2024ko Tolosako Inauterietan Aiz-Orratz elkartea izendatu dute Kabi Alai Kuttun, eta beraz, inauteriei hasiera emango dien txupinazoa botatzeko ardura izango dute bertako kideek. Kabi Alai elkarteak egiten du aitortza urtero, eta aurten, Haur Jaialdia eta Haur Danborrada antolatuz, haurrak inauterien parte izan daitezen Aiz-Orratzek egiten duten lana eskertu eta txalotu nahi izan du. Elkarteko bazkideek aitortu dute beraientzat «ohore handia» dela inauteriei hasiera emango dien txupinazoa botatzea, eta nabarmendu dute elkarteko kide guztientzako saria dela, batez ere, urte hauetan guztietan bi ekitaldiak aurrera eramateko boluntario aritu diren bazkideentzat.
Nola izan zenuten izendapenaren berri?
Iban Ormazabal: Abenduaren 12an jaso genuen albistea. Zenbait bazkide elkartean bertan ari ginen afaltzen, eta halako batean, Kabi Alai elkarteko lehendakariaren telefono deia jaso nuen. «Non zaude?», galdetu zidan. «Elkartean nago», erantzun nion nik. «Berehala noa!», esan zidan eskegi aurretik. Lehengusu bat dut Kabi Alai elkarteko bazkidea dena, eta hasieran zerbait gertatu zitzaiola pentsatu nuen. Lehendakaria elkartera etorri zenean, ordea, hala esan zuen: «Kabi Alai Kuttuna izango zaretela esatera etorri naiz». Ezin genuen sinetsi. Zirraraz betetako unea izan zen, albiste oso pozgarria, gogotsu hartu genuena. Oroitzapen asko etorri zitzaizkidan burura.
Iker Galarza: Ederki ospatu genuen, bai, albisteak merezi zuelako. Orain, hotzean, honen guztiaren atzean dauden edo egon diren guztiez gogoratzen gara.
Inoiz irudikatu izan al duzue txupinazoa botatzeko momentua zeuen buruan?
Ibane Imaz: Bai zera!
Galarza: Ibanek [Ormazabal] sentsazio desberdinak izango ditu, berak bertatik bertara bizitzen duelako.
Ormazabal: Urte asko dira Kabi Alai elkartearen udalbatzaren parodian zinegotzi modura parte hartzen hasi nintzela. Kuttuna izendatzen hasi ziren lehen urtetik bizi izan dut festa barrutik. Aurten etxekoak, elkarteko lagunak, bertan ikustea hunkigarria izango da. Azken asteetan esan diet momentua bizi dezatela, merezi duelako, eta akaso ez dutelako berriz bizitzeko aukerarik izango.
Galarza: Gure kasuan, beti plazatik ikusi izan dugu txupinazoaren unea, inauterien hasiera umeekin batera ospatzeko. Aurten, ordea, balkoian bertan egotea...
Imaz: Erabat urduri jarriko gaituen momentua izango da, eta saihestezina izango da hori. Beti behetik bizi izan dut, eta badakit ez dela gauza bera. Oso gogotsu nago txupinazoa balkoitik bizitzeko.
Eta zer da ostegunean balkoitik esango duzuena? Zerbait prestatu al duzue?
Galarza: Elkarteko zuzendaritzako kideon artean hizketan aritu gara. Guretzako ohore handia da, baina ez da gurea bakarrik den sari bat; elkarte guztiarentzako da, baita aurreko zuzendaritza guztiena ere. Hortaz, argi utzi nahi dugu txupinazoa bera aurreko belaunaldiekin ere ospatu nahi dugula.
Imaz: Udaletxeko goiko balkoietan, zenbait bazkideren haurrak egongo dira eta Haur Danborradaren zenbait ediziotan erabilitako jantziak eramango dituzte soinean. Erakustaldi bat egin nahi dugu; herritar batzuek ondo gogoratuko dituzte, baina beste batzuek lehen aldiz ezagutuko dituzte.
Nabarmendu behar da zenbait bazkide erotuta ibili direla jantzien bila, etxean eta ganbaran. Azkenean, aurkitu dituzte. Haur batzuen kasuan, gurasoek edo osaba-izebek behin soinean eramandako mozorroak jantziko dituzte. Oso polita izango da.
Hain justu, haurrek inauterietan parte hartzeko egiten duzuen lanagatik izendatu zaituztete Kabi Alai Kuttuna. Zer esan nahi du horrek zuentzat?
