Urteak daramatza Josean Arostegi Eguzkitzak (Tolosa, 1959) Polvo y Paja txarangako zuzendaria izaten, berak hartu zuen garai bateko txarangaren erreleboa, eta txaranga osatzen joan zen, besteak beste, Agustintxo Garmendia San Sebastian (Tolosa, 1971) eta Antxon Jaular Etxeberriarekin (Tolosa, 1969). Beñat Etxeberria Iturbe (Tolosa, 2005) eta Oier Gastesi Tolosa (Tolosa, 2005), Tolosan osatu berri den Lasko Txarangako kideak dira eta, argi daukate txaranga berriaren osagaia: laguntasuna.
Nondik sortzen da txaranga bat osatzeko ideia?
Josean Arostegi: Guk garai batean jada sortua zegoen txaranga baten erreleboa hartu dugu. Gurea alderantziz izan bazen ere, normalean elkartea sortzen da eta gero hortik txaranga.
Agustintxo Garmendia: Esaten da, batzuk, kazuela batzuekin soinua egiten hasi zirela, bat etxera joan zela bonbardino baten bila, beste bat beste instrumentu baten bila eta, zituzten berokiei buelta eman ziela gabardina antzeko batzuk imitatuz. Umore ona gisa izendatu ziren hasieran eta, aurrerago, musikalki haztearekin batera, 1928. urtean Tolosako txaranga zaharrena sortzen da: Polvo y Paja, gaur arte dirauena.
Beñat Etxeberria: Gure kasuan, esango nuke nahigabe sortu zela. Laskorain Ikastolan beti egon da txaranga, beste ikastetxeetan bezala. Kontua da, pandemia garaian gauza guztiak gelditu ziren bezala, txaranga ere gelditu zela. Eten txiki bat egon bazen ere, guk hartu genuen erreleboa. Pandemiako deskonfinamendu fase hartan harrapatu gintuen, egun batean esaten zuten inauteriak egingo zirela eta hurrengo egunean, ezetz. Azkenean inauteriak ospatu ziren eta, guk, Ostegun Gizen gauean ateratzea erabaki genuen. Herriko gazte gehienak gure atzetik saltoka ibili ziren, oso gau ona izan zen, oroitzapen oso onak ditugu. Hortik aurrera, jendea idazten hasi zitzaigun ea noiz aterako ginen berriro eta, gauzak horrela, Asteartita gauean ere atera ginen. Inauterietako arrakasta ikusita, erabaki genuen txaranga ofizialki sortzea. Txarangaren izena, hasiera batean Hik bakik zen, baina, jendearen ahotan Lasko Txaranga zegoen; horrela gelditu zen azkenean.
Oier Gastesi: Sare sozialak egin genituen aktiboago mantentzeko, eta ezerezetik Asteasura joateko aukera sortu zitzaigun. Tarifak, baldintzak… guri pixka bat handia gelditu zitzaigun hasieran. Orduan izan zen txaranga ofizial gisa ikusi ginen lehenengo momentua. Eta, hortik, gaur arte.
Zeintzuk dira zuen txarangen berezitasunak?
Arostegi: Ni bertan hasi nintzenean, bermatu behar zena oso garbi nuen: musika kalitatea eta lagun kuadrilla. Tolosako Bandan jotakoa naizenez, bertatik tiraka hasi nintzen: ezagunak gonbidatu nituen, estilo berdinekoak, brometan aritzeko modukoak. Garrantzia ematen diot ere Tolosa edo Tolosaldekoa izateari, musikalki ere nabaritzen da, ezagutzen dute inauterietako jokoa.
Antxon Jaular: Tolosarra izateak orokorrean, inauteriekin harremana izatea dakar. Tolosarrok txikitatik jaso dugu atmosfera hori. Polvo y Paja txaranga, Tolosako Bandako kide ezberdinez osatuta egoteak, musikalki maila altua mantentzea dakar, urte guztia Bandan entseatzen igaro eta gero, inauterietarako entseatuta gaude. Beraz, txikitatik dugun sentimendu horri, urte osoan zehar entseatutakoa gehituz, emaitza ona ateratzen da. Horretaz gain, talde gisa oso ondo antolatuta gaude, oreka ona dago instrumentuetan.
Garmendia: Ni txarangan txindatak jotzen hasi nintzen, ez nekien-eta instrumenturik jotzen. Hodeiertzen abesten dudanez, musikaz zerbait banekien baina instrumentuez ez. Joseanek txapekin jotzen utzi zidan, hasieran esaten zidan suabe jotzeko, aurrerago gehiago fidatzen zen [barreak]. Txarangaren bitartez beti izan nuen gogoa instrumentu bat jotzen ikasteko, gaur egun saxofoia ikasten ari naiz musika eskolan, eta helburu printzipal gisa daukat honekin txarangan jotzea. Duela bi urte hasi nintzen saxofoiarekin, pixkanaka. Espero dut aurten askoz ere gehiago disfrutatzea. Txarangan jotzen ari zara eta ikusten dituzu atzetik ehundik gora pertsona… txute bat da.
