ELKARRIZKETA

«Gure lana da ikastera datorrenak esperientzia polit bat edukitzea eta bueltatu nahi izatea»

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko urt. 19a, 07:58

Iñaki Ayerza Ibañez. ATARIA

Hiru urterekin hasi zen eskiekin praktikatzen, eta orain nahieran ibiltzen da snowboard taularekin Iñaki Ayerza Ibañez tolosarra. Txikienak irakasten aritzen da, taula gainean jartzeko dituzten beldurrei aurre egin eta maldan behera aske ibili daitezen.

Ikaragarri maite du elurra Iñaki Ayerza Ibañezek (Tolosa, 2000). Jakan (Aragoi) igarotzen du negua eta Astungo (Aragoi) eski estazioan aritzen da lanean, snowboard modalitateko irakasle. Bi denboraldi daramatza, eta gustura dago, haurrak berak irakatsitakoa ikasteko gai direla jabetzen delako.

Zer dela eta hasi zinen irakasle?

Txikitatik eskiatzen dut eta betidanik izan dut jakin-min handia modalitate hau gehiago ezagutzeko. Derrigorrezko ikasketak amaitu nituenean, argi nuen irakasle izan nahi nuela. Oso gustuko nuen snowboard-a, eta beraz irakasle titulua lortzea pentsatu nuen. Duela hiru bat urte hasi nintzen titulua lortzeko ikasketekin. Hiru maila daude, eta oraingoz, lehen mailako titulua daukat. Iazko denboraldia izan zen lehena niretzat. Jakan bizi naiz eta Astungo eski estazioan naiz irakasle.

Zer egin behar izan zenuen titulua lortzeko?

Alde batetik, proba teknikoak, bai eskian, baita snowboard-ean ere. Bestetik, metodologia gaiak ere landu genituen, irakasteko moduak alegia.

Nola gogoratzen duzu eskiarekin izandako lehen harremana?

Nire kasuan, hiru urterekin hasi nintzen eskiatzen eta hamar urterekin snowboard-a praktikatzera igaro nintzen. Osaba-izebek etxea daukate Jakan, eta nire gurasoekin etortzen ginen. Horrek asko lagundu zigun.

Kopuruari erreparatuta, aldea egongo da eskia eta snowboard-a praktikatzen dutenen artean, ezta?

Bai. Irakasleen artean hitz egitean, beti ondorioztatzen dugu guk lan gutxiago izaten dugula. Hala ere, esango nuke geroz eta gehiago direla taula gainean jartzera animatzen direnak.



Nola igarotzen duzu negua Jakan?

Iaz, hiru lagunen artean etxe bat alokatu genuen bertan denboraldi osorako, azaro bukaeratik Aste Santua amaitu arte, gutxi gorabehera, eta aurten ere berdin egin dugu. Hirurok Astunen egiten dugu lan.

Gustura aritzen zara irakasle?

Bai. Denbora librea dugunean, gainera, gure kontura praktikatzeko aukera izaten dugu. Ekonomikoki ez da etxean lan egitearen parekoa, gastu asko ditugulako, baina inguru honetan egoteak beste gauza positibo asko ditu.

Zein adinetako ikasleak izaten dituzu?

Denetik. Astean zehar, ikastetxeetatik etortzen diren haurrekin aritzen naiz, eta asteburu eta jaiegunetan, berriz, haurrak, gazteak eta helduak, hasiberriak nahiz maila handiagoa dutenak.

Zer da zure lanetik gehien gustatzen zaizuna?

Ikasleek nik irakatsitakoa barneratzeko gai direla ikustea. Horrez gain, ondo pasatzen ari dela ikusteak asko betetzen nau. Gure lana da ikastera datorrenak esperientzia polit bat edukitzea eta bueltatu nahi izatea. Beraz, hori lortuz gero, poztu egiten gara.

Eta gutxien?

Eguraldiaren menpe egon behar izatea, erabat horren menpe funtzionatzen dugulako. Elurra eta eguraldi ona izanez gero, ikasle gehiago izaten ditugu, baina euria eginez gero, nekez etortzen dira.

Noizbait ezbeharren bat izan duzu edo egokitu al zaizu arrisku handiko egoeraren bati aurre egitea?

Zorionez, ez. Segurtasuna bermatzea izaten da gure lehen egitekoa, eta asko arduratzen nau horrek. Arriskuak txikiagotzen saiatzen naiz beti.

Anekdotaren bat edo izango zenuen, ezta?

Ikastetxeetako taldeak etortzen direnean, beti dago tartean fenomenoren bat. Ziur naiz hemendik 40 urtera iaz etorri zen haur batez gogoratuko naizela. Madrildik etorri zen, eta irakasleek Saturno deitzen zioten. Horrelako ikasleekin aste bakarrean anekdota asko izaten ditugu.



Noizbait izan duzu ikasleren bat ia zu baino trebeagoa?

Oraingoz, ez. Hala ere, gu baino trebeagoa bada, beti izan behar dugu akatsak aurkitzeko gaitasuna, baita horiek zuzendu eta hobetzekoa ere.

Zuen ofizioa denboraldikoa da, berez, baina bizi al daiteke eski irakaslea izanda?

Gaur egun ezinezkoa dela iruditzen zait. Helduagoak diren irakasleek esan izan didatenagatik, lehen gai ziren denboraldian zehar lan eginda urte osoan lanik egin gabe bizitzeko, baina orain ez dut horrelako kasurik ezagutzen.

Eskia berez nahiko kirol garestia dela esaten da eta ez dagoela denen eskura. Zer iritzi duzu zuk?

Hala da, bai. Kirol oso esklusiboa da, eta geroz eta inklusiboagoa izatea gustatuko litzaidake. Kirol oso polita da, eta geroz eta gehiagok probatu ahal izango balute, pozgarria litzake. Hala ere, garestia izateak eta gastu asko edukitzeak ez du laguntzen.

 

«Kirol oso esklusiboa da, eta geroz eta inklusiboagoa izatea gustatuko litzaidake»



Aurten, ohi baino beranduago heldu da elurra, baina leku batzuetan dezente zuritu du. Pozik zaude?

Aurreko astean elur asko egin zuen hemen, eta pozik gaude. Hala ere, aste honetan beste fronte bat heldu da hegoaldetik eta tenperaturak igotzea ekarri du horrek. Ez dakigu zer gertatuko den pasa den astean botatako elurrarekin eta zenbat iraungo duen. Hala ere, egoera asko hobetu da eta espero dugu luzaroan irautea.

Hala ere, azken urteetan egoera kezkagarriak bizitzen ari dira eski estazioak. Zuek ere kezkatuta zaudete?

Bai. Kontua da, hemen, Pirinioetan, eguraldia nahiko aldakorra izaten dela. Euria egiten duenean, esaterako, elur guztia eramaten du. Hortaz, beti egoten gara zerura eta iragarpenari begira, eta handicap hori izaten dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!