ELKARRIZKETA

«Euskal Herriko edozein herri txiki izan daiteke Bizkarsoro»

Leyre Carrasco 2024ko urt. 9a, 07:59

Josu Martinez zinema zuzendariaren 'Bizkarsoro' filma estreinatuko da asteburu honetan Leidor aretoan; ostiralean 19:30ean eta larunbatean 20:00etan izango da ikusgai, eta sarrerak dagoeneko salgai daude Kutxabank webgunean. Ostiralean, filma proiektatu ondoren, Josu Martinez zuzendariarekin solasaldia ere egongo da.

Josu Martinez (Bilbo, 1986) dokumentalgile eta euskal zinemaren ikertzailea da. Bederatzi dokumentalen egilea da, horietatik zortzi Donostiako Zinemaldian estreinatutakoak. Azkena asteburuan Tolosan ikusgai izango den bere lehen film luzea da: Bizkarsoro. Baigorrin jasotako lana da, bertako herritarren parte hartzearekin batera, eta 1914tik 1982ra bitartean gertatzen diren bost istoriok osatzen dute. Euskal Herriko herri txikietako herritarren lekukotzetan eta idatzitako testuetan oinarritutako fikziozko bost istorioetan jaso du euskara eta euskaldunon historia Martinezek.

Zer kontatzen du 'Bizkarsoro'-k?

Fikziozko herri txiki batean gertatzen den istorioa da Bizkarsoro. Beraz, Euskal Herriko edozein herri txikia izan daiteke Bizkarsoro, eta bertan, XX. mendean zehar herri txiki horiek guztiz euskaldun izatetik, euskaldunak gutxietsiak, gaizki ikusiak eta minorizatuak izatera nola pasatzen diren kontatzen da. Hain urte gutxitan horrelako prozesu bat nola gertatu den kontatu dut belaunaldi ezberdinen arteko bost istorioen bidez; mende hasieratik hasita, bukaerara arte.

Nola sortu zitzaizun gaia hau jorratzeko ideia?

Bernardo Bertolucci zinema zuzendariaren Novechento lana ikusi nuen. Bertan, XX. mende osoan zehar Italiako herri txiki batean izan zen langile mugimenduaren eta burgesiaren arteko borroka kontatzen du zuzendariak, eta euskaldun gizartearekin horrelako zerbait egiteko gogoa sentitu nuen. Nola da posible gurea bezalako herri txiki batean eraldaketa kultural izugarri bat ematea hain urte gutxian? Zer gertatu da? Hori kontatu nahi nuen.

Horretarako, bost argazki atera dizkiozu XX. mendeari. Zer kontatzen da bost une jakin horietan?

Bost istorio ezberdin kontatzen dira eta istorio bakoitza belaunaldi ezberdin baten ikuspegitik dago kontatuta. Alegia, istorio baten protagonistak haurrak izango dira, beste batean gazteak, bestean helduak, eta horrela askotariko herri baten mosaikoa osatzen da. Istorio guztiak leku berdinean gertatzen dira, hortaz, pertsonai bat bestearen oinordekoa da. Unibertso horren baitan hariak osatzen joan naiz.

Horrez gain, azpimarratu nahiko nuke Tolosan edo Euskal Herriko edozein txokotan oso bertakoa sentitzea nahiko nukeela istorio hau, eta seguruenik ikusleek beren burua islatuta ikusiko dutela istorioren edo pertsonaia batekin. Istorioa Iparraldean kokatu dugu, beraz, Iparraldean euskararen garapenean garrantzitsuak izan diren bost momentuetan kokatu dugu.

Lehena Lehen Mundu Gerraren testuinguruan kokatzen da; bigarrena XX. hamarkadan eman zen eskolaren unibertsalizazioarekin du lotura, eskola herri txikietara iristeak izan zuen alde onekin batera, euskararen kontrako debekuak iritsi zirenean; hirugarrena Bigarren Mundu Gerra garaian kokatuta dago, 40. hamarkadan alemanek Ipar Hego Euskal Herria okupatu zutenean eta Hegoaldeko errefuxiatuak Iparraldera etorri zirenean; laugarrena 50 eta 60. hamarkadetan dago kokatuta, non herri askotan euskara galtzeko puntuan egon zen eta ia ez zen euskaldunik geratzen; eta azkeneko istorioak euskararen berpizkundearen inguruan hitz egiten du, 70. hamarkadatik aurrera etorri zen ikastolen sorrera eta belaunaldi berri batek pentsatu zuenean posible zela euskalduna eta modernoa izatea.