Gastesi: Bai eta, hori disfrutatzen dugu, ezta? Jendea gozaraztea da gure gozamena.
Garmendia: Bai, guk gozatzen dugu eta jendeak ere gozatzen du. Musikak hori ematen du.
Arostegi: 30 lagun inguruk osatzen dugu txaranga. Hogei bat Bandatik datozenak eta elkarteko beste hamar. Maila ezberdineko jendea daukagu taldean, zuzendari gisa, oreka bat bilatzen saiatzen naiz. Perkusioko hiruak, bi bonbardino, bi tronboi, lau tronpeta, tenorea, lau saxofoi, bi klarinete…
Garmendia: Nik bi alaba ditut eta biek jotzen dute txarangan, 15 eta 13 urte dituzte. Talde askotarikoa da gurea, 70 urteko jendea ere badaukagu txarangan. Txarangak baimentzen du adin guztietako jendeak elkarrekin musika egitea.
Gastesi: Laguntasun edo elkartasun hori ezinbestekoa da, gu bigarren kuadrilla izango bagina bezala gara. Elkartasun horrek eragin zuzena izan dezake musikaren kalitatearekin: laguntasun horretan daude emaitzak. Berezitasun bezala, denak gazte edo nerabeak garela eta inauterietatik kanpo euskal musika sustatzen saiatzen garela.
Oier Gastesi: «Elkartasun horrek eragin zuzena izan dezake musikaren kalitatearekin: laguntasun horretan daude emaitzak»
Etxeberria: Taldean momentu honetan hemeretzi gara, hemezortzi mutil eta neska bat. Urtean zehar jotzen ibiltzen direnen modeloa hartu dugu, hamahiru ibiltzen gara jotzen: hiru perkusio, bonbardino bat, bat edo bi tronboi, hiru tronpeta, hiru saxofoi, baju bat eta klarinete bat. Normalean txarangetan ez da klarineterik ikusten baina guk badaukagu bat: Leire Bengoetxea.
Tolosarra izateak badu bere garrantzia beraz.
Jaular: Musika eskolan garai batean ez zegoen hainbeste aukera musika ikasteko. Azken urteetan asko landu dute, eta ikusi da haizezko edo perkusiozko instrumentuak jotzeko aukera dagoen momentuan jendeak horiek hartzen dituela, aurrera begira txarangetara bideratzeko. Gaur egun, txarangetan jende gazte mordoa ikusten da jotzen, musika eskolatik ateratakoak gehienbat. Gazteek txaranga batera irteera izango duten instrumentuak hautatzen dituzte.
Etxeberria: Hainbeste txaranga daude Tolosan, ia ezinezkoa dela denak tolosarrek betetzea. Bai edo bai ekarri behar dituzu bost edo hamabost musikari kanpotik txaranga osatzeko baina egia da ere tendentzia gero eta handiagoa dela txarangak tolosarrez osatzekoarena. Ni adibidez Astelehenitan, Berazubiko txarangarekin ateratzen naiz eta lehenengo aldiz atera nintzenean, 2020. urtean, hogei bat kide ginen txarangan eta tolosarra ni bakarrik. Aurten ordea, lau urteren bueltan, bost kide tolosar izango gara.
Gastesi: Hori azkenean lotuta dago haurrek txarangan jotzeko gogo gehiago izatearekin. Futbolaria izanda, futboleko lehenengo taldean jokatu nahi duzun bezala, musikaria izanik txaranga bateko kide izan nahi duzu. Garrantzitsua da Tolosako haurrek txarangan jotzeko zaletasun hori izatea, azkenean Tolosako txarangak tolosarrez betetzeko.
Garmendia: Tolosan, edozein larunbatetan txaranga bat daukagu jotzen. Normal ikusten dugu hori eta normal ikusten dugu ere txaranga baten atzetik pertsona mordoa saltoka ibiltzea. Hori Tolosan bakarrik gertatzen da, Tolosan sartzen da txaranga bat Euskal Herri plazara eta gazteak tabernatik ateratzen dira txarangaren atzetik joateko. Hori izugarria da.
Agustintxo Garmendia: «Tolosan txaranga bat Euskal Herri plazara sartu eta gazteak tabernatik ateratzen dira atzetik joateko. Hori izugarria da.»
Entseguei begira, nola antolatzen zarete?
Arostegi: Guk egunean bertan entseatzen dugu, oso onak dira [barreak].
Garmendia: Hori nibela daukatenak [barreak]. Nik etxean egunero jotzen dut, inauterietara hobeto iristeko asmotan, gehiago disfrutatu ahal izateko.
