ELKARRIZKETA

«Ohiko jarduera bat izan beharrean, askorentzat kapritxo bilakatu da»

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko urt. 20a, 07:58

Inaxio Arineski irakasle tolosarra. ATARIA

Hirugarren denboraldiz ari da Candanchuko eski estazioan irakasle Inaxio Arin tolosarra. Argi du bere ofizioa ezegonkorra dela, eta eskia praktikatzea ez dagoela edonoren eskura, baina oso gustura aritzen da txikienei irakasten.

Azken neguetan Candanchuko (Aragoi) eski estaziotik atera gabe dabil Inaxio Arin Subijana (Tolosa, 1998). Lehen ia astebururo joaten zen bertara familiarekin, eskiaz gozatzeko asmotan. 2021eko abenduaz geroztik, gozatzen jarraitzen du, baina beste modu batera: txikienei irakasten aritzen da. Aitortu duenez, inauterietan herrira etortzeko tarte bat bilatzen saiatuko da.

Noiztik zara eski irakasle?

Betidanik eskiatu izan dut hemen, Candanchuko estazioan. Familiako etxe bat daukagu bertan, eta etxean eskiatzeko ohitura handia izan dugu beti. Gainera, txikitatik beti izan dut negua bertan igarotzeko gogo eta ilusio berezia, eta ahal balitz, eski irakasle izateko esperientzia bizitzea. Duela ia lau urte animatu nintzen eski irakasle izateko ikastaroa egitera, eta duela hiru denboraldi hasi nintzen klaseak ematen. Oso gustura aritzen naiz. 09:00ak edo 10:00ak aldera hasten gara ikastaroekin eta 15:00rak edo 16:00rak arte aritzen gara.

Zure kasuan, zein mailatako titulua daukazu?

Iñakik bezala, lehen mailakoa daukat, baina bigarrena lortzeko bidean nago. Egin beharrekoaren erdia eginda daukat, baina ez dut nahi bezainbeste denbora lortzen beste erdia egiteko.

Nola gogoratzen duzu titulua lortzeko egin beharreko ikastaroa?

Hain justu, pandemia garaian egin nuen ikastaroa. Nahiko erraza izan zen niretzat, betidanik eskiatu izan dudalako, eta beraz, gutxieneko maila banuelako. Halaber, asko ikasi nuen, funtsean, ordura arte ikasitakoak ez duela ezertarako balio eta eskiatzen ez dakizula esaten dizutelako [barreak]. Lan handia eskatzen duen ikastaroa da. Irakasle izan nahi baduzu, ezinbestekoa da eskiatzen trebetasun handia izatea, teknika menperatzea. Horrez gain, erakusteko gai izan behar duzu.



Gogoan dituzu familiarekin batera bertara joandako lehen urteak?

Hona etortzeko ohitura handia izan dugu familian; ia astebururo etortzen ginen lehen. Hala ere, bolada batez Tolosan lagunekin geratu nahi izan nuen; hala esan nien gurasoei. Hemen ez genuen lagunik, eta asteburu askotan bakarrik egoten nintzen. Gerora, baina, urteek aurrera egin ahala, berriz piztu zitzaidan gogoa, eta astebururo etortzen hasi nintzen, batzuetan familiakoekin bakarrik, beste batzuetan, berriz, lagunekin.

Familiakoen etxean igarotzen dituzu denboraldiko lau hilabeteak, beraz.

Bai. Gurasoek bertan erosi zuten pisua duela zenbait urte, eta horregatik ere eman nuen pausoa irakasle izateko, bizitoki bat banuelako eta gastu asko ekidin ahal izan nituelako, alegia. Ekonomikoki ez da erraza hilabetero alokairu bat ordaintzea, lana bera ezegonkorra delako eta tarteka badirelako hilabete zailak ere.



Zein adineko ikasleak izaten dituzu ikastaroetan?

