Palestinari elkartasuna adierazi diote Tolosan

Ataria 2024ko urtarrilaren 5a

Eraildako 1.100 palestinarren izenak irakurri dituzte, urriaren 7tik Gazan eragiten ari diren sarraskiaren lagin gisa. Ondoren elkarretaratzea egin dute Trianguloan.

Tolosatik Palestinara aitortza ekimena antolatu dute gaur Trianguloan Gazako sarraskitik iristen diren zenbakien atzetik pertsonak daudela erakusteko.

11:30ean hasita 30 herritar inguruk, bost segundoero, Gazan eraildako herritar baten izena irakurri dute. Tolosako kale guztietan entzun dira izen horiek. Aritz Lopez Tolosatik Palestinara ekimenaren antolatzaileak argitu duenez kontzientziazio lan bat egin nahi izan dute gaurko saioarekin: "Komunikabideetan entzuten ditugun zifra horien atzean pertsonak daude, bizitzak daude. Izena jarri nahi genien pertsona horiei guztiei, kontzientzia har dezagun eta konturatu gaitezen zer tamainako sarraskia egiten ari diren Gazan".

Guztira, 1.100 izen irakurri dituzte ordu eta erdian. "20.000 hildakotik gorako zenbakiak ematen ari dira eta izen guztiak irakurri beharko bagenitu, etenik gabe, 30 orduko ekimen bat egin beharko genuke", adierazi du Lopezek.

Behin izenen irakurketa amaitu ondoren elkarretaratzea egin dute Trianguloan. "Berehalako su etena eskatzen dugu, sarraskiarekin amaitu dadila, eta elkarrizketa bidez, behingoz konponbidea eman diezaiotela gatazkari", esan dute Tolosatik Palestinara ekimenaren antolatzaileek .

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!