Aurten XIV Orduak martxa egingo da

Imanol Garcia Landa 2024ko urt. 31a, 19:59

Orain zortzi urteko XIV Orduetan, zenbait mendizale San Migeleko eremutik Igaratzarako bidean.

Lau urtez behin antolatzen du ibilaldia Aralarko Adiskideak elkarteak, baina azkena duela 8 urte izan zen. Maiatzaren 19an izango da martxa, eta bi hilabete lehenago zabalduko dute izen ematea.

Orain zortzi urte egin zen azkenekoz XIV Orduak mendi martxa, eta aurten berriro egingo da, maiatzaren 19an. Tolosan egoitza duen Aralarko Adiskideak mendi elkartea da antolatzailea, eta argi zuten aurtengoan berriro egingo zela. «Lau urtez behin egiten da, eta orain lau urte ezin izan genuen egin COVIDa zela eta, nahiz eta dena prest egon. Hurrengo urtean, 2021ean, egitea pentsatu zuten, baina azkenean atzera egin eta lau urterokotasun hori mantendu nahi zelako, 2024an egitea erabaki zuten», azaldu du Eneko Martin Aralarko Adiskideak elkarteko idazkariak.

Jendea galdezka ari da martxari buruz. «Jendea gogoz dago, interes handia sortzen ari da», esan du Martinek. Gehienbat posta elektronikoaren bitartez ari da beraiekin harremanetan jartzen, eta telefonoz ere deika ari zaizkie. «Jendeak kariño handia dio martxari, eta orain lau urte ez egiteak, gogo gehiago eragiten du. Mendizale heldu batzuk esaten digute egingo duten azken aldia izango dela eta gogoz daude».

Elkarteko kideak antolakuntzarekin bete-betean ari dira. «Gogoz ari gara. Pena handia izan zen orain lau urte gertatutakoa, dena prestatuta zegoelako», azaldu du Martinek. «Filosofia mendizaletasuna sustatzea zen eta aurtengoan ere horrela izango da. Ez da lasterketa bat, eta ez da janaririk emango, ura bakarrik emango da. Filosofia mendian ibiltzea da, eta hori bultzatuko da».

Antolakuntzari dagokionez, logistika aldetik gauzak asko aldatu direla azaldu du elkarteko idazkariak: «Orain urte batzuk berritu da elkarteko zuzendaritza batzordea, eta lehenengo aldia da tokatzen zaiguna XIV Orduak prestatzea. Orain zortzi urte egin zenez, gauzak aldatu dira, besteak beste, udaletara baimenak eskatzeko modua. Ez gara zerotik hasiko, baina informazio guztia berriro aurkitu eta martxan jarri behar da. Egia da denbora suposatzen duela, eta ematen duena baino antolakuntza zailagoa duela. Martxa Nafarroatik eta Gipuzkoatik pasatzen da, eta Aralartik, eta baimen guzti horiek antolatzeak badu bere lana».

Hainbat atal sortu dituzte antolatzaileek: komunikazioa, diru laguntzak, baimenak, arropak... «Gauza ezberdin asko ukitu behar dira eta jende berria gaude, eta lehen lanean aritu zirenei aholkuak eskatzen gabiltza», esan du elkarteko idazkariak. Taldeak irailean sortu zituzten, eta gero urri bukaera aldera hasi ziren beste martxa bat sartzen. «Oraindik gogorrena geratzen zaigu, eta garbi dago denboraz hartu behar den lan bat dela».

Martxoaren 19an zabalduko dute izena emateko epea. Internetez Zirkuitua plataformaren bitartez egin ahalko da. «Norbaitek ezin badu modu horretara egin, gurekin kontaktuan jarri eta guk lagunduko diogu. Datuak hartuko dizkiogu eta nolabait moldatuko gara», zehaztu du Martinek. Kostua izango du izen emateak, baina ahal den txikiena izatea nahi dute: «Filosofia mendian ibiltzea denez, eta hori landu nahi dugunez, gastuak betetzeko bakarrik izango da. Diru laguntzak lortu nahi ditugu, izen ematea merkeagoa izateko».

PRESTAKETA, BEHARREZKOA

Tolosan hasi eta bukatzen da XIV Orduak mendi ibilaldia. 68,5 kilometro ditu eta desnibel positiboa 1.946 metrokoa da. Punturik altuena San Migel da, 1.237 metrorekin. Hamalau orduren bueltan egin daitekeen ibilaldia dela kalkulatzen dute antolatzaileek, eta hortik datorkio izena. «Martxaren arabera, jendearen arabera, eguraldiaren arabera... aldeak izan daitezke, baina gutxi gora behera hamalau orduren bueltan izaten da. Batzuk hamahiru, beste batzuk hamabost ordutan egingo dute, baina kalkulua hamalau orduren bueltan eginda dago», azaldu du Martinek. Ibilaldia burutzeko gutxieneko denbora hamabi ordukoa da eta gehienezkoa hamasei ordukoa. «Batetik, ez dugu inor behar baino azkarrago joaterik nahi, eta, bestetik, martxa lasai batean joanik hamasei ordutan iristen da».

Egin behar diren kilometro kopuruak kontuan hartuta, aurretik parte hartzaileak prestatuta egon behar izaten dute. «Normalean parte hartzailea ibiltaria da. Ez da izan behar kirolzale amorratua, baina ohituta egon behar du mendian ordu askotan ibiltzen», zehaztu du Martinek. «Oinetako minak izaten dira edo babak sortzen dira, eta ibiltzera ohituta ez bazaude, ziur aski ez duzu bukatuko». Mendizale heldu asko ateratzen dela ekarri du gogora Martinek. «Ohituta daude egun osoan mendian ibiltzera, eta harrigarria izaten da zein egoera onean iristen diren bukaerara. Kilometroak egiteko ohitura dute, eta bere martxan jartzen dira eta gelditu gabe bidea egiten dute».

XIV Orduak antolatzeaz gain, Aralarko Adiskideak elkarteak mendiko federatu txartela bideratzen du. Gaur egun, 128 bazkide dira elkartean. Beste ekitaldi bat ere antolatzen du elkarteak, Aingeru Eguna, abuztuaren bigarren igandean. Aralarko San Migel Goiaingerua Gipuzkoara pasatzen den egun bakarra izaten da, eta Igaratzako baselizan meza egiten da. Bestalde, elkarteak aterpetxea du Igaratzan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!