Badatoz 2024ko inauteriak. Tolosa eta tolosarrak prest dira urteko festa zoroenetarako. Jai giroa herrira heltzeko egun gutxi batzuk baino falta ez direnean, udalak aurtengo egitarauaren xehetasunen berri eman du, inauterietako ekitaldien antolaketan parte hartzen duten hainbat eragilerekin batera. «Tolosar askoren lan, konpromiso eta inplikazioari esker, ekitaldi eta ikuskizun ugariz gozatu ahal izango dugu datozen egunotan. Eta horri, kalean aurkituko dugun guztia gehitu behar zaio. Azken batean, denok gara festa honen parte», azaldu du Andu Martinez de Rituerto alkateak.
Inauteriak otsailaren 8an, Ostegun Gizeneko txupinazoarekin, hasiko badira ere, larunbat honetan izango dira inauteri giroko lehen ekitaldiak: Haur Jaialdia eta Kaldereroak. Igandean, berriz, Tolosako Udal Txistulari eta Musika Bandaren ohiko pregoi kontzertu jendetsua izango da.
Mende erdia inauteriak girotzen
Kaldereroak izan ohi dira inauterien iragarle; bai, behintzat, azken 50 urteotan. Mende erdia darama Urdiña Txiki elkarteak zartagin hotsak kalez kale zabaltzen dituen konpartsaren desfilea antolatzen. Larunbatekoa, harrotasunez eta zorionez ospatuko dutela aitortu dute: «Esker ona adierazi nahi diegu tolosarrei, baita laguntza eskaini diguten boluntarioei ere». 19:00etan abiatuko da kalejira, Plaza Zaharretik.
Ez da 50. urteurren borobila ospatuko duen elkarte bakarra; Aurrera Kirol Elkartearen Ostegun Gizeneko danborradak eta Terete txarangak ere beste horrenbeste urte egingo baitituzte aurten. Danborradaren kasuan, gainera, Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa izango dute lagun aurtengo edizioan.
Aiz-Orratz elkartearentzat ere inauteri bereziagoak izango dira aurtengoak, Kabi Alai Kuttun izendatu baitute, danborradarekin eta jaialdiarekin haurrei inauterietarako zaletasuna pizteko egindako eta egiten jarraitzen duen lana aitortu asmoz. Elkarteko bi kidek botako dute jaiei hasiera emango dien txupinazoa udaletxeko balkoitik, Ostegun Gizenean.
Guztien lana aitortu eta eskertu du Aitzol Gartzia jaietako zinegotziak: «Herritar askok jartzen du bere alea inauterien barruko ekitaldiak posible izan daitezen. Eta kasu batzuetan, belaunaldi aldaketak izan dira, tartean aipatu ditugun elkarteen kasuan esaterako. Harro egoteko modukoa ere bada hori».
Zezenetarako sarrerak, ostegunean
Udalak duela bi aste eman zuen aurtengo aldaketa nagusienen berri. Horietako bat zezen plazara txarangekin batera sartzeko gonbidapenen zozketarena da. Ostiralean egin zen zozketarako 10.000 eskaera baino gehiago jaso zituen udalak, eta egunean bertan mezu elektroniko bidez jakinarazi zitzaien emaitza izena eman zuten herritarrei. Zezen festetarako sarreren salmenta, berriz, etzi, ostegunean, jarriko da martxan. 16:00etatik aurrera eskuratu ahal izango dira Bibe.me plataformaren bidez. Sarreren %5 ere inauterietako egunetako bakoitzean jarriko da salgai, zezen plazako txarteldegian bertan.
Emanaldi bereziak
Zezenek irauten duten ordu tartean, haur eta nerabeei zuzendutako eskaintza indartuko da aurten. Zaldunitan, Burrunba elektrotxarangaren kalejira izango da, 15:45etik hasita, zezen plazatik Euskal Herria plazaraino. 17:00etan, Gora Bihotzak dantza eta kantu ikuskizuna izango da haurrentzat, Alondegi plazan –euria egingo balu, Herrikide ikastetxeko frontoian–. Gauean, 22:30ean, Gozategi taldearen kontzertua izango da Plaza Berrian. Astelenitan, berriz, azken urteetan bezala, Gazteako Jeep-a izango da, DJekin, 15:30ean Oria kaletik abiatuta. Kalejira Alondegi plazan amaituko da, eta segidan Eider artistaren eta Oihan Vega DJaren emanaldiak izango dira.
Karrozetan moldaketak
Zaldunitatik Asteartitara protagonismo handia izaten dute karrozek eta konpartsek. Jende ugari biltzen dute, bai parte hartzen, baita ikusle modura ere. Guztira 17 karrozak eman dute izena, eta beren kokalekua moldatu egingo da aurten. San Frantzisko pasealekuan izango dira gehienak (12); Foruen Etorbidean beste hiru kokatuko dira, eta Rondilla kalean bi. «Hain zuzen, azken puntu honetan, ez dira Udaltzaingoaren segurtasun irizpideak betetzen, larrialdi baten kasuan larrialdietako ibilgailuak ezingo liratekeelako pasa. Horixe da Rondilla kalean bi karroza jartzearen arrazoia», azaldu du alkateak.
