Eukene Larrarte hamalaugarren izan da Europako Txapelketako omnium proban

Ataria 2024ko urtarrilaren 15a

Eukene Larrarte, aurrean, Europako Txapelketaren proba batean. RFEC

Puntuazioan ere parte hartu du txirrindulari tolosarrak eta hamahirugarren egin du. Azken egunotan izan da jokoan pistako Europako Txapelketa Herbeheretako Apeldoorn herriko belodromoan.

Omnium proba lau probez osatzen da, eta lehenengoa scratchekoa izan da. Bertan Larrartek hamaikagarren postua lortu du. Ondoren, tempo race probaren txanda izan da, eta hor zazpigarrena izan da. Proba horretako protagonista izan da tolosarra, lau puntu lortuz eta Sevcikova txekiarrarekin batera itzuli bat irabaziz; baina esfortzu handia egin du horretarako eta azkenean itzuli bat galdu behar izan du. Tempo race probaren ondoren hamabigarren postuan joan da, 44 punturekin.

Kanporaketa proba izan da hurrengoa, eta hor 17. postuan amaitu du, tropelean itxita geratu ondoren. Laugarren proban, puntuazioan, saiatu da emaitza hobeagoa lortzen, eta Teutenberg alemaniarrarekin alde egin du hasieran, beste bost puntu gehitzeko. Azkenean, sailkapen orokorrean hamalaugarren egin du tolosarrak.

Omniumaz gain, puntuazio proban ere lehiatu da Larrarte, eta hor hamahirugarren postua lortu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!