Irrintzi morea

Emakumeen burrunba inauterietan

Leyre Carrasco 2024ko otsailaren 6a

Inauteriak gainean ditugun honetan, Ostiral Mehe egunean burrunban aritzen diren emakumeak izango dira gaurko protagonistak; emakumeen danborrada taldearen sorreraz aritu zaigu Mila Garcia de Iturrospe kidea.

San Sebastian eguneko ospakizunaren parte bada ere, urte batzuk atzera egiten badugu inauterietan danborrada bat konpartsa gisa irten zen, eta ezin uka osperik izan zuenik. Hain zuzen, 1836an dago danborradaren sorburua. Dena den, bilakaera horrek emakumeen bazterketa ekarri zuen.

Danborrada inauterietako konpartsa zen garaian emakumeez osatutako konpartsak zeuden eta San Sebastian egunera pasatu zenean, emakumeei protagonismoa mugatu zieten: kantinera eta banderari rolak bakarrik eman zizkieten. Emakumezkoen parte hartzaile kopurua oso txikia zen, eta parte hartzen zutenek, danborradan ez zuten danborrik jotzen. Baina, gaur egun, zenbatekoa da emakumeen burrunba?

2023ko inauterietako genero analisia

Iaz, inauterien inguruan, genero analisia egin zuen Tolosako Udalak. Bertan, festetako musika jarduera guztiak hartu zituen kontuan, 30 denera, eta azterketa horren arabera, musikarien %91 (325) ziren gizonezkoak, eta %8,31 (27) emakumezkoak. Ekitaldi horietan, gizonez bakarrik osatutako taldeak 19 izan ziren, eta 11 mistoak. Ez zen egon emakumeek soilik osatutako talderik.

Talde mistoei dagokienez, 9 maskulinizatuak izan ziren, 1 feminizatuak eta bakarra izan zen orekatua. Gauean jo zuten txarangetan, 275 musikarietatik 256 gizonezkoak izan ziren. Emakumeen partaidetza, beraz, 19 emakumezkoa izan zen. Behatokitik egindako analisietan sarritan aipatu da gaueko kontzertuak zein txarangak bereziki maskulinizatutako musika-eremuak direla, eta horren isla dira datuak.

Urteak igaro dira eta egoera aldatzen ari da, geroz eta gehiago baitira danborra hartzera animatzen diren emakumeak. Esaterako, urteak dira Ostiral Mehe egunez, emakumeen danborrada izaten dela. Aurten ere danbor hotsez gozatzeko aukera izango dugu, eta gaurkoan taldearen sorreraz eta bilakaeraz hitz egitera datorkigu Mila Garcia de Iturrospe (Tolosa, 1962) kidea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!