Gainera, perpendikularrean kale bat duten puntuetan kokatuko dituzte biak: bat Antonio Lekuona kalearen alboan, eta bestea Andia kalearen alboan. Modu horretara, arazorik balego, kale horietara sartzeko aukera izango dute. San Frantzisko elizatik Antonio Lekuona kalerako tartean ez da karrozarik izango. «Asko hausnartu eta eztabaidatu dugun gaia da. Karrozek ere nolabait bertan egon nahi dute, festaren erdigunetik gertu, eta ulergarria da. Baina segurtasunari lehentasuna eman behar diogu. Rondilla kalean bi karrozaren presentzia bermatzeko bidea topatu dugu, guztia orekatu ahal izateko», aitortu du Martinez de Rituertok.
Kokaleku guztietako karrozek elektrifikatuta egon beharko dute, sorgailurik izan ez dezaten. Sare elektrikoa jarri da horretarako, puntu guztietan. Musikaren ordu muga ere zehaztu da, 01:30ean, eta ordu hori igarota, korrontea moztu ahal izango zaie araua errespetatzen ez dutenei. Joan den urteko inauterietan karrozetako batzuk sistema horrekin probatu zuten, eta balekotzat jo zuten. Aurten guztiek bete beharko dute irizpide hori atera ahal izateko. Gainera, zarata mugak kontrolatzeko neurketak egingo dira. Plataformadun konpartsak, berriz, Nafarroa etorbidean izango dira. Hauen izen ematea gaur amaituko da.
Bi gune more
Indarkeria matxistaren aurkako aldarria egunerokoa bada ere, erasorik gabeko jai berdinzale eta libreak bizitzeko sentsibilizazio lana ere areagotuko du udalak, Joka sano! #LibreNonahi kanpainarekin. Era berean, erasoen aurrean herritarrek jarrera aktiboa izan dezaten dei egin du Goiuri Ezeiza Kultura eta Berdintasuneko zinegotziak: «Tolosak erantzun irmo bezain azkarra eman izan du gisa honetako gertakarien aurrean. Espero dut halakorik ez gertatzea. Horretarako garrantzitsua izango da gutariko bakoitzaren kontzientziazio lan aktiboa».
Informazio eta arretarako bi gune more ere izango dira Zaldunitan eta Astelenitan. Trianguloa plazan informazio puntua izango da, 22:00etatik 01:00etara bitarte. Hortik aurrera, arreta puntua Andragorako Tolosaldeko Emakumeen Etxean egongo da, 05:00ak arte. Hauxe da harremanetarako telefono zenbakia: 747 420 488. Udaltzaingoak, gainera, 24 orduko arreta zerbitzua emango du, eta larrialdiren baten kasuan, 943 675 858 telefonora deitu ahal izango da.
Errespetua eta elkarbizitza
Zarata eta indarkeria aipatuta, errespetuan eta elkarbizitzan oinarritutako jaiak aldarrikatu ditu alkateak: «Norbere erara bizitzeko jaiak dira inauteriak, baina ez nolanahi. Errespetuan eta elkarbizitzan oinarritutako jaiak nahi eta behar ditugu, inolako eraso matxista eta xenofoborik gabekoak, inklusiboak, eta jaia beste era batera bizi nahi dutenei ere begirunea azaltzen dietenak. Arduraz jokatzeko eskatzen diot inauteriak Tolosan biziko dituen edonori».
Ardurarako dei hori beste esparru batzuetara ere zabaldu du, garbiketara eta alkoholaren kontsumora, esaterako. Zentzu horretan, eta urtero moduan, baliabide ugari jarriko ditu udalak kale garbiketarako, baita hondakinen bilketarako ere. Komun gehiago eta edukiontzi handiagoak jarriko dira, eta kale garbiketa zerbitzua indartuko da. Hala eta guztiz ere, herritarren eta bisitarien laguntza eskatu du alkateak: «Urtetik urtera bildutako hondakin kopurua hazi egin da. Udalak baliabideak jarriko ditu, baina ezinbestekoa izango da denok horren inguruko kontzientzia izatea, eta gure alea jartzea herria txukun mantentzeko».
Alkoholaren kontsumo arduratsuari lotuta, esku hartzeak egingo dira gazteekin, materiala banatuz, eta sentsibilizazio kanpaina ere egin du udalak. Besteak beste, Gipuzkoako ikastetxeetara gurasoei zuzendutako eskutitzak bidali dira, gomendio hainbat jasoz.
Datozen jai egunak gozatzeko desioarekin amaitu du Martinez de Rituertok gaurko agerraldia: «Arreta jarri beharreko puntu asko daude, baina oro har, jai giro atsegina izaten da nagusi. Horri ere merezi duen balioa eman nahiko nioke. Den-denok gozatzeko moduko egunak izatea nahi nuke, Inauteriak hasiko ditugun gogo, ilusio eta irribarre berarekin amaitu ditzagun, hurrengoen esperoan».