Aiz-Orratz elkartea izendatu dute Kabi Alai Kuttun, eta beraz inauteriei hasiera emango dien txupinazoa botatzeko ardura izango dute bertako kideek. Kabi Alai elkarteak egiten du aitortza urtero, eta aurtengoarekin, haur danborrada eta jaialdia antolatuz, haurrak inauterien parte izan daitezen egiten duten lana eskertu eta txalotu nahi izan du.
«Poz eta ilusio» handiz jaso dute errekonozimendua Aiz-Orratz elkartean. Horrela adierazi dute Iker Galarza eta Ibane Imaz, elkarteko kideek. Aitortza hori elkarte osoari egindakoa dela nabarmendu dute, «jende askoren elkarlanaren emaitza baitira bai haur danborrada, baita haur jaialdia ere». Hala, pertsona askok parte hartzen dutela eta parte hartu dutela guztia posible izan dadin nabarmendu dute: «Ez dauden askorekin ere oroitzen gara». Ostegun Gizena «oso egun berezia» dela esan dute: «elkarte modura ohorea da hainbeste maite ditugun Inauteriei hasiera ematea».
60ko hamarkadaren hasierara arte haurrek ez zuten lekurik Tolosako Inauterietan, ez baitzegoen beraiei zuzendutako ekitaldirik. Aiz-Orratz elkarteko Luis Collado zenak proposatu zuen haur danborrada egitea, eta elkarteko gainerako kideen laguntza izan zuen antolaketarako. Lehen urteetan Astelenita egunez egiten zen, baina aisialdi taldeen parte hartzea handituz joan ahala, Zaldunita Bezperara pasa zuten. Hasieran, norberak finantzatu behar izaten zuen bere jantzia, eta aukera gutxiago zituzten Miserikordiako haurrek ere parte hartzen zuten desfilean, elkarteko bazkideen eta tolosar gehiagoren laguntzari esker.
Ordutik, asko izan direla modu batera ala bestera parte hartu duten tolosarrak gogoratu dute: «nolabait, inauterizale askoren hasiera izan zen», nabarmendu du Kabi Alai elkarteak. 1967an, gainera, haur jaialdia ere antolatzen hasi zen Aiz-Orratz, eta urtez urte jende ugari biltzen du.
Ostegun Gizenean, txupinazoaren aurretik jasoko dute Kabi Alai elkartearen eskutik Kuttuna saria, eta omenaldi «goxoaren» ondoren, Inauterien hasiera iragartzeko suziria botako dute, elkarteko bi kidek.
'Txilabak’ kartela, lehiaketako irabazlea
2024ko Inauteriak iragarriko dituen kartela ere ezagutzera eman du Tolosako Udalak. Aurten, joan den urtean hasitako bideari jarraituz, lehiaketa bidez hautatu da afixa, eta Irune Elizegi tolosarrak eta Xabier Isasti getariarrak elkarrekin sortu duten Txilabak izeneko kartela izan da irabazlea. 51 pertsonak parte hartu dute lehiaketan, 11 emakumek eta 38 gizonezkok; bikote misto bat ere aurkeztu da lehiaketara. Guztira 65 lan aurkeztu dituzte.
Ez da irabazleek Tolosan lehiaketa bat irabazten duten lehen aldia, 2018. urteko sanjoanetako kartela ere beraiek sortu baitzuten, Neskatila eta Bordon erraldoiak oinarri hartuta. Aurtengo inauterietako kartelak, izenak berak ondo azaltzen duen moduan, Ostegun Gizeneko txilaben kolore eta motiboetan du oinarria.
Kabi Alai Kuttunaren eta inauterietako kartelaren berri era berezian eman dute. Izan ere, lehen aldiz, Zerkausian egin dute aurkezpena arratsaldean, herritarren aurrean, inauteri doinuek alaituta, Tolosako Udalaren eta Kabi Alai elkartearen arteko elkarlanari esker. Tolosar ugari izan dira ekitaldian, eta askok inauterietako kartelaren ale bana eraman ahal izan dute etxera.
Bihartik aurrera herriko saltoki eta tabernetan banatuko dituzte kartelak, eta sobratzen direnak, kultur etxean jarriko dituzte herritarren eskura, urtarrilaren 24ko goizeko 10:30etik aurrera.