Txotx egiteko gonbita, Ginean ospitale berri bat eraikitzeko

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko urt. 15a, 17:00

Hilaren 26an izango da Casino Elkarteak antolatutako VI. Txotx Solidarioa, Lerin Solidario GKEa laguntzeko; aurten, Tolosa CFko Gimnastika Erritmikoko taldea omenduko dute.

Tolosako Casino Elkarteak seigarren aldiz egingo du helburu solidario batekin gauzatzen duen txotx irekiera; urtarrilaren 26an izango da, Zerkausian, 20:30ean hasita. Afarira joateko sarrerak bihartik aurrera salduko dituzte, 30 euroko prezioan. Lanegunetan eta 19:00etatik 21:00etara egongo dira salgai, elkartean bertan. Guztira, 250 lagunentzako tokia egongo da, eta beraz, kopuru horretara heldu arte salduko dituzte afari txartelak.

Eskualdeko hornitzaileen ekarpenari esker, sagardotegiko ohiko menua dastatzeko aukera izango da: Ajoarriero bolobana, Joxe Mari Barriolaren txistorra, bakailoa tomatearekin, Joxean Goyak emandako premium txuleta eta Baztarrikak eskainitako Idiazabal Gazta. Gainera, zuzeneko musikaz gozatzeko aukera egongo da eta zenbait zozketa berezi ere egingo dituzte, gaua girotzeko.

Sagardoa, berriz, eskualdeko sagardogileek jarriko dute: Lizartzako Goikoetxea, Asteasuko Sarasola, Adunako Zabala eta Aburuza, eta Tolosako Eguzkitza eta Isastegi. Azken honetako Joseba Lasak eskerrak eman dizkie antolatzaileei,. «Sagardogileontzat ekitaldi oso interesgarria da, txotx irekiera irudikatzen duelako, eta herritarrentzat aukera ezin hobea izango da bertako sagardo desberdinak dastatzeko». Lasak gaineratu du aurtengo uzta «oparoa» izan dela.

Ospitale berri bat

Casino Elkarteak hiru helbururekin antolatu du ekitaldia. Batetik, herritarrei jarduera bat eskaini nahi die. «Jarduerak hauek kalera atera behar ditugu, gainerako herritarren gozamenerako, eta herrian egiten diren beste jarduerei ekarpenak egin behar dizkiegu», adierazi dute antolatzaileek. Bestetik, gizartearekiko pertenentzia-zentzua sustatu nahi du. «Bazkideen harremana estuagoa izatea eta helburu komun baterako lan egitea nahi dugu», gaineratu dute.

Azkenik, Gobernuz Kanpoko Erakunde bati laguntza ekonomikoa eman nahi dio. «Gizarte gisa, errealitate bateko kide gara, eta hala, gure alea ematen saiatzen gara, erakunde hauek egoera ahulean daudenei lagundu diezaieten», azaldu dute. Azken urteetako afarietan bildutako dirua Zaporeak, Etiopia Utopia, Ibarrako Misio Taldea, Kellesensa eta Asdent erakundeei eman die. Aurten, Lerin Solidario erakundeari emango die, Tolotro proiektuaren bitartez.

Jon Arrieta eta Iñaki Lopetegi tolosarrek iaz jarri zuten martxan Tolotro proiektua. Afrikako erdigunera egin zuten bidaia, furgoneta bat bertan uzteko helburuarekin. Ibilbidean zehar, eskolako materiala eta material humanitarioa utzi zuten hainbat erakundetan. Sahara hegoaldeko zenbait eskualde garatu ahal izateko lanean aritu ziren, eta tartean, Lerin Solidario erakundeak Konakryn (Ginea) duen proiektua ezagutu zuten. «Asko hunkitu gintuen», nabarmendu du Lopetegik.

Carlos Yerro eta Paco del Rio dira erakunde horren bultzatzaileak; biak ere, Leringo (Nafarroa) bizilagunak, eta Lanbide Heziketako irakasle erretiratuak. «Gineako Kawewol herrixkari ematen diote laguntza. Asfaltatutako edozein errepidetatik ordubete baino gehiagora dagoen eremuan dago herri hori. Bertan, eguzki panelak dituen eskola bat eta ur edangarria lortzeko zenbait makina jarri dituzte martxan», azaldu du Lopetegik. Gaur egun, ospitale bat eraikitzen ari dira, eta hain zuzen, horretarako erabiliko dute VI. Txotx Solidarioan lortutako dirua.

Gimnastei aitortza

Edizio bakoitzean pertsona ezagun bat ekarri du Casino elkarteak afarira, txotx irekiera egiteko. Besteak beste, Juan Martinez de Irujo, Julen Lopetegi, Nerea Eizagirre, Irene Caminos, Migel Indurain eta Abraham Olano gonbidatu dituzte. Aurten, berriz, Tolosa CFko Gimnastika Erritmikoko taldeak izango du ekitaldiari hasiera emateko ardura. Taldeak azken urteotan kategoria desberdinetan izandako lorpenak nabarmendu nahi dituzte antolatzaileek. «Iaz, infantil neskak Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapeldun izan ziren, besteak beste», azpimarratu dute eta adierazi dute «oso pozik» daudela taldeak emandako berehalako erantzunarekin. Aitortza talde osoari egingo badiote ere, ordezkaritza txiki bat joango da afarira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!