Tolosako Inauterien pieza fundamentaletako bat izan da azken hamarkadetan Patxi Amiano, inauterietako udalbatzako alkatea. Aurtengo lanak egin ondoren, erretiroa hartuko du. Pozik dago, txupinazoak izan duen bilakaerarekin eta tolosarrek inauterietan izandako jarrerarekin.
Zergatik izango da gaurkoa azkena?
Niri ere heldu zait erretiroa hartzeko unea. Azken urteetan ere pentsatzen aritu izan naiz, lehen aldiz inauterietan udalbatza atera zenetik 40 urte betetzen zirenean utziko niola alkate izateari, eta hain justu, aurten betetzen dira. Aurrerantzean, baina, udalbatzako kide izaten jarraitu nahi dut. Akaso zinegotzi bezala, edo esaten didaten tokian. Balkoitik bizi nahi ditut inauteriak.
Zaila da politika guztiz uztea, ezta?
[Barreak]. Bai. Nire egun gogokoena da Ostegun Gizena, eta elkarteko kide modura horrela bizitzeko aukera badut, ezin pasatzen utzi. Asko gozatzen dut.
Hauteskundeak deituko dituzue alkate berria hautatzeko?
[Barreak] Auskalo! Ez dut uste. Inauterietarako lan-talde berezi bat izaten dugu elkartean, eta orain arte, behintzat, bertan hartu izan ditugu erabakiak. Pertsona bat proposatu beharko dugu, eta gero, gehienen oniritzia jaso ondoren, alkate izendatu dutela jakinaraziko zaio pertsona horri.
40 urte beteko ditu, beraz, inauterietako udalbatzak. Nolako eboluzioa izan du txupinazoan?
Aldaketa asko izan ditu, izugarriak gainera. Gogoan dut inauterietako udalbatzak parte hartu zuen lehen urteetan udala oso urduri egoten zela, ez zekitelako oso ondo zer egingo genuen. Orduan, garai hartan, plazara hurbiltzen ziren herritar gehienak helduak ziren, adinekoak, eta asko, ingurukoak.
Lehen, euskaraz eta gaztelaniaz egiten zen pregoia, eta gainera, zuzenean botatzen zen txupinazoa, parodiarik edo antzezpenik gabe. Pixkana, herritar gehiago, batez ere gazteak, plazara hurbiltzen hasi zirela ikusi genuenean, zerbait zirikatzailea egiten hasi ginen.
Urte batean, ez dut gogoan noiz, 2008an edo, Ostegun Gizena urtarrilaren 31n izan zen, eta Gabonak oraindik gainean genituelako edo, Errege Magoak eta Olentzero gurekin batera agertu ziren udaletxeko balkoian. Orduan hasi ginen parodiaren kontuarekin. Pregoia, gainera, geroz eta motzagoa egiten hasi ginen, eta bakarrik euskaraz.
Parodiak hartu du indarra, herritarrek hala eskatuta.
Bai. Argi genuen herritarrek nahiago zutela tontokeria bat ikusi, entzun baino. Eta gerora, gainera, Kuttunarena etorri zen, txupinazoa herritar batek botatzeko ohorearen kontua. Orduan, beste zentzu bat hartu zuen momentu horrek.
Beti izan da berezia txupinazoa. Zure ustez, erakargarriagoa da parodiarekin?
Bai. Hasi ginen urtetik, herritarrak zerbaiten esperoan egoten dira beti. Batzuetan, umoretik jotzen dugu, sanferminetako txupinazoa irudikatuz, ikurrina erraldoi bat alderik alde jarri genuenean bezala. Niretzako onena izan zen. Beste batzuetan, iaz bezala (eskualdeko osasun sistema izan zuten ezbaian), kritikari eta aldarrikapenei tartea eskaintzen diegu.
Noiz eta nola hasi zinen alkate inauterietako udalbatzan?
1984an hasi ginen kontu honekin. Lehen urteetan, beste kide batzuek irakurtzen zuten pregoia euskaraz. Beranduago, 1991n, eta zeregin horretarako norbait behar zela eta, ausartu egin nintzen. Beste kide batek irakurtzen zuen gaztelaniaz, baina urte batzuk beranduago alde batera utzi zuen, eta hori ere nik egiten nuen. Handik urte batzuetara, euskaraz bakarrik irakurtzen hasi nintzen.
Ausarta izan zinen, beraz. Ez zenuen presiorik sentitzen?
Beti. Nik papera eramaten dut, ez naizelako buruz ezer esatera ausartzen, eta normalean, dardarka izaten ditut eskuak, oso urduri egoten naizelako.
Zer sentitzen duzu balkoira atera eta plaza beteta ikustean?
Izugarria da. Azken urteetan, gainera, ikaragarri betetzen da. Oso polita izaten da jendetza hori zu entzuten ari dela sentitzea. 10 minutu besterik ez dira izaten, baina zoragarriak izaten dira.
Nabari da plaza hartu duten herritarren aldaketa?
Bai. Lehen urteetan, elkarteko kideak eta unean bertan kalean zeuden herritarrak joaten ziren plazara, baina ia denak helduak izaten ziren. Gero indarra hartzen joan zen nerabeen artean, batez ere, herriko ikastetxeetan jai egiten hasi zirelako. Horrek eragin izugarria izan zuen. Ni ere irakaslea izan naiz, eta askotan ikusi izan ditut nire ikasleak plazan bertan.
Hunkitzeraino heldu zara?
Txorakeria dirudi, baina ikasleek nire izena oihukatu izan duten momenturen batean bai.
Zein aholku eman nahiko zenioke alkate berriari?
Ezin diot aholkurik eman. Egin dezala ahal duen ondoen, eta batez ere, gozatu dezala, gozatzeko egun bat izaten baita.
Nolakoa da bada Ostegun Gizena?
Oso polita. Momentu ederrenetako bat zezen festaren ondorengo jaitsiera izaten da. Inauterien arima da niretzat. Ordura arte desfile formala zena, zerbait esateagatik, informala bihurtzen da. Nahi duenak bere senideekin edo lagunekin salto egiteko aukera izaten du.