Galarza: Elkartea beti nabarmendu da inauterietan haurrak zaintzeaz, ahalegin guztia egiten dugu egitarau propioa izan dezaten. Haur Jaialdia, bertako mozorro eta marrazki lehiaketak, Haur Danborrada, azken urteetan atera dugun Txu-Txu trena... Lan horrek emaitza bikainak eman izan dizkigu, baina sari modura Kabi Alai Kuttuna izendatzea eskertzekoa da. Guretzako oso bereziak dira inauteriak, eta Tolosako haurrak inauterien oinarria dira; hori barneratu nahi diegu beraiei. Inauteriak barrutik bizi eta sentitu behar dituzte, oso txikitatik.
Kaldereroak dira, berez, inauterien iragarle. Zuek, ordea, kaldereroei ere aurre hartzen diezue. Zer da zuentzat Haur Jaialdia?
Ormazabal: Elkarteak herritarrentzat antolatzen duen festa bat da. Nolako lanak ematen dituen jakinda, eguna iristen denean sekulako lasaitua hartzen dugu. «Dena eginda dago eta izan dadila ahalik eta festa onena», pentsatzen dugu. Poz handia ematen duen eguna da: lehen txaranga doinuak, lehen kalejira...
Jaialdiak berak, aldaketa asko izan ditu historian zehar. Gaur egun eguerdian egiten dugu, eta jendetza egoten da elkartearen kanpoaldean, erraldoien eta txarangaren zain. Gehienak haurrak izaten dira, eta askotan honakoa pentsatzen dugu: «Hau da inauterien harrobia!».
Galarza: Leidor ahalik eta gehien betetzea izaten da helburua. Iaz, 450 haur izan genituen bertan; ez da gutxi. Ea aurten, zorte pixka batekin eta erraldoien laguntzarekin, gehiago izaten ditugun.
Asko betetzen zaituzte haurren aurpegi irribarretsuak ikusteak?
Ormazabal: Bai. Familia oso inauterizalea badute, berehala antzematen zaie aurpegian ilusioa. Egia da orain ia astebururo entzuten ditugula Tolosan txaranga doinuak, baina ez da gauza bera. Inauteriak gainean ditugunean, hobeto barneratzen ditugu. Pailazoek ere asko laguntzen dute umeen ilusio aurpegiak lortzen. Horrek guztiak poz handia ematen du, eta indarberrituta amaitzen dugu hurrengo urtean berriro antolatzeko. Bide onean goaz eta herritarrek oso ondo erantzuten dute.
1967an hasi zen elkartea ekitaldia antolatzen, eta oraindik jarraitzen duzue. Zerbait esan nahi du horrek.
Galarza: Noski! Ilusioz eginda, errazagoa da aurrera ateratzea. Gaur egun, Javi Grandes da arduradun nagusia. Berak egiten du kontaktua pailazoekin, esketxak prestatzeko eta abar. Oso lagungarria da bere figura. Bestela, jaialdirako materialaren kasuan, xehetasun txikiena ere garrantzitsua da guretzat, hala nola, globoak edo helioa, eta azkenean, lan handia izaten da.
Jaialdiaren barruan, niri dagokit mozorro lehiaketaren ardura, eta pena txiki bat dut. Atzera egin dugula iruditzen zait. Lehen, haurrek bertan ematen zuten izena, eta orain, internet bidez egiten dugu, eta pixka bat hotzagoa dela esango nuke.
Noizbait aurkeztuko zen mozorro bereziren bat, ezta?
Galarza: Niretzako denak dira mozorro bereziak. Tolosako mozorro guztiak izugarriak dira; ez dute dirua gastatzea eskatzen. Etxean dauzkazun lau gauzarekin, izenburu desberdin bat emanda, nahikoa da. Horrek adierazten du nolakoak garen. Ez dugu erositako mozorrorik behar.
Bestetik, Haur Danborrada dago. Kasu honetan, ezinbestekoa izan zen Luis Colladok egindako lana.
Ormazabal: Elkarteko bazkidea zen, eta berari esker egin zen lehen Haur Danborrada 1962an. 50 haur baino gehiagok parte hartu zuten, sukaldariz, kosakoz eta erizainez mozorrotuta, besteak beste. Danbor gehienak Helduen Danborradakoak ziren, elkarteak oraindik ez zituelako bere danborrak. Luis Colladok lortu zituen, Helduen Danborradako zuzendaritzako kidea baitzen. Garai haietako argazkietan argi ikusten da danborrak ia haurrak baino handiagoak zirela. Orduan Astelenitan egiten hasi ziren, egun horretan haurrentzako ez zelako ezer egoten. Beranduago aldatu zen Zaldunita bezperara.
