Gogor gaitzetsi dituzte Tolosan izandako sexu erasoak

Ataria 2024ko urt. 29a, 19:06

Tolosako Udalak eta Tolosako Asanblada Feministak deituta elkarretaratzea egin dute Tolosako osteopatia kontsulta batean ustez izan diren sexu erasoak salatzeko.

Jendetza elkartu da Plaza Zaharrean, Tolosan salatu diren bi sexu erasoak arbuiatzeko helburuarekin. Izan ere, albisteak haserrea piztu du herritarren artean eta horren erakusle deialdiak izandako erantzuna.

Tolosako Udalak eta Tolosako Mugimendu Feministak gertakariak salatzearekin batera, elkartasuna adierazi diete salaketa jarri duten bi emakumeei eta euren ingurukoei nahiz «salaketa jartzera ausartu ez direnei». Indarkeria matxistak «gure bizitzako esparru guztiak» zipriztintzen dituela esan dute, eta horiek guztiak amaitzea dela helburua: «indarkeria sexistarik gabeko herri bat eraiki nahi dugulako, eta horren alde ari garelako».  

Oraindik, ordea, emakumeek «egiturazko desberdintasun-egoera» sufritzen dutela esan dute, eta indarkeria beti dela egiten duenaren edo dutenen erantzukizuna nabarmendu dute: «emakumeok ez dugu inoiz erantzukizunik bizitutako indarkerian, edozein izanik ere ordua, tokia, janzkera eta erasotzailearekiko harremana».

Tolosako Udalak eta Tolosako Asanblada Feministak hori guztia aldatzeko urratsak ematen ari direla ere gogoratu dute, mugimendu feministaren kontzientziazio eta babes lana, udaleko berdintasunaren aldeko politikak zein Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxeko jarduerak azpimarratuz. 

Bestetik, Tolosaldeko Itaiak deituta elkarretaratzea egin dute Trianguloan eta bertan ere jende asko bildu da. Emakume langileen aurkako eraso ororen aurrean erantzun «eraginkorrak» hedatzea beharrezko dela esan dute: «Argi dugu beharrezkoa dugula horiek gauzatzen dituztenak seinalatzea, beharrezkoa dugula emakumeok egoera horretatik askatzeko baliabide ekonomiko zein sozialak garatzeari ekitea». Itaiak bide horretan jarduteko konpromisoa duela adierazi dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!