Balkoi lehiaketa antolatu dute, inauterietan kaleak apaintzeko ohitura indartzeko

Ataria 2024ko urtarrilaren 25a

Udaleko Turismo sailak eta merkatarien elkarteak bultzatu dute ekimena, azken urteetan balkoiak apaintzeko ohitura galtzen ari zela ikusita; irabazleak 300 euroko saria jasoko du.

Inauterietan balkoiak apaintzeko ohitura indartzeko helburuarekin, Tolosa Turismoak eta Tolosa&Co herriko merkatarien elkarteak lehiaketa bat antolatu dute. Lehiaketan parte hartzeko nahikoa izango da Ostegun Gizen goizerako balkoiak apainduta egotea. Ondoren, modan eta espazioen dekorazioan adituak direnek osaturiko epaimahaiak herriko balkoiak aztertuko ditu, eta «original, koloretsu eta dibertigarriena» aukeratuko du. Ostegun Gizenean bertan jakinaraziko dute nor den irabazlea, Tolosa Turismoa eta Tolosa&Co-ren sare sozialetan. Irabazleak 300 euroko saria jasoko du merkatari elkartearen establezimenduetan erabiltzeko.

Lehiaketaren antolatzaileek herritarrak animatu dituzte euren balkoiak apaintzera: «Herritarrak Tolosako dendetan oihalak eta apaingarriak erostera animatzen ditugu, komertzio txikia babestuz eta azken urteetan beherakadan den tradizio hau berreskuratuz». Azken urteotan parte-hartze txikiagoa nabaritu da, eta horrek bultzatu du Tolosako Udaleko turismo saila ekimena antolatzera. Ohitura horri eustea eta «Tolosa kolorez betetzea» lortu nahi dute lehiaketarekin.

Inauterietan balkoiak apaintzeko tradizioa duela bi hamarkada baino gehiago sortu zen Tolosan. Xabier Garikanok ATARIA-ri esan dionez bere anai Joxe Ramonek hasi zuen ohitura. Letxuga kaleko balkoiak apaindu zituzten eta «ederra» izan zen Ostegun Gizenean balkoiak kolorez jantzita ikusi ahal izatea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!