Hodeiertz eta Arimaz taldeak, bat eginda Gabonetako kontzertuan

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko abe. 21a, 19:59

Hodeiertzen 40. urteurreneko emanaldia. Argazki: Juan Urretabizkaia

Emanaldi berezia eskainiko dute larunbatean, hilak 23, Tolosako San Frantzisko elizan, 20:15etik aurrera.

Hodeiertz abesbatzaren Eguberrietako kontzertua berezia izango da aurtengoan. Larunbatean izango da, 20:15etik aurrera, San Frantzisko elizan, eta Arimaz Kamera Orkestrarekin batera ariko da. Hodeiertz abesbatzako Iraida Loinazek esan du emanaldian normalean kalean entzuten ez den musikarekin gozatu ahal izango dela: « Kontzertua Arimaz taldeak hasiko du Giovanni Battista Sammartiniren sinfonia batekin eta gero elkarrekin Vivaldiren Gloria eskainiko dugu eta baita Gabonetako zortziko batzuk ere, bai Felipe Gorritiren Eguzki aldetikan eta baita Eduardo Mocoroaren Jendea dabil pozez eta Goazen guztiok, goazen ere. Ez dira normalean kalean entzuten diren piezak. Programa berezia prestatu dugu».

Larunbatekoa ez da izango Hodeiertz eta Arimaz batera aritzen diren lehen aldia, baina kontzertua batera prestatu dute eta Gabonetako emanaldi berezia, bereziago egiten saiatu dira. «Gabonetakoa oso berezia izaten da guretzat, Tolosan kalean abesten dugunean normalean kontzertuetara gerturatzen ez den jendea ikusten dugu».

Vivaldiren Gloria berezia da Hodeiertz taldearentzat eta lan gehiago ekarri badie ere, taldekideak oso gustura daudela azaldu du Loinazek. «Egia esan ez dugu denbora askorik izan emanaldia prestatzeko. Urrian bukatu genuen 40. urteurrenaren kontzertua eta orduan hasi ginen honekin. Vivaldi izanda hartzen ditu garai hartako musika desberdinak, saiatzen da dauzkan zenbaki desberdinetan garai hartako musika desberdinak biltzen, eta horregatik lana oso aldakorra da pieza batetik bestera eta gustura hartu dugu. Denok esan genuen berehala baietz, nahiz eta horrek ekarri digun etxean lan gehiago egitea. Solistak izango dira ere, Lorea Lopez eta Pilar Sanchez sopranoak, eta David Azurzak kontraltoa egingo du. Oso pieza polita da. Arimaz taldea eta gu ez gara oso talde handiak eta oso orekatuta geratuko da». Emanaldian sorpresaren bat egongo dela ere aurreratu du.

40. urteurrena
Hodeiertzen 40. urteurrenari buruz Loinazek esan du nekatuta badaude ere, oso kontentu daudela. «Herritarren harrera sumatu dugu. Urrian egin genuen kontzertu berezia eta 3 obra estreinatu genituen, oso berezia izan zen... sentsazioa da musika aldetik denetarik egin dugula, kalean izan garela eta musika serioagoa egin behar izan dugunean ere hor egon garela... Herritarrak erakartzen saiatu gara, musika desberdina egiten... eta oso kontentu gaude».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!