Dokumentazio lan handia dago atzean. Zaila izan da nondik hasi jakitea?

Hastea beti izaten da errazena, eta ondoren etorri den lana polita izan da, hau da istorioen barneko hariak eraiki eta unibertso horri forma ematea. Baina esan beharra dut nik ez dudala gauza handirik asmatu, ahozko lekukotzetan oinarritu naiz, historia zaharretan. Ikastolaren sorreraren garaiaren inguruan elkarrizketa pila bat egin ditut, eta, Harkaitz Canok esaten zuen moduan, fikzioaren eta errealitatearen arteko desberdintasuna da fikzio koherentea izan behar duela eta nik hori egin dut. Horretarako, osagaiak nahastu eta guztiei forma ematen saiatu naiz, eta modu horretan, fikzio bidez Euskal Herriko edozein herri txikiko istorio bat eraiki dut, ez Baigorrikoa soilik.

Hala ere, dokumentaletik asko du, historia guztiak egiazkoak direlako eta uste dut ikusleek egiazko sentituko dituztelako. Gainera, ez da aktoreekin egindako filma bat, herritarrekin egindako filma bat da. Herritarrak, haiek beren burua islatzen aritu dira eta beren aitatxi eta amatxiren figura antzeztu dute. Hori oso ederra izan da.

Belaunaldi ezberdinen parte hartzea izan duzula aipatu duzu. Belaunaldi berrien kasuan, zaila suertatu zaie garai haietako haurren papera antzeztea?

Gaur egun Baigorriko haurrak euskaraz egiten duten arren, ez dira ohartzen duela gutxi euskaraz egitea debekatuta zegoela. Filmaketan beren aitatxi eta amatxien papera egin behar zutenean eta filmaketako une batzuetan euskaraz egitea debekatuta zegoela esaten genienean harrituta geratzen ziren eta oso gaizki bizitu dute. Beraz, memoriaren berreskurapen ariketa bat egiteko balio ere izan du lan honek.

Beste adibide bat jartzearren. Filmean 70eko hamarkadako pertsonaia gazte bat agertzen da, euskaraz hitz egiten ez dakiena eta amak ez zion erakutsi. Antzeko istorioa zuen Lea izeneko gaztea aukeratu nuen paper hori antzeztu zezan. Leak oso barnetik bizi izan zuen eta oso polita izan zen. Baina politagoa izan zen hortik hilabete batera berriro elkar ikusi genuenean eta barnetegian izena eman zuela kontatu zitenean. Euskaldun izateko gogoa zuen, eta urte luzez izan duen debeku horren zergatia ulertzeko ere lagundu zion.

Beraientzako lagungarria, baina zutzako ere izan da aberasgarria, ezta?

Guztiz. Gainera, herritarrekin ez gara soilik kamera aurrean aritu, kamera atzean ere jende pila batek lagundu gaitu eta horrek herrian gai honen inguruan asko hitz egitea ekarri du. Normalean, aipatzen ez den kontua izaten da hau, baina badakit jende asko dagoela euskararen kontzientzia duena eta ez duena gogoetarik egiten, eta uste dut honen inguruan gehiago hitz egin beharra dagoela.

Baigorriko 200 herritar baino gehiagoren parte hartzea izan duzu. Kopuru handia da, hori zuzentzea zaila izan da?

Bai handia da, gainera, Baigorrin 1.500 biztanle daudela jakinda, herriko parte handi batek parte hartu duela esan daiteke. Ez da zaila izan, film honek izan duen indarretako bat hori izan baita. Pentsa, film luze bat egiteko behar den diruaren %5 edo %10arekin egin dugu, eta orokorrean sei edo zazpi astez filmatzen bada, guk atal bat urte bakoitzean bi egunetan edo hiru egunetan egin dugu. Alegia, filma orotara hamar egunetan edo bi astetan filmatu dugu, eta hori jendearen laguntzari esker izan da. Auzolanean egindako filma izan da.

Aktore zerrenda zabala ere izan duzu eskura; esaterako, Fuch anaiak edota Ander Lipus aktoreek parte hartu dute. Nolakoa izan da horiekin lankidetza?

Goxoa, eta herritarrekin lan egitea bezala, hauekin lan egitea ere beti izaten da berezia.

Mapetan agertzen ez den herri bat sortu duzu. Nolakoa da Bizkarsoro?

