Kiloak jaisteko dantzan hasi dituzte inauteriak

Leyre Carrasco 2024ko otsailaren 8a

Kabi Alai elkarteko konpartsak egin du inauterietako pregoia eta Usabal kiroldegia hilabetez itxita egon izanaren ondorioak irudikatu dituzte; azterketa medikua egin diete udalbatzako kideei eta Kabi Alai elkarteko Ainhoa Onsalok hartu du inauterietako udalbatzako alkatetza kargua.

Urtero bezala, Kabi Alai elkarteko konpartsa arduratu da inauteriei hasiera eman dien antzezpena egiteaz. Suziria lehertzeko minutu gutxiren faltan, parodia egin dute elkarteko ordezkariek. Aurten, Usabal kiroldegia itxita egon izanaren ondorioak irudikatu dituzte Tolosako udaletxe atarian.

Usabal kiroldegia hainbat hilabetez itxita egon denez, herritar askok «kiloak» hartu dituztela esan dute, eta azterketa medikua egin diete udalbatzako kideei. Inauterietako udalbatzako alkate izan da azkenekoz Patxi Amiano, eta bere ordezko izango den Kabi Alai elkarteko Ainhoa Onsalok hartu du bere lekukoa tartean. Beraz, lehenengoz, emakumea izango da inauterietako udalbatzako alkatea.

Ondoren, txupinazoaren txanda izan da. Aiz Orratz elkartea izendatu du aurten Kabi Alai Kuttun, eta elkarteko ordezkariek bota dute txupinazoa. Suziria lehertuta, Hausterre Egunera bitarte etenik gabe luzatuko den festari hasiera eman diote.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!