Aitz-Orratz elkarteak esker onez jaso du izendapena

Ataria 2024ko otsailaren 8a

Kabi Alai Kuttun izendapena jaso du aurten Aitz-Orratzek urte guztiotan haurrek inauterietan parte hartu dezaten egindako lanagatik.

Kabi Alai Kuttuna izendapena jaso du aurten Aitz-Orratz elkarteak. Patxi Amianok, gaur, udaletxeko batzar aretoan egindako ekitaldi xumean aipamen hau jasotzeko elkarteak egin dituen merituak zerrendatu ditu: «1962tik gaur egun arte, haurrek inauterietan parte izan daitezen egin duten lana eskertu nahi dugu. Garai hartan umeek ez zuten inauterietan parte hartzeko aukera handirik izaten. Danborrada egitea erabaki zuten eta denentzako tokia egin zuten inauterietan, baita miserikordiko umeentzat ere».

Aitz-Orratz elkartea Astelenita egunean hasi zen haur danborrada antolatzen eta ondoren Zaldunita bezperara aldatu zuen ekitaldia. Urtero antolatzen duen haur jaialdiak ere sona handia du. Hain zuzen, Andu Martinez de Rituerto alkateak urte guzti hauetan elkarteak egin duen lana nabarmendu du udaletxean egindako ekitaldian: «Urte guzti hauetan belaunaldi asko eta asko pasa dira danborradatik eta tolosar askok hartu dute parte ekimen horretan. Herritarren izenean esker ona adierazi nahi diegu».

Pozarren hartu dute Aitz-Orratz elkarteko kideek aipamena. Hunkituta ere azaldu dira. Elkarteko kide beteranoekin batera, haurrak ere agertu dira udaletxera danborradako jantziak soinean dituztela. Igor Hilario Aitz-Orratzeko kideak esker hitzak izan ditu Kabi Alai elkartekoentzat. «Oso hunkigarria izan da, tolosar batentzat izugarrizko ohorea da txupinazoa botatzea eta oso eskertuta gaude».

Elkarteko kide beteranoetako batek, Arturo Barriosek bota du suziria, gaur egun elkarteko batzordean dabiltzan Jabi Grandes eta Ibane Imazekin batera. Txarangaren atzetik saltoka eta gauean elkartean afaria eginez biribilduko dute gaurko eguna Aitz-Orratz elkarteko kideek.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!