Tolosako Udalak baliabide ugari bideratuko ditu inauterietan kale garbiketarako. Aurten ere zerbitzua indartuko dute, esaterako, edukiontzi handi gehiago jarriz edota komun gehiago jarriz eta goizaldeko garbiketa zerbitzua indartuz.
Iaz 40 pertsonatik gora aritu ziren kale garbiketan, eta beste horrenbeste ibiliko dira aurten ere. 06:00etan abiatuko dira garbiketa lanak egunero, goizerako kaleak garbi egon daitezen, asteartean izan ezik, 05:00etan ekingo baitiete lanei. Ostegun Gizen eta larunbat eguerdian Azoka eguna izanik- ere egingo dira garbiketa lanak Plaza Zaharrean eta Azoka egiten den hiru plazetan. Horretarako, egun horietan kamioi, kale-garbigailu, hidrogarbitzaile eta desinfektatzaile gehiago erabiliko dira.
Edukiontzi gehiago ere jarriko dira: aurreko urteetan egin bezala, obretan erabili ohi diren 11 edukiontzi handi eta 1.000 litroko edukiontzi gehiago jarriko dira puntu gehiagotan. Helburua bikoitza da: alde batetik, hondakinak botatzeko baliabide gehiago eskaintzea; eta, bestetik, garbitzaileei beren lana ahalik eta modurik eraginkorrenean egiteko erraztasunak ematea.
Guztira 34,7 tona hondakin bildu ziren kalean pasa den urtean. Mankomunitateko bilketa zerbitzuak, aldiz, beste ia 15 tona jaso zituen ohiko edukiontzietatik. Horrez gain, 513.000 litro ur erabili ziren kaleen garbiketarako.
Edukiontzi gehigarriez gain, komun eta pixatoki gehiago ere jarri dira aurten herrian zehar, hala nola, Euskal Herria plazan, Andia eta Antonio Lekuona kaleetan, Trianguloan, Zerkausi alboan edota Zezen plaza inguruan. Laskoain kaleak eta San Frantzisko pasealekuak bat egiten duten puntuan ere komunak dituen kamioi bat izango da.
Tolosako Udalak jai egunotan ere herria txukun mantentzeko deia luzatu die herritarrei zein bisitariei, «guztion arteko elkarbizitza egokia bermatzeko». «Kalean ospatzen diren festak dira, eta jende asko pilatzen denean normala denez, jai egun horietan nabarmen areagotzen da hondakin kopurua», esan dute udaletik. Hala ere, arduraz jokatzeko eskaria luzatu dute, jarriko diren edukiontzi eta komunak erabiltzeko deia luzatzearekin batera.