Etapa ikusgarria egin zuen atzokoan Gorka Sorarrain tolosarrak Valentziako Itzulian. Caja Rural-Seguros RGA taldeko txirrindularia ausarta izan zen Valentziako Itzuliaren lehen etapan, eta podiumera igotzea lortu zuen, mendiko maillota jantziz.
Zazpi txirrindulari egon ziren eguneko ihesaldian, eta tartean izan zen Sorarrain; horietatik atera zen irabazlea. Bederatzi minutuko abantaila ere izan zuen ihesaldiak, eta tropelak erreakzionatu bazuen ere, Desierto de las Palmas mendatearen igoera erabakigarrira hiru minutuko abantailarekin iritsi ziren. Tonelli eta Tarozzi txirrindulariek (VF Group – Bardiani) erasoa jo zuten. Sorarrainek ez zuen etsi eta bi iheslarien atzetik atera zen; beraiengana iritsi zen, baina mendatearen erdialdera arte eutsi ahal izan zion erritmoari. Ondoren, faboritoen taldetxo batek harrapatu zuen eta beraiekin iritsi zen tolosarra Castelloko helmugara.
Sorarrainek azaldu duenez, «asmoa ihesaldian sartzea zen, baina ez genuen espero tropelak hainbesteko abantaila uztea. Egindakoaren gustura nago, baina pena ere badut ezin izan dudalako egoera guztiz aprobetxatu, horrelakoak urtean behin bakarrik suertatzen direlako» Egunean zehar sentsazio onekin joan zela gaineratu du tolosarrak: «Biek erasoa jo dutenean nik bakarrik itxi behar izan dut tartea. Ondo eutsi diot lehen zatiari, baina gero luzea egin zait». Halere, balantzea positiboa dela esan du: «Etaparen aurretik emaitza esan baligute, gustura egongo ginateke, baina aukera ez aprobetxatzearen pena hori geratzen zait. Nire lehen urte osoa da taldearekin eta nire ideia da garatzen eta hobetzen joatea eta nola lastertzen den ikastea. Filosofia horrekin jarraituko dugu eta ea noraino eramaten gaituen. Mendiko maillotaren inguruan, egunez egun joan beharko dugu».