Batez ere, 5 eta 15 urte bitarteko haurrekin aritzen naiz. Nire ikasleen %80a adin tarte horretan kokatzen da. Tarteka, 20 edo 30 urtetik gorakoak ere izaten ditut. Astean zehar eskoletatik etortzen dira umeak.

Zer da ofizio honetatik gehien gustatzen zaizuna?

Bertako bizimodua eta egunero eskiatzeko aukera izatea. Horrez gain, ikasleek nola hobetzen duten ikustea eta hobekuntza horren ondorioz pozik ikustea ere gustagarria da guretzat.

Eta gutxien?

Esnatu eta leihotik begira eguraldi ezegonkorra egiten duela ikustea. Hotz handia eta euria dira lanerako gure aurkari nagusiak.

Noizbait ezbeharren bat izan al duzu?

Kasualitate handia izan zen, baina behin, praktikak egiten ari nintzela, nire ikaskide bat ez zen zuzen eseri teleaulkian eta zintzilik geratu zen bost minutuz. Azkenean, eskiak kendu ondoren, zuzen esertzea lortu zuen, eta azkenean ez zen ezer larria gertatu. Tentsio handiko momentua izan zen, inoiz bizi izan dudan larriena.

Eta ba al duzu kontatzeko moduko anekdotarik?

Asko. Ikasle batzuk botak alderantziz jantzita azaldu izan dira, beste batzuk bakeroak jantzita, baita beroki barruan txakurra sartuta ere.

 

«Ikasle batzuk botak alderantziz jantzita azaldu izan dira, baita beroki barruan txakurra sartuta ere»



Noizbait izan duzu ikasleren bat zu baino trebeagoa?

Asko. Badira kirol guztietarako trebetasun handia duten pertsonak eta horrelako ikasleak ere izan ditut. Horrelako kasuetan ia irakatsi beharrik ere ez dut sentitzen.

Zuen ofizioa denboraldikoa da, baina bizi al daiteke eski irakaslea izanda?

Gaur egun geroz eta zailagoa da hori lortzea. Eski irakaslea izanda bizimodua aurrera ateratzeko dena ordainduta eduki behar duzu, eta lanean lortutako irabaziek zuretzako izan behar dute. Bestela, ezinbestekoa da lan osagarri bat izatea.

Zein da zure iritzia eskia praktikatzeko dauden prezio garestien inguruan?

Argi dago ez dela denen eskura dagoen kirol bat. Asteburu bat igarotzera datorren edonork lotarako tokia, materiala, forfait-a eta ikastaroa ordaindu behar izaten ditu, eta diru kopuru horiek ez daude edonorentzat eskuragarri.

Hala ere, jendetza biltzen da eski estazioetan.

Bai. Ohiko jarduera bat izan beharrean, askorentzat kapritxo bilakatu da.

Pozik zaude aurten izaten ari diren baldintza meteorologikoengatik?

Nire gurasoek esaten duten moduan, antsietate handiarekin bizi gara, azaroan dagoeneko eskiatzeko zain egoten gara eta. Lehen, Gabonak igaro arte ez ginen eskiatzen hasten. Orduan, zentzu horretan, nahiko normala da orain zuritzen hastea. Kontua da lehen ia ekainera bitarte eskiatzeko aukera izaten zela, eta gaur egun, martxoan edo apirilean izorratuta egoten gara elur gutxi egoten delako. Pasa den astean elurte handia izan genuen, baina azken egunetan euria ari du, eta beraz, gorabehera handikoa izaten ari da denboraldia.

Azken urteetan egoera kezkagarriak bizitzen ari dira eski estazioak. Zu ere kezkatuta zaude?

Beti bezala, ziurgabetasun handiarekin bizi gara. Eski estazioetan geroz eta elur gutxiago dago eta pentsatzen jarrita, ez dakigu hemendik bost urtera zer gertatuko den, baina joera ikusita, auskalo!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!