Gaur zabaldu da epea inauterietako diru laguntzak eskatzeko

Ataria 2024ko urtarrilaren 11

Gaurtik aurrera eska daitezke inauterietako karrozetan zein konpartsetan parte hartzeko diru laguntzak; urtarrilaren 30a izango da eskaerak egiteko azken eguna.

Inauterietako karrozetan eta konpartsetan parte hartzeagatik Tolosako Udalak eskaintzen dituen diru laguntzak eskatzeko epea gaur zabaldu da, eta hilaren 30a izango da eskatzeko azken eguna.

Guztira, 45.000 euroko laguntza eskainiko dute, eta helburu nagusia da inauterietan karrozen eta konpartsen parte hartze «aktiboa» sustatzea eta indartzea. Horrez gain, baldintza batzuk betez gero laguntza handiagoa jasoko dute, kasurako, kideen erdia edo gehiago emakumezkoak badira, %10 gehiago jasoko dute; baita emanaldia euskara hutsean egiten badute ere.

Eskaerak aurrez aurre Udaten eta telematikoki Tolosako Udalaren erregistro elektronikoaren bitartez egin behar dira. Bide beretik, udal webgunean daude eskuragarri deialdiaren inguruko informazioa, oinarriak eta eskaera orriak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!