Etxeberria: Gu urte osoan zehar ibiltzen gara jotzen, astero elkartzen gara. Elkartzeko eguna eta ordua jartzeko zailtasunak eduki ditugu, musikaz aparte taldekideek baditugulako bestelako zaletasunak. Kuriosoa izan arren, ostiralero entseatzen dugu, gauez, 22:00etatik 00:00etara. Denak konforme gaude ordu horretan, ikastolako gimnasioan sartzen gara, atea ondo itxi eta entseatu. Elkartzen garen momentu bakarra ere bada, talde izaera hori sortzeko baliagarria zaigu.
Deskribatu zuen inauterietako egun bat.
Arostegi: Gutxi gorabehera antolatuta edukitzen dugu nondik nora ibili. Eguna aurrera joan ahala alda daiteke planifikazioa; adibidez, euria egiten badu aterpe bila joaten gara eta aldaketa batzuk egiten ditugu ibilbidean. Txaranga ofiziala ez izatearen onurak dira horiek.
Jaular: Lehen beti harategiz harategi ibiltzen ginen. Soziedade gisa antolatzen dugu guk Astelehenita: txarangan jotzen ez duen jendeak ere parte hartzen du. Guztion hamaiketakoa eta bazkaria elkarteko sozioek prestatzen dituzte, izugarrizko lana da hori ere.
Garmendia: Sozio batzuk etortzen dira goizean goizen otorduak prestatzen hastera. Bederatzietarako etortzen gara beste guztiak, hamaiketakoa jatera. Ondoren jotzen hasten gara, eguerdi partean gelditu, bi-hiru trago hartu, eta bazkaltzera etortzen gara. Sozioek sukaldatu eta zerbitzatzen dute. Gero, ilundu arte jarraitzen dugu jotzen.
Etxeberria: Gu Lasko Txaranga gisa, gauez ateratzen gara. Afaltzeko geratzen gara lokalean eta ondoren jotzera ateratzen gara. Jo eta listo, gure eguna hor bukatzen da. Egia da txarangako beste kide guztiek jotzen dugula beste txarangaren batean, denak gaude sakabanatuta: Iurre, Berazubi, San Esteban, Sukalde, Ero Etxe… denetarik dago. Batzuk txaranga ofizialak dira eta beste batzuk ez, eta horren arabera aldatu egiten da bakoitzaren eguna.
Gastesi: Aurten bi urte egingo ditugu Lasko Txarangarekin eta aurten lehenengo aldiz dozena bat San Estebanera joango gara jotzera.
Etxeberria: Lasko Txarangaren bloke moduko bat jarriko da San Esteban txarangan. Hamabi gazte goaz Lasko Txarangatik, egun hori desberdina izango da. Asteartean izango da, azken eguna eta egunik intentsuena, sorpresatxoren bat izango dugu ere tarteko; asko ezin daiteke kontatu.
Nola bizi ohi dituzue inauteriak txaranga barrutik? Zein desberdintasun dago txarangan salto egitetik, txarangako kide izatera?
Arostegi: Guk ondo pasatzeaz gain eginkizun bat daukagu: musikaz Tolosako kaleak girotzea. Gozarazteko guk gozatu behar dugu. Tolosarrek ikusten badute txarangan giro ona dagoela, gogo gehiagorekin hartzen dute, salto egiten dute. Eta alderantziz, jendea atzetik pozik ikusteak, txaranga barrua animatu egiten du. Desberdina da kanpoan ala barruan egon baina batak beti du bestearen beharra.
Josean Arostegi: «Desberdina da kanpoan ala barruan egon baina batak beti du bestearen beharra»
Etxeberria: Nik desberdintasun bezala esateko dudana da, kanpoan saltoka nagoenetan inbidia pasatzen dudala barruan jotzen ez egoteagatik. [Barreak] Txaranga kide izatea dagoen onena da, gozatzen duzu jendea gozarazten.
Gastesi: Askotan galdetzen digute ea nahiago dugun txarangan jo atzetik saltoka egon baino edo karrozan atera eta txosnetan egon beharrean. Guk hori nahi dugu, ez dakit horrenbeste disfrutatuko nukeen karroza batean egongo banintz. Guk egiten duguna nahi dugulako da eta gustatzen zaigulako egiten dugu.
Zer etorkizun ikusten diozue zuen txarangari?
Arostegi: Katastrofe bat ez bada gertatzen, hor jarraituko dugula pentsatzen dut. Ni ez banago, besteren bat egongo da, seguru.
Garmendia: Gure txarangak laster ehun urte egingo ditu. Eta, aurretik aipatu dugun bezala, txarangetara sartzeko gogoz dauden gazteak badaude, eskola hori edukita, txarangak ez dira desagertuko inoiz. Tolosako txarangak dira zerbait oso tolosarra, sentimenduz jotzen da.
Etxeberria: Nik etorkizuna ondo ikusten dut, azkenean taldean hemeretzi gaude, zaharrenak 23 urte ditu, gazteenak 15, denak gogo handiarekin gaude eta taldean oso giro ona daukagu.
Gastesi: Azkenean aurretik esan dena, gazteek jarrera positiboa badute txarangekiko eta jotzeko gogoz badaude, txarangak ez dira desagertuko.