Aldaketa gehiago ere izan ditu historian zehar. 1969tik 2002ra arte elkarteak berak egindako karroza atera genuen danborradan. Urte bakoitzean, ezagunenak ziren marrazki bizidunetako irudiekin apaintzen zuten. Luis Longaron eta Iñaki Epelde artisten laguntza izaten zuten horretarako. Herritarrak zain egoten ziren karrozaren itxura ikusteko. 2012an, 50. urteurrena ospatu genuenean, garai bateko karrozaren esentzia mantendu nahian, Txu-Txu trena atera genuen, eta orain urtero ateratzen dugu.
Aurten ere aldaketa txiki bat izango du. Euskal Herria plazan da geldialdia. Pozik zaudete moldaketarekin?
Ormazabal: Trianguloa plaza baino politagoa iruditzen zait, eta herritarrek ere kanpotik ikusteko erosoagoa delakoan nago. Plazan, gainera, balkoi asko daude.
Galarza: Besteetan baino politagoa izango da. Hala ere, ez da erraza izaten ari, baimenak direla eta. Topic museoko balkoietara igotzea da asmoa, baina berez itxita egongo da. Gainera, ez dakigu trenak barrura sartzerik izango ote duen.
Imaz: Moldatuko gara.
Zenbat haur izango dira aurtengo edizioan?
Ormazabal: Aurten 450 haur inguru irtengo dira kalera. Kasu honetan, Anoetako eta Ibarrako udalen laguntza eskertzekoa izan da, danborrak utzi dizkigutelako.
Galarza: Tolosako elkarte guztiak batzen dituen ekitaldia izan ohi da, eta elkarte batzuek kantinera bana izaten dute; bertako bazkide baten alaba izan ohi da. Aurten, saiakera bat egin dugu. Kantinerez gain, elkarteetako bazkideen semeek ere aukera zuten kasakak jantzita mikeletez mozorrotzeko. Azkenean ez da inor animatu, baina hurrengo urtean berriro saiatuko gara. Haur guztiek gozatzeko aukera izan dezatela nahi dugu.
Oso garrantzitsua da zuen lana haurrek inauterietan parte hartu dezaten, bi ekitaldi hauetan izaten dutelako lehen kontaktua inauteriekin.
Imaz: Ni, adibidez, jaialdira joan izan nintzen eta beti parte hartu dut danborradan. Aurten, zuzendaritzan nagoenez, antolatzea egokitu zait. Oso desberdina da kanpotik ikustea. Danborradako entseguetan egoteko aukera izan dut, ikastetxeetan, eta beraien aurpegiak ikustean nabarmen antzematen da barruan duten ilusioa, danborra gerrian lotuta, lehen txaranga doinuak entzuten hasten direnean. Zoragarria da.
Nolakoa izaten da bi ekitaldien prestaketa lana?
Ormazabal: Ekitaldi bakoitzerako zuzendaritza bana osatzen dugu. Haur Jaialdiaren kasuan, urrian hasten gara bilerekin, eta orduan banatzen ditugu lanak. Kontua da beti Gabonen menpe egoten garela, eta horiek markatzen dutela gure lan egiteko abiadura. Aurten, noski, pixka bat erotuta ibili gara.
Urtero ia berdinak izaten dira egin beharreko lanak, eta kasi automatikoki egiten ditugu; aurreko urtean egindakoa hartu eta berdin egin. Hala ere, lan handia izaten da; ez da zaila, baina urtero egin behar da. Nire kasuan, 20 urte baino gehiago daramatzat marrazki lehiaketako antolakuntzan. Tolosaldeko ia 3.000 haur eta gaztetxok parte hartzen dute. Ikastetxeetara deitu beharra izaten da, beraiekin koordinatu, epaimahaia osatu, marrazkiak jaso, hautaketa egin...
Imaz: Aurreko urteetan antolatzen aritutakoak koaderno zaharrak hartuta etortzen dira bileretara. Horrela, kide berriontzat lan egitea errazagoa da, ia dena antolatuta egoten delako. Lehenik, ikusi eta ikasi egiten dugu, nola funtzionatzen duten, lanak nola banatzen dituzten, eta ondoren, antolaketan parte hartzen dugu.
Galarza: Urte asko dira antolatzen hasi ginela, eta azken urteotan kide berriak sartu dira zuzendaritzan. Hori eskertzekoa da, lehendik geundenoi lan karga arintzen digutelako. Ordutegi aldetik ere, behar desberdinak izaten dira, eta horretan adibidez, erretiroa hartuta duten beteranoek asko laguntzen dute.
Kuttunaren aurkezpen ekitaldian adierazi zenuten, aitortza hau elkarte osoari egina dela. Zein mezu igorri nahi diezue urte hauetan guztietan lan egin duten eta oraindik egiten duten bazkideei?
