Gazteei zuzendutako ‘Bizkarsoro’ filmaren emanaldi berezia, ostiralean

Ataria 2024ko urt. 10a, 12:26

Ostiralean 19:30ean estreinatuko dute Tolosan Josu Martinezek zuzendutako filma; goizean gazteek ikusi ahal izango dute.

Ostiralean Bizkarsoro filma estreinatuko dute Tolosan eta bigarren hezkuntzako ikasleei zuzendutako emanaldi berezia antolatu dute goizerako «Euskal Herriko ezagutza soziolinguistikoa landu dezaten», udalak esan duenez. Izan ere, Josu Martinez zinemagilearen lehen film luze honek euskaldunek Ipar Euskal Herrian jasandako zapalkuntza du hizpide. 1914tik 1982ra bitartean gertatutako bost istorio biltzen ditu filmak, ahozko lekukotzetan eta idatzitako testuetan oinarritutako fikziozko istorioak, bost hamarkadatako kontakizuna, hain zuzen. 

Martinez aski ezaguna da zinemagintzan, bereziki dokumentalgile bezala; besteak beste, bederatzi dokumental luze egin ditu, eta horietako zortzi Donostiako Zinemaldian estreinatu dituzte. Zinemaren historian doktorea eta kultur antropologian lizentziaduna, Euskal Herriko Unibertsitateko zinema irakaslea da ere bada gaur egun. 

Ostiraleko emanaldia 19:30ean izango da, Leidor aretoan, eta zuzendaria bera ere bertaratuko da. Larunbatean ere ikusi ahal izango da 20:00etan Leidorren. Bi egunetarako sarrerak dagoeneko salgai daude. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!