Haur Jaialdiko mozorro lehiaketan parte hartzeko azken egunak

Ataria 2024ko urt. 24a, 16:00

Tolosako Aiz-Orratz elkarteak antolatzen duen Haur Jaialdia otsailaren 3an egingo dute Leidor aretoan, eta orduan jakingo dira mozorro lehiaketako irabazleak. Parte hartu nahi dutenek urtarrilaren 29a baino lehen bidali behar dute argazkia.

Aurten, otsailaren 3an izango da Tolosako Aiz-Orratz elkarteak urtero Leidor aretoan antolatzen duen Haur Jaialdia. Joseba Usabiagak aurkeztuko du ekitaldia, eta besteak beste, Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak eta Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek parte hartuko dute. 12:30ean hasiko da jaialdia, baina aurrez, 11:45ean, elkarteko txarangaren laguntzaz, kalejira egingo dute erraldoiek eta pailazoek elkartetik Leidorreraino. Leidorreko ekitaldian, marrazki lehiaketako eta mozorro lehiaketako sariak banatuko dituzte.

Oraindik ere aukera dago mozorro lehiaketan parte hartzeko. Mozorroarekin argazkia egin edo bideoa grabatu eta WhatsApp bidez 688 854 076 zenbakira edo mezu bidez haurjaialdia@gmail.com helbide elektronikora bidali behar da, urtarrilaren 29a (astelehena) baino lehen. Gainera, elkartearen Facebook eta Instagram sare sozialetako orrialdeetan iruzkin bat idazten dutenen artean, Maritxu konponketak dendak eskainitako txilaba bat zozkatuko dute. Hori gutxi ez balitz, mozorro lehiaketako partaide guztien artean Gure Zirkurako hiruna sarrerako bi zozketa egingo dira. Tolosaldeko ikastetxe guztietako 2.800 haur inguruk parte hartu dute marrazki lehiaketan.

Mozorro lehiaketan parte hartzeko baldintzak:

  • 13 urte bitarteko haur guztiek parte hartu ahal izango dute.
  • Parte hartzeko, argazki edo bideoa bidali beharko da 688 854 076 telefono zenbakira WhatsApp bidez, edo haurjaialdia@gmail.com helbide elektronikora. Argazki edo bideoekin batera, ez ahaztu haurren izen-abizenak eta gurasoen kontakturako datuak jartzea. Bideoak horizontalean grabatu, mesedez.
  • Sailkapen berdina izango da, bakarka, bikotean edo taldeka azalduta ere.
  • Lehiaketa bitan banatzen da adinari dagokionez: bost urtera bitartekoak eta 5-13 urte bitartekoak.
  • Lehenengo mailako lehiaketaren irabazleak saria eramango du.
  • Bigarren mailako lehiaketan 3 sari banatuko dira
  • Mozorro jatorrenak ere saria jasoko du. Epaimahaiak erabakiko du.
  • Epaimahaiaren erabakia aldaezina izango da. Epaimahai hori, Aiz Orratz elkarteaz kanpoko kideez osatuta egongo da.
  • Epaimahaiaren erabakiak %80ko balioa izango du; beste %20a Facebook bidez eginiko bozketaren emaitza izango da. 
  • Argazki edo bideoak bidaltzerakoan, baimena ematen zaio antolakuntzari argazki horiek sarean publikatzeko.
  • Irabazleek Haur Jaialdian jaso beharko dute saria, parte hartu duten mozorroarekin.

Sariak:

5 urtera bitartekoen maila:

  1. Garaikurra, Ostegun Gizeneko zezen festarako palkorako sarrerak, haurrentzako zinemarako bi sarrera eta Gozonako merienda.

5-13 urte bitartekoen maila:

  1. Garaikurra, Ostegun Gizeneko zezen festarako palkorako sarrerak, haurrentzako zinemarako bi sarrera eta Gozonako merienda.
  2. Garaikurra, Ostegun Gizeneko zezen festarako palkorako sarrerak eta haurrentzako zinemarako bi sarrera
  3. Garaikurra, Ostegun Gizeneko zezen festarako palkorako sarrerak eta haurrentzako zinemarako bi sarrera

Mozorro jatorrenaren saria:

  • Garaikurra (Arko esklusibak) eta Ostegun Gizeneko zezen festarako palkorako sarrerak, haurrentzako zinemarako bi sarrera eta Maritxu konponketak dendak eskainitako txilaba.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!