharrean 200dik gora, adibidez»
Gainera, etxegabetzeak «eguneroko ogia» direla esan dute. «Azken astean Tolosako Udalak gauzatutako etxegabetzea salatzen dugu. EH Bilduk Madrilen etxegabetzeak debekatu dituela dioen bitartean, herri honetan 5 pertsona etxegabetu ditu. Negu betean kale gorrian utzi ditu, inolako alternatibarik gabe», salatu dute.
Azkenik, Tolosako GKStik herriko gazte langileek emantzipatzeko duten ezintasuna borrokatuko dutela adierazi dute: «Askatasunez bizi proiektu bat garatu ahal izatea aldarrikatuko dugu». Horretarako, dinamika desberdinak martxan jarriko dituztela eta bere sare sozialei adi egoteko aurreratu dute.