Fisikoki Baigorriren antz handia du. Mendialdeko herri bat da, txikia, landa eta baserri mundukoa eta nire ustez hegoaldeko herri askoren antza izan dezake. Bertan ikusi daitekeen moduan, mende hasieran herriko elizak garrantzi handia zuen eta klase sozialen arteko tentsioak ere agertzen dira. Euskal Herriko edozein herri txiki izan daiteke Bizkarsoro.

Euskara izan duzu oinarri. Zein esango zenuke dela gaur egun euskararen egoera?

Ideologia hori gaur egun ere presente dagoela uste dut, baina beharbada modu inkontzientean. Azkenean, XX. mendean gertatu diren gauza guzti horien azpian ikusi da hizkuntza guztiak ez direla maila berean baliagarriak. Alegia, badaudela hizkuntza txikiak eta handiak, hizkuntza modernoak eta tradiziozkoak, hizkuntza gazteak eta zaharrak, edota baliagarriagoak diren hizkuntzak edo ez hain baliagarriak. Hori euskaldun askok sartuta daukagula uste dut eta hori minorizazio prozesuaren edo diglosiaren funtsean dago. Gaur egun zapalkuntzaren formak ikusezinagoak dira eta horregatik uste dut garrantzitsua dela kontzientzia piztea.

Zein izan da lan honen helburu nagusia?

Unibertsitateko irakaslea naiz eta nire ustez euskara ez dugu bakarrik gramatika bat bezala erakutsi behar, euskal kultura ere erakutsi behar dugu, nondik gatozen eta gure istorioa zapalkuntza baten istorioa dela jakin behar dugu. Askotan esaten da euskara erakargarriagoa egin behar dela eta ni horrekin ados nago noski, baina jakin behar dugu borroka hori ez dugula inoiz irabaziko jendeari ez badiogu hitz egiten bihotzera. Filma batean ikusleak bihotzetik harrapatzen dituzu eta horrela hitz egin behar zaio jendeari, askok ahaztuta baitaukate. Haurrei ere eskolan kontatu egin behar zaie, bestela zein motibazio izango dute euskaraz hitz egiteko? Gure historia zein den azaldu behar diegu. Gizakiak zapalduen alde jartzen gara beti, emakumeen alde, migratuen alde edo sufritzen duenaren alde, baina ahaztu egiten bazaigu edo ez badakigu halakoak garenik, ez dugu motibaziorik izango. Horregatik, pelikula honekin eztabaida hori piztu nahiko nuke.

Zein harrera jaso du filmak? Zinemaldian ere aurkeztu zenuen, 'Mirande, film bat egiteko zirriborroa' lanarekin batera.

Harrera oso polita izan zuen, baina badakizu estreinaldi egunetan beti hitz politak baino ez dituzula jasotzen. Frantziako Estatuan Donibane-Lohitzuneko Zinema Festibalean ere aurkeztu genuen eta oso polita izan zen 600 pertsonako aretoa guztiz bete baitzen. Gehienak euskal herritarrak ziren baina ez euskaldunak. Bertan zeuden ikusleei izugarrizko shock-a eragin zien, eta filma ikusi ostean, denek nahi izan zuten hitz egin edo zerbait aipatu. Oroitzen naiz gizon zahar batek hitza hartu zuela eta euskaraz hitz egiten hasi zen, baina ongi ez zekienez frantsesez jarraitu zuen eta eskolan euskaraz hitz egitea debekatu zioten haurrarekin identifikatuta sentitzen zela esan zuen eta negarrez hasi zen. Oso momentu hunkigarria izan zen.

Asteburu honetan Tolosan estreinatuko duzue. Herritarrak bertara animatzeko mezurik?

Tolosan ikustera etortzen diren herritar guztiak, euskaldunak izan edo ez, seguru nago beren burua identifikatuta ikusiko dutela pertsonaiaren batekin edo barnetik zerbait piztuko zaiela. Azkenean, Euskal Herrian guztiok daukagu hizkuntzarekin harreman gatazkatsu bat.

Dokumentalgile, euskal zinemaren ikertzaile eta Euskal Herriko Unibertsitateko zinema irakasle ere bazara. Aspertzeko denborarik ez, ezta? Baduzu beste proiekturik esku artean?

Ez naiz asko aspertzen, ez. Orain ideia batzuk baditut, baina lehen aipatu duzun moduan, iaz bi lan estreinatu nituen –Bizkarsoro eta Mirande, film bat egiteko zirriborroa– eta datozen hilabeteetan Bizkarsorok ahalik eta zabalpen handiena izatea nahiko nuke. Bestetik, unibertsitatean nahiko lan daukat nire ikasleak ebanjelizatzen eta horretan zentratuta nago momentu honetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!