Santa Klara komentuak ateak itxiko ditu 357 urte eta gero

Aitor Arroyo Askarai 2023ko aza. 8a, 17:59

Haien ibilbidea jasotzen duen erakusketa jarriko dute Aranburu Jauregian, eta larunbatean egingo dute komentuaren agur ekitaldia

Hiru mende baino gehiagoko ibilbidearen ondotik, ateak itxiko ditu Tolosako Santa Klara komentuak. Itxieraren atarian, hainbat ekimen antolatu dituzte herria agurtzeko: Aranburu Jauregian erakusketa bat jarriko dute; hainbat liburu ondu dituzte konbentuko bizitzaren nondik norakoak gordetzeko, eta agur ekitaldia egingo dute larunbat goizean.

Aranburu Jauregiko erakusketa ostiral honetatik aurrera egongo da ikusgai, eta klaratarren bizitzaren xehetasunak aurkeztuko ditu jendaurrean jarriz hamasei panel eta komentuko zenbait tresna. Helburu berari jarraiki, hainbat liburu ondu dituzte Joseba Urretabizkaia argazkilariak eta Fernando Hualde idazle eta historialariak. Larunbatean, aldiz, eraikina agurtzeko eukaristia egingo dute 11:00etan. Donostiako Fernando Prado gotzainak gidatuko du saioa eta parte hartuko du Tolosako Andre Mariaren musika kaperak ere. Ekitaldiaren ondoren liburuak aurkeztuko dituzte, eta horiek eskuratzeko aukera ere izango da.

Eraikinaren etorkizuna
Hiru mende pasatxoren ondoren hutsik geratuko da Santa Klara komentua, eta bakarrik sortzen da galdera: zer gertatuko da eraikinarekin? Arduradunek azaldu dutenez, lehen asmoa da etorkizunean ere erlijiozko erabilera bat mantentzea, baina onartu dute ez dela «erraza» izango.

Era berean, kontatu dute prest egongo liratekeela espazioa kultur ekimenen eta jardueraren bat egiteko uzteko; baldintza nagusi batekin, ordea, aipatu proiektuak «bat egin» beharko luke klaratarrek mantendu duten «bizitza ereduarekin». Bi aukera horiez gain, momentuz, ez dute besterik aurreratu.

Lau mendeko ibilbidea
Santa Klararen ordena 1612an iritsi zen Tolosara, eta garai hartan Korreo kaleko Iturritza Jauregian jarri ziren bizitzen. Urte batzuk geroago, 1666an «haien beharretara egokitutako» komentua eraiki eta bertara mugitu ziren.

Klaratarrek hiru mende igaro dituzte bertan, gaur egun, lau kide geratzen dira eta, azarotik aurrera, Gasteizera lekualdatuko dituzte. Lau horietatik bi Tolosako Bedaio auzoko ahizpak dira, eta bata Santa Klara komentuko azken abadesa da: Genoveva Zabala. Esker oneko hitzak besterik ez ditu izan komentuaren itxiera iragartzeko garaian: «Gu bagoaz, baina Tolosak jakin behar du gauden tokian gaudela otoitz egiten jarraituko dugula lau mende baino gehiagotan gurekin egon eta lagundu digutenen alde».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!