56 ikasleren lanek osatuko dute EmakumeARTEan erakusketa

Tolosaldeko Ataria 2024ko urt. 10a, 07:57
Pili Aguadok eskainitako ikastaroan sortutako lanetako bat.

Jabetze Eskolako lau tailerretan parte hartu duten ikasleen 245 obra izango dira ikusgai Aranburu jauregian; etzi egingo dute inaugurazioa, musikaz lagunduta.

Jabetze Eskolako ikasleen artelanen erakusketa hartuko du Aranburu jauregiak datozen egunetan. Hirugarren urtez egongo dira ikusgai Jabetze Eskolako ikasleen sorkuntza lanak. Aurtengoan, 56 ikaslek sortutako 245 obra izango dira.  

Etzi, ostiralean zabalduko ditu ateak EmakumeARTEan erakusketak eta otsailaren 3a bitarte bisitatu ahalko da, asteartetik larunbatera, 17:30etik 20:30era (jaiegunak itxita). Etzi egingo dute inaugurazio ekitaldia 19:00etan, eta ekitaldia girotzen Ane Urbizu akordeoi jotzailea eta Itziar Vargas biolin jotzailea egongo dira.

Sorkuntza artistikorako eta ahalduntze indibidual eta kolektiborako izan diren lau ikastaroetan sortutako lanekin osatutako erakusketa da ikusgai izango dena. Hain zuzen, Sormen akelarrea! Hartu pintzelak eta dibertitu! ilustrazio ikastaroan, Xilografia tailerra (linolio gainean): Sormena eta aldarrikapenak plazara!, Nuestras emociones pintadas pintura ikastaroan eta Sormenezko argazkigintza ikuspegi feministatik argazki tailerrean sortutako lanak batuko ditu EmakumeARTEan erakusketak. 

Esate baterako, ilustrazio tailerreko lanei dagokienez, teknika hainbat ikasiz, (akuarela, marrazketa, collagea, estanpazioa...) sormenenerako duten ahalmenera hurbildu dira parte hartzaileak. Tailer hori partekatzeko eta sormenarekin esperimentatzeko topagunea izan da eta erakusketan prozesu guztiaren emaitza ikusi ahal izango da. 

Xilografia lanetan, halaber, antzinako teknika horren bitartez, hitzak, irudiak, aldarrikapenak, amets eta desioak linoleo gainean grabatu dituzte parte hartzaileek, eta ondoren paper eta oihal gainean estanpatu. 

Nuestras emociones pintadas pintura tailerreko ikasleek, bestalde, barne hausnarketa baten bidez, norbere buruari ikusten dizkioten indarguneak eta emozioak margotu dituzte, mandaletan zein abstrakzioetan, autoezagutza eta autokontzientzia handiagoa lortuz.­

Argazkigintza ikastaroa landu dutenek, berriz, bi lan burutu dituzte: ikasleek ateratako argazkiekin osatutako collageak, batetik, eta arropa marka ezagun batek emakumeei zuzendutako publizitatearen argazki bidezko parodia kritikoa, bestetik. 

Pili Aguado (ilustrazioa) Oihana Ugarte Iriarte (xilografia), Leire Markinez Calvo (pintura) eta Ura Iturralde Larrañaga (argazkilaritza) izan dira ikastaro horietako irakasleak.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!