Zein dira inauterietako zure lehen oroitzapenak?
Akordeoiari lotuta daude gogoan ditudan lehen oroitzapenak. Astelenitan jotzen ateratzen gara eta, aurten, 63 urte beteko ditugu horretan. Etxean beti entzuten nuen akordeoia, eta nire ilusioa zen familiako taldean parte hartzea. Txikitatik txarangak-eta gustatu izan zaizkit, baina oroitzapen politena Astelenitan akordeoi taldean jotzen hasi nintzenekoa da.
Ordutik nola aldatu dira?
Lehen gehiago izaten zen tolosarren kontua; kanpotik ez zen hainbeste jende etortzen. Zarata gutxiago izaten zen... Mozorroak eta oso-oso politak izaten ziren; originalagoak edo... Orain erabat, ez dakit, masifikatuta dagoela iruditzen zait. Ez dakit onerako ala txarrerako izango den, baina nik nahiago ditut garai bateko inauteriak [barre txikiarekin].
Nola azalduko zenioke inauteria tolosarra ez den bati?
Tolosa da herri bat oso sinplea: tolosar batek etxean trapu zahar bat bilatzea nahikoa da zerbait inprobisatzeko. Kanpoko bati azalduko nioke niretzat garrantzitsuena txarangak direla eta egun guztian zehar kalean musika izaten dela. Jende guztia, tolosarrok behintzat, mozorrotzen gara eta oso gauza bitxiak ikusteko aukera izaten da. Inauteri oso aberatsa da. Baina esan bezala, nik zuzeneko musika aipatuko nioke, batik bat.
Zerekin lotzen dituzu?
Zerekin? Bada, dibertsioaren, jakina; musikarekin. Baina baita errespetuarekin ere.
Zerk egiten ditu berezi?
Berez dira bereziak. Gustatzen zaizkigunok urte guztia pasatzen dugu inauteriak iristeko zain.
Noizbait egin al duzu huts inauterietan?
Bada, bai. Soldaduskan egon nintzenean, 1985ean. Gasteizen egon nintzen, eta hango bandan hartzen nuen parte, musikaria nintzela-eta. Gogoan dut esan egin zidatela: «Bandarekin laguntzen badiguzu baimena emango dizugu inauterietan itzultzeko». Baina geroxeago beste kuartel batera lekualdatu ninduten, eta han ez zidaten inongo traturik eskaini. Dena dela, lortu nuen ostegunean eta ostiralean hona etortzea, baina hortik aurrera kito.
Urte askotan aritu naiz erromerietan-eta jotzen, baina egunean zehar beti Tolosan egoten nintzen. Soldaduskako hartatik ez dut hutsik egin.
Nola bizi dituzu?
Oso intentsuak dira egun horiek. Niretzat inauteriak hasten dira Gabonetan. Leku askotan parte hartzen dut: kaldereroetan, elkarteko txarangan, Astelenitako taldean... Kaldereroetan nik antolatzen dut musikarien taldea; elkarteko txarangara etortzen diren musikariekin ere harremanak-eta nik egiten ditut. Bikotearen laguntzarekin ere bazkaria antolatu, diru kontuak...
Astelenitan ere laguntzen didate familiakoek. Laguntzarekin bada ere, denetan ni aritzen naiz antolatzen. Niretzat oso intentsuak dira; disfrutatzen ditut inauteriak, ikaragarri. Hori bai, asteazkena iristen denean erlaxatzen naiz eta kito.
Joan den urtean Sukalde elkarteko habanera konposatu eta estreinatu zenuen. Berezia izango zen, ezta?
Bai, bai. Niretzat oso hunkigarria izan zen. Oso polita, benetan. 50. urteurrena ospatzen genuela-eta, nik konpromisoa hartu nuen. Beste edozein arlotan ez dakit ezer egiten, baina musikan moldatzen naiz –gutxi gorabehera, behintzat–; eta okurritu zitzaidan polita izan zitekeela kanta bat eskaintzea. Baiezkoa eman zidaten, estreinatu genuen; eta dezente jo genuen e. Oso-oso polita izan zen, baina oraindik gehiago entseatu behar da [barrez].
Harrera ona izan al du abestiak?
Bai, bai. Jendeari gustatu zaio. Nahiko gogoraerraza da. Bueno, hori esaten didate ingurukoek, behintzat [barrez]. Baten batek ere esango du: 'Astun halako hau...'. Baina esango nuke elkartekoei-eta gustatu zaiela. Hitzak Iurrek, bikoteak, idatzi ditu eta jendeak aipatu izan dit ikasteko eta abesteko gogoa duela.
Inauteriek badute alde txarrik?
Niri ez zait batere gustatzen, oro har, zarata. Ulertzen eta errespetatzen dut jendeari gustatzea. Bakoitzak ditu bere zaletasunak. Errespetua da kontua. Batetik hori eta, gero, bandalismoa.
Jabetzen naiz txaranga ez dela inauteriko elementu bakarra edo garrantzitsuena. Baina nabarmendu nahi izaten dudana haiekiko errespetua da. Hau da, txaranga bat pasatzen denean konpartsa baten ondotik; hauek musika jaistea.
Mozorrotzea gustuko duzu?
Ez naiz bereziki zalea. Ni mozorrotzen naiz txarangako blusarekin edo txilabarekin. Akordatzen naiz konpartsan behin egin genuela El ambulatorio de la inseguridad social. Bada, neskaz mozorrotu ninduten; gogoan dut arrebari eskatu niola arropa. Pentsa: metro eta laurogeita hamar, argala, ileorde batekin... Ez zen nire konturik gustukoena, baina egin genuen [barrez].
Bestela, normalean Astelenita arratsaldean mozorrotzen naiz eta beti mozorro berdina izaten dut: ileorde bat, txaketa luze bat, gorbata... Esan bezala, erosoago ibiltzen naiz txarangetako jantziarekin.
MOTZEAN
Egun bat?
Ufa, ezin dut bakarra aukeratu. Lau esango dizkizut: osteguna, igandea, astelehena eta asteartea.
Une bat?
Hemen ere ezin bakarra aukeratu. Bi ditut gogoan: lehen abestia txarangarekin ostegun gizenean eta igandean; eta lehen abestia, akordeoi taldearekin, astelehenean: diana.
Inauteriak egunez ala gauez?
Dudarik gabe, egunez.
Abesti bat?
Hemen ere asko. Baina gehien gustatzen zaidana Itun-txulo da, zeina nire aitak egin zuen. Gehiago ere badaude: Tolosano, Troika, Molinatxo... Baina gehien-geihena: Itun-txulo.
Eta mozorro bat?
Txarangetako edozein blusa.