Galarza: Oraindik gure artean jarraitzen dutenei, eskerrik asko, eta jada gurekin ez daudenei, beraietaz oroitzen garela. Oraindik badaude, erretiroa hartuta ere, laguntza handia ematen dutenak. Saria guztientzako da.
Iban Ormazabal: «Urtero inauterietan egiten duguna bazkide guztioi esker egiten dugu»
Ormazabal: Urtero inauterietan egiten duguna bazkide guztioi esker egiten dugu. Gogoan dut bazkide izan nintzen lehen urtean zuzendaritzan egotea egokitu zitzaidala, eta inauteriak gainean genituenean, etengabe bilerak egiten aritu ginela. Isil-isilik joan nintzen lehen bilera haietara, eta gaur egun hemen jarraitzen dut. Aurtengo inauterietarako lehen bileran, urrian, berandu heldu nintzen, eta laguntzeko prest azaldu ziren bazkideez beteta aurkitu nuen mahaia. «Gure lanak eman ditu bere fruituak», pentsatu nuen.
Galarza: Horregatik guztiagatik, beraiekin ospatu nahi dugu aurtengo txupinazoa eta Ostegun Gizena. Sari honen parte izatea nahi dugu.
Zer dira zuentzat Tolosako Inauteriak?
Ibane: Ufa! Topiko bat izan daiteke, baina niretzako sentimendu bat da; bizitzen duzu edo ez. Prestaketen azken txanpan sartzen zarenean, urduri jartzen hasten zara, Ostegun Gizenerako dena prest eduki nahi duzu: afariak, danborradak, hiru mozorroak... Gainera, zorte handia izan dut urte hauetan guztietan asteazkenetik asteazkenera jai izan dudala lanean.
Ormazabal: Nik ere jai hartzen dut aste osorako. Txikitatik bizi izan ditut, eta esango nuke gurasoek oso ondo erakutsi izan didatela inauterien xarma. Aldi berean, eromena eta poza dira inauteriak. Saltsero hutsa naiz, eta gustuko dut inauteriak leku askotatik bizitzea, elkarte barruan nahiz bertatik kanpo. Hori bai, ez dakit nola lortzen dudan leku guztietara iristea.
Galarza: Nik ere nahiko nuke jai izatea, bai etxean, baita lanean ere, barrutik bizi ditudalako. Lehen gauez bizitzen nituen gehiago, eta orain egunean zehar, familiarekin eta lagunekin batera. Jabetu naiz egunez gozatzeko moduko festak direla, gauez baino gauza gehiago ikusten dituzulako. Aldaketa polita izan da niretzat.
Bada beste bitxikeria bat. Beste herri batzuetako lagunek zer mozorro jantziko dugun galdetzen digutenean, guk «noiz?» erantzuten diegu, inauterietako zein egunetan, alegia. Ez dute ulertzen egun bakoitzerako mozorro desberdin bat prestatzea.
Azken urteetan Tolosako Inauteriek lehen zuten xarma galdu dutela esaten dute inauterizale batzuk, baina aldi berean, beste batzuek diote Tolosako Inauteriak bizitzeko modu asko daudela. Zein da zuen iritzia?
Imaz: Garaiak aldatzen diren moduan, inauteriak ere aldatu egiten dira. Ez nuke esango lehen baino okerragoak direnik, baina bai desberdinak. Guztia aldatzen ari da, ez inauteriak soilik.
Ormazabal: Guk mota bateko inauteriak ezagutu genituen, eta batzuek horri eusten diogu. Konpartsez, musikaz eta dantzaz ari naiz. Gaur egun, asko dira kanpotik etortzen direnak, eta horrek ere, nahi edo ez, aldatu egiten du zenbait tolosarren ikuspegia. Hala ere, askok badakigu dagoeneko betiko bilakatu diren herritarrak non egoten diren, eta beraz, haiek eta beraien mozorro zein parodiak ikustera joaten gara. «Hau da gure inauteria!», pentsatzen dut nik orduan.
Galarza: Nik esango nuke tolosarrek inauteriak gauez bizitzeari utzi diotela pixka bat, eta gustukoagoa dutela festak egunez bizitzea.
Hori, akaso, zure ikuspegia da...
Galarza: Noski! [Barreak]. Baina lehen tabernan lan egiten nuenean, gaueko parranda ikaragarria izaten zen, eta pixkanaka indarra galtzen joan zen. Orduan, inauteriak indarra galtzen ari zirela zirudien, baina ez zen horrela. Egunean zehar giro bikaina ikusten dut, eta urtetik urtera handitzen ari dela esango nuke. Familia asko ikusten ditut. Gauez gazte gehiago ateratzen direla? Ez dakit!