Zer dira zuretzat inauteriak?
Zaila zait erantzun desberdin bat ematea, inauterizale gehienok berdin pentsatzen dugula iruditzen zaidalako. Badira inauterietarako frikiak diren zenbait tolosar, eta ni horietako bat naiz. Zure benetako izaera azaleratzeko edo beste norbait izateko urteko momenturik onena izaten da. Gure kuadrillan, ideia baten atzean azaltzen gara, mozorrotuta, eta umorearen, ironiaren, aldarrikapenaren nahiz satiraren bitartez, parodia parte-hartzailea egiten saiatzen gara, ondo pasatzeaz gain, ondo pasarazten. Urtean zehar umorea ez da zilegi izaten une eta leku askotan, baina inauterietan bai; urteko momentu bakarra da.
Nola bizitzen dituzu?
Nire kasuan, inauteriak ez dira Ostegun Gizenean hasten, inauterietan pentsatzen hasten garenean baizik. Txaranga doinuak ia astebururo entzuten ditugu, eta horien bitartez barrenak mugitzen hasten zaizkigu; saihestezina izaten da inauterietan ez pentsatzea. Beraz, urte osoan ere inauteriak bizi ditzakegu. Inauterietan, berriz, urduritasuna, zirrara eta adrenalina puntu bat ere sentitzen dut. Oasi bat izaten da niretzat.
Zerk egiten ditu berezi Tolosako Inauteriak?
Tolosarekin zerikusia duen gai batetik abiatuta egiten dugu mozorroa eta parodia; herriari keinu bat egiten saiatzen gara, edo, behintzat, mozorroa herriarekin lotzen. Ez gu bakarrik, baita herritar gehiago ere. Eta esango nuke horrek bereizten dituela Tolosako inauteriak inguruko herrietako inauterietatik. Aldi berean, lehen esan dudan umorearen, ironiaren, aldarrikapenaren nahiz satiraren erabilera ere nabarmentzekoa izaten da.
Niretzako inauteria ez da denda batean ohiko mozorro bat erosi eta hori jantzita kalera ateratzea. Ganbarara joan, handik urtero hartutako lau trapu zahar jantzi, inprobisatu eta mozorroa osatu. Hori da inauteria. Urtero gure buruari jartzen diogun erronka izaten da ahalik eta diru gutxien erabilita eta betiko trapu zaharrekin zerbait berria egitea.
Nola azalduko zenioke zer diren inauteriak kanpotik datorren bati?
Oso zaila da hitzez azaltzea. Zer diren ezagutzeko hona etortzea besterik ez dago.
Zein dira inauteriez dituzun lehen oroitzapenak?
Gogoan dut Ostegun Gizenean eskolan mozorrotzen ginela eta emanaldi bat egiten genuela bertan. Beranduago, familiako senideekin mozorrotzen hasi nintzen. Gure aita ez da oso inauterizalea, baina ama bai. Uste dut berak transmititu didala zaletasun hori.
Noizbait huts egin al duzu?
Inoiz ez. Aukera edukita ere ez nuke hutsik egingo. Zerbait larria gertatu beharko litzake horretarako. Urte tristea izaten baduzu ere, hor daude inauteriak. Edozein egoerari buelta emateko gai dira. Badira inauteriekin enpatia sentitzen ez dutenak, eta ulertzen dut, gainera, nahiago dut horiek inauterietan herrian bertan ez egotea.
Norekin eta nola ospatu ohi dituzu inauteriak?
Kuadrillako lagunekin ospatzen ditut. Konpartsa bat egiten dugu; urteren batean plataforma txiki mugikor bat erabili izan dugu, baina azken bost edo sei urteetan Artxiboaren parean kokatzen saiatzen gara. Dinamika bera jarraitzen dugu beti. Atrezzo bat prestatzen dugu lekua girotzeko, eta aurrez, bakoitzak etxean bere mozorroa prestatzen du. Zaldunita egunean, batzuk Dianara joaten diren bitartean, beste batzuk tokia hartzera joaten dira Artxibora.
Inauteriek ba al dute alde txarrik?
Suposatzen duten gastua. Ia egunero egiten dugu parranda, eta ez gauez bakarrik. Egun osoan egoten zara etxetik kanpo, eta otorduak direla eta musika-ekipoak direla, azkenean gastu handia da. Ajea ere inauterien alde txar modura kokatuko nuke. [Barreak]
Baina gastu hori inbertsio ere izan daiteke, ezta?
Bai, bai, zalantzarik gabe.
MOTZEAN
Egun bat. Zaldunita.
Mozorro bat. Tenfe; Renferen parodia, trenak berandu iristen direla eta.
Une bat. Azken urteetan ezin izan dut egon, baina txupinazoa une hunkigarria izaten da. Diana ere bai.
Txaranga doinu bat. Sasikoipatsu.
Eguna ala gaua? Eguna.
Inauterietatik ez zenuke aldatuko… lagunekin egindako planak.
Eta aldatuko zenuke... festa askeak izanda, ezartzen diren mugak.