Klaratarren komentuak jabe berria du

Ataria 2023ko abe. 28a, 08:47

Klaratarren asmoetara gehien gerturatzen den proposamena Espainiako Alba Etxearena izan dela jakin ahal izan du ATARIA-k. Horrela baieztatu diote azarora arte komentuan bertan bizi ziren mojek.

Abenduak 28, 20:30: ATARIA-k Inozenteen Egunaren harira kaleratutako albistea da hau. 

Hiru mende luzeren ondoren, azaroan itxi zituen ateak Tolosako Santa Klara komentuak, eta bertako mojak Gasteizera joan zirenetik, hutsik dago eraikina. Utzi zutenean, euren asmoa etorkizunean ere erlijiozko erabilera bat mantentzea zela esan zuten. Hori bai, esan zuten prest egongo liratekeela espazioa kultur ekimenen eta jardueraren bat egiteko uzteko, beti ere, proiektuak «bat egin» beharko luke klaratarren «bizitza ereduarekin».

Bada, antza ez da helburu horiek betetzen dituen proposamenik aurrera eraman ahal izan. Klaratarrek ATARIA-ri azaldu diotenez, hainbat izan dira bai Tolosako Udaletik bai eta bestelako erakunde publiko nahiz pribatuen aldetik egindako proposamenak, baina, horietatik soilik bat gerturatu da mojen nahietara.

Albako Etxea Espainiako aristokraziako familiarik zaharrenetakoa eta ezagunenetakoa da, eta Espainiako aberastasun handienetakoa du, jauregiek, nekazaritza-lurrek, higiezinen jabetzek, sozietateek, burtsako partaidetzek eta arte-bilduma paregabe batek osatua.

Jauregi horietako bat, hain zuzen, Donostiako Arbaizenea da. Guztien artean ezagun da albatarrek Donostian eginiko egonaldiak, batez ere, uda garaian. Bada, ATARIA-ren informazioaren arabera, Donostiako jabetza hori saldu egin dute, bertan goi mailako hotel bat egiteko. Jabetza horren salmentan piztu omen zen Tolosaren eraikinarekiko albatarren interesa. Mojek azaldu dutenez, lurraldearekin aspaldiko urtetan familiak izan duen lotura ez zuten eteterik nahi, eta horregatik jarri ziren eurekin harremanetan komentuaren inguruan interesa azalduz.

Komentuak dituen ezaugarriak albatarrentzat oso erakargarriak direla kontatu dute mojek. «Ondo kokatu eta kontserbatutako eraikina da, kutsu erlijiosoa du, bere kapila eta guzti, eta gainera, tenperatura altuei eta baxuei aurre egiteko aproposa da, besteak beste artelan baliotsuak gordetzeko». Albatarrek aintzat hartu dute, era berean, komentuarekin batera dagoen lursaila: «Bertan zalditegia jarriko dutela esan dute, eta Tolosa bera eta inguruak ere oso egokiak iruditzen zaizkie euren zaldiekin ibiltzeko».

Bai artelanek bai eta zaldiek ere balio ekonomiko kalkulaezina dute, eta segurtasunean diru asko utzi ohi du Alba Etxeak. Kasu honetan, garrantzi handia eman diote komentuak segurtasunaren ikuspegitik duen kokapenari, alboan Ertzain etxea egoteari alegia.

Herrira begirakoak

Klaratarrek baldintza batzuk zehaztu zituzten eraikinaren salerosketan. Horien artean, Tolosari eta tolosarrei begira ere egotea: «Gu bagoaz, baina Tolosak jakin behar du gauden tokian gaudela otoitz egiten jarraituko dugula lau mende baino gehiagotan gurekin egon eta lagundu digutenen alde», azaldu zuen agur ekitaldian Genoveva Zabalak komentuko azken abadesak. Horregatik, adostu dute herriari begirako zerbitzua ere eman behar duela.

Zerbitzu horiek erabat zehazteko dauden arren, mahai gainean jarri dituzten hainbat ideiaren berri ere izan du ATARIA-k: Batetik, zaldiak bertan izango dituztenez, komentuaren kanpoaldean bi zalgurdi egongo dira, eta horiek Tolosan bisita gidatuak egiteko erabiliko dituzte, turismo bulegoarekin elkarlanean; zaldien zaintzari dagokionez, eskualdeko Lanbide Heziketako zentroekin dagoeneko jarri dira harremanetan ikasleek praktikak bertan gauzatzeko.

Bestetik, Zumarditxikia parean egoteari ere balioa ematen diote albatarrek, eta bertan beste azoka berezi bat egitea proposatu asmo dute: Apirileko Peria. Andaluzian apirilean egiten dena Tolosara ekarri nahi dute, bertako kulturarekin uztartuz. 2024ko Aste Santuko bigarren asteburuan, hau da, apirilaren 6 eta 7an Zumarditxikia kasetez beteko da, Andaluziako musika, jantzi eta jakiekin batera.

Herriari eskainiko lioketen zerbitzu kulturalen artean, zezen plazari bizia ematea dago. Alba Etxeak positiboki baloratu ditu udalak zezen plazan berriki eginiko zaharberritze lanak, eta hilero zezenketak egingo dituzte.

Bestalde, Alba etxeak oso presente eduki du une oro euren ama, Albako Cayetana. «Izan ere bai Donostia, bai eta lurraldea ere asko maite zituen, euskal kultura bezala». Gogoratu dute, halaber, 2012an Tolosan izan zela, herriaz eta bertako gastronomiaz gozatzen.

Albako Cayetanak txikia zenetik egin ditu Euskal Herrian udako egonaldiak, eta euskaraz hitz egiten ere ikasi zuen, tartean hainbat abesti, ‘San Sebastian martxa’ eta ‘Galtzaundi’, kasu.

 

Argazkian Albako Cayetana, Tolosara egin zuen azken bidaian, 2012ko otsailean.

 

Abenduak 28, 20:30: ATARIA-k Inozenteen Egunaren harira kaleratutako albistea da hau. 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!