INAUTERIZALEA

«Nire mozorroek beti friki alde horretara jotzen dute»

Jon Miranda Labaien 2024ko ots. 8a, 09:00

Lana egitea egokitu zaio aurtengo inauterietan Tolosaldeko euskarazko telebistan aritzen baita lanean Imanol Rodriguez Zabala (Tolosa, 1996). Dena den, gustuz hartzen du lana inauterien giroan murgiltzeko aukera ematen diolako.

Zeintzuk dira inauterien inguruan dituzun lehengo oroitzapenak?

Urte zehatza esaten ez dakit. Nire amarekin izango zen, seguruenik, ume karroan nindoala mozorrotuta.

Nondik datorkizu inauteri zaletasuna?

Gehienbat amaren aldeko familiatik. Tolosar petoak gara, eta ez bakarrik inauteriak, sanjoanak ere dezente bizi ditugu. Ama ni baino oraindik ere inauteri zaleagoa da. Gainera trebea da josten eta familia osoarentzat mozorroak egiten ditu. Nik urtero eskatzen diot nirearekin laguntzeko.

Jantzi dituzun mozorro guztietatik zein izan duzu gustukoena?

Asko egon dira. Iazkoa, adibidez, oso gustukoa dut. 80ko hamarkadako V telesailaz joan nintzen mozorrotuta. Txukun joan nahi nuen eta ni arduratu nintzen zaldian ibiltzeko botak eta mono gorria lortzeaz. Gero txalekoa behar nuen gainetik eramateko eta amak josi zidan detaile guztiekin. Oso ondo geratu zitzaidan. Zientzia fikzioa eta fantasia zale amorratua naiz eta 80ko hamarkadako musika eta pop kultura asko gustatzen zaizkit. Nire mozorroek beti friki alde horretara jotzen dute. Ni friki bat naiz eta harro esaten dut (barre txikiarekin).

Noiz hasten zara mozorroa prestatzen?

Prozesu luzea izaten da. Azaroa edo abendua aldera hasten naiz pentsatzen zertaz atera nahi dudan eta gero beti amak eguberrietan galdetzen dit zertan lagundu diezadaken. Garaiz ibili nahi izaten du, berak ere berea egiten behar izaten duelako. Amarena beti izaten da mozorro ikusgarria.

Noren alboan bizi dituzu zuk inauteriak?

Gehienbat lagunekin. Nire kuadrillan mozorroarena ez dute nik bezainbeste bizi. Ni bakarrik joan ohi naiz nire disfrazarekin. Kuadrillakoek normalean etxean dutena jartzen dute edo mozorro erraz bat erosten dute Internetetik. Nik garrantzia handia ematen diot eta gustatzen zait pertsonaian sartzea. Jarrera aldatu egiten dut mozorroa soinean daramadanean.

Inoiz atera al zara taldean?

Bai, umetan, aisialdi taldearekin ateratzen nintzen, Samaniego eta Orixeko lagunekin. Atsedenarekin nire lehenengo mozorroa Harry Potterren quidditch jokalariz atera ginenekoa izan zen. Oso mozorro frikia zen eta niri asko gustatu zitzaidan. Ez zen Harry Potterrez ateratzea baizik eta liburu horretan agertzen den kirol fiktizio baten jokalariz ateratzea. Interesgarria izan zen.

Inauterietan beti egon zara Tolosan?

Inoiz ez dut huts egin. Donostian ikasten nuenean ere ez nintzen eskolara joaten inauterietan parte hartzeko.

Tolosatik eta Tolosaldetik kanpoko lagunei nola azaltzen diezu zer diren inauteriak?

Beti gomendatu izan diet Tolosara etortzea, edozein momentutan, ez bakarrik inauterietan. Egia da Tolosako inauteriak munduko edozein pertsonak bizi beharko lituzkeela. Ez dago konparaketa posiblerik. Ni ez naiz Rio de Janeiron edo Venezian egon, baina ez dut Tolosakoa baino inauteri hobeagorik irudikatzen.

Egokitu zaizu inauteriak lanean pasatzea. Erraz uztartzen dira jaia eta lana?

Txaranga batean ateratzea baino ez zait falta. Umea nintzela danborradan atera nintzen, gero aisialdi taldean Atsedenarekin, familia eta lagunekin mozorrotzen naiz. Tabernan ere aritu naiz eta orain kazetari bezala inauterien berri ematea tokatzen zait. Tolosarroi, eta uste dut jende askok daukala bizipen hau, mentalitatea aldatzen zaigu inauteriak hasten direnean. Lanean egon gaitezke, baina ez da gainerako egun arrunt batean lan egitea bezala. Ondo pasa daiteke lanean ere.

Baita barra baten atzean ere?

Bai. Lauzpabost urte eman nituen tabernan lanean. Gogorra da, baina ohitu egiten zara. Beste bizipen mota bat da. Inauterien beste alde bat ezagutzen duzu. Denetariko panorama ikusten duzu. Errespetu faltak ere tokatzen zaizkizu tarteka, gehienbat, Astelenita gauean. Tolosaldeko jendeak normalean errespetatzen du tabernariaren lana.

Orain kazetari gisa diharduzu. Erosoago tabernari baino?

Komunikabide batean erosoagoa da lana. Kalean zaude, elkarrizketak egiten dizkiozu jendeari, giroan sartzeko aukera duzu. Tabernan ordu asko pasa behar izaten dira mugitu gabe eta alde horretatik ezberdina da kazetariarena. Giroan gehiago sartzeko aukera gehiago ematen dizu.

Zein egun nahiago duzu inauterien barruan?

Zerbitzari bezala nenbilenean Asteartita nahiago nuen, tabernariek jai hartu eta parranda egiteko aukera izaten geneukalako. Orain ez nuke jakingo egun bat aukeratzen. Niretzat denak dira oso bereziak, eta behin pasata, denek uzten dizute arrasto emozionala.

Zein ekitalditan ez duzu hutsik egiten?

Gaztea naiz, baina oso izpiritu tradizionala daukat. Zezenak ez zaizkit gehiegi gustatzen, baina gainerako guztia bai. Tolosako Banda ez dut inoiz galtzen eta Dianara joatea derrigorrezkoa da niretzat. Txarangak, berriz, beti. Tabernako musika baino nahiago dut txaranga bat kalean harrapatu eta hori entzuten geratu edo haren atzetik ibili. Plan ikaragarria da. Sardinak latan bezala taberna batean egotea baino nahiago dut.

Kanturen bat gustuko duzu?

Bai, Galtzaundi. Betidanik.

Inauteriek ba al dute alde txarrik?

Astelenita gaueko giroa. Inauteri giroa zapuztu egiten dela iruditzen zait. Nik pertsonalki ez dut inoiz gaizki pasa izan, ez dut momentu txarrik gogoratzen. Baina, Astelenitan kanpoko jendea ez da gure girora batzen.

Aurtengorako zein asmo duzu?

Aurten berandu ibili naiz eta ez dut asti handirik izan. Aurten errepikatuko dut iazko mozorroa eta nire kabuz beste bat prestatzen ari naiz. Garai bateko AEBko motozale horiek bezala joan nahi dut, Highway Patrol motorretan joaten ziren haiek bezala. Saiatuko naiz larruzko txaketa bat lortzen eta kasko zuri bat ere eskatuta daukat. Ea zer moduz. Igandean, astelehenean eta asteartean ateratzen naiz mozorrotuta eta saiatzen naiz hiru egunetan diferente ateratzen. Etxean mozorro bilduma handia daukagu, eta astelehen edo asteartean berreskuratzen dut aurreko urteetakoren bat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!