Inauterien harira, garraio publikoa indartuko da eta ordutegi eta trafiko aldaketak egongo dira datozen egunetan.
Tren bereziak gauez
Renfek, tren bidaiariak Tolosako Inauterietara «mugitzeko» diseinatu duen indartze-plan bereziaren barruan, 34.300 plaza gehiago eskainiko ditu otsailaren 11n, 12an eta 13an, ohiko zerbitzuari gehituko zaizkion 49 tren bereziei esker. Gainera, otsailaren 11n eta 12an gaueko trenak ibiliko dira.
Renfek aldiriko zerbitzua eskainiko du otsailaren 11ko (Zaldunita) goizeko lehen ordutik otsailaren 13ra (Asteartita), inauteri zaleen eskaera handiari erantzuteko. Gainera, joan-etorri handieneko orduetan, tren batzuk bi norabideetan ibiliko dira.
Guztira, 23 trenek Irun eta Brinkola arteko eguneko zerbitzua indartuko dute Zaldunitan, hilak 11, eta Irun eta Tolosa artean hilaren 12an. Aldiriko trenen ordutegia ohiko ordutegitik luzatuko da, eta Irun eta Brinkola arteko gaueko zortzi tren eskainiko dira otsailaren 11n eta 12an. Trenak egongo dira igandetik astelehenerako gauean eta astelehenetik astearterako gauean, errefortzuak goizeko lehen orduan amaituko diren egunean.
Gaueko tren berezi guztiak Tolosako geltokitik aterako dira eta ez dira Tolosako erdiguneko geralekuan geldituko, 5:00ak arte itxita egongo baita. Egunean zehar, bi estazioek normaltasunez funtzionatuko dute.
Tolosako erdigunea trafikoarentzat itxita
Inauteriek herri osoa hartzen duten arren, festa giro handiena erdigunean izaten da. Horregatik, jaiek irauten duten bitartean, erdigunea, besteak beste, Rondilla kalea, San Fratzisko, Zumalakarregi kalea, Nafarroa edota Foruen etorbidea trafikoarentzat itxita egongo dira. Ostegunetik larunbatera, itxierak puntualak izango dira, udaltzaingoek behar bezala seinaleztatutakoak, baina igandetik asteartera bitartean, hau da, otsailaren 11tik 13ra bitartean (biak barne) itxiera erabatekoa izango da.
Kasu honetan, garajea duten pertsonek soilik sartu ahal izango dute ibilgailuz itxita dauden guneetara, horretarako udaltzaingoak adierazitako eta zehaztutako orduetan. Hemen kontsulta daiteke garajeetako sartu-irtenen inguruko informazioa.
Autobusak
Autobusen kasuan, aldaketak izango dira ordutegi eta ibilbidean, osteguneko 12:00etatik asteazkeneko 10:00ak bitarte.
- Lurraldebus
Lurraldebus zerbitzuari dagokionez, erdigunean egingo diren trafiko itxierak direla eta, herri kanpotik egingo ditu ibilbideak, eta horrenbestez, Donostiarantz doazen autobusek, esaterako, Kondeaneko aldapan, Santa Klara eremuan (Napar Zubiaren parean) eta Larramendi kalean egingo dituzte geldiuneak. Beste norantzakoek ere, gauza bera egingo dute.
Horrez gain, otsailaren 8an, 10ean, 11n eta 12an gaueko autobus zerbitzua ere eskainiko du Lurraldebusek, Abaltzisketa, Berastegi eta Asteasuko norantzetan, hain zuzen.
- Tolosaldea bus
Tolosaldea bus zerbitzuaren kasuan (Amezketa, Berastegi, Leaburu, Anoeta, Villabona, Asteasu…), Rondilla kaleko 34 zenbakiko geltokia Santa Klarara lekualdatuko da eta bertan egingo du geldiune bakarra.
- Ibilbide luzeko autobusak
Ibilbide luzeko autobusentzat ere Rondilla kaleko 34 zenbakiko geltokia Santa Klarara lekualdatuko da.
- Hiribusa
Hiribusean ere aldaketak egongo dira. Ostegun Gizeneko 12:30etik Ostiral Meheko 09:30eak bitarte, Rondilla kaleko 34 zenbakiko geltokia Santa Klara eremura lekualdatuko da eta ez ditu geldiuneak egingo ez Rondilla kalean, ezta San Frantzisko ibiltokian ere.
Ostiral Meheko 10:00etatik Zaldunita bezperako 12:00ak bitarte, ohiko ibilbidea egingo du eta ordu horretatik aurrera eguneko zerbitzua amaitu bitartean, ibilbidea herria inguratuz egingo du: Santa Klara - Kondeaneko aldapa - Iurreamendiko biribilgunea - Usabal kiroldegia - Amarotz auzoa…
Zaldunitan, goizez (10:30-14:30) eta arratsaldez (16:00-22:00) eskainiko da zerbitzua, baita Astelenitan eta Asteartitan ere, baina goizean 7:20ean hasita. Hiru egunetan, herrigunea inguratuz egingo du ibilbidea: Santa Klara - Zubi Berria - Usabal Kiroldegia - Amarotz auzoa - Kondeaneko aldapa…
Otsailaren 14an, Hausterre egunean, 10:00etatik aurrera, ohiko ordutegi eta ibilbidea berreskuratuko ditu.
Edozein kasutan, udaltzaingoak ohar informatiboak jarriko ditu markesina guztietan.
Autobus, hiribus zein tren ordutegien eta ibilbideen aldaketaren inguruko informazio guztia eskuragarri dago udal webgunean, esteka honetan.