Patinajearen ikusgarritasuna, Usabal kiroldegian

Imanol Garcia Landa 2023ko abe. 14a, 11:58

Iazko Irristaka Indoor Sariaren une bat.

VIII. Irristaka Indoor Saria egingo da igandean Tolosako Usabal kiroldegian; ehundik gora patinatzaile ariko dira lehian, zortzi urtetik hasi eta nagusien mailara arte.

Aurten ere patinajearen ikusgarritasunaz gozatzeko aukera izango da Tolosako Usabal kiroldegian. Irristaka taldeak antolatuta, igande goizean VIII. Irristaka Indoor Saria izango da jokoan. 09:00etan hasiko dira probak, eta sarrera doan izango da.

Usabalgo goiko kantxan ariko dira patinatzaileak, beraz, egur gainean. «Proba oso motzak dira, lau itzulitakoak eta launakako txandak egiten dira», esan du Irristaka taldeko Beñat Azurmendik. «Goi mailako patinatzaile batek 30 segundo inguru behar izaten ditu lau itzuliak osatzeko, beraz, oso karrera biziak dira, eta horrelako pista txiki batean aurreraketak eta bihurguneak nola hartzen diren izugarria da. Esan daiteke patinajeko modalitate ikusgarrienetakoa dela».

Guztira 112 patinatzailek eman dute izena, horietatik 66 emakumezkoak eta 46 gizonezkoak. «Nabarmentzekoa da patinajean emakumezkoen eta gizonezkoen parte hartzea parekatua izaten dela, eta oraingoan emakumezkoen kopurua handiagoa izango da», azaldu du Azurmendik. Hiru mailatan banatuko dira parte hartzaileak. Aurten lehenengo aldiz eskola kirola maila egongo da (8 eta 11 urte bitartekoak), bestea gazteen maila izango da (12 eta 16 urte bitartekoak) eta hirugarrena helduen maila (16 urtez gorakoak). Parte hartzaileak ezinbestean eskola kirolean izena emanda edo federatuta egon behar dira. Eskola kiroleko 35 patinatzaile izango dira, gazteen mailan 47 eta nagusien mailan 30.

Bi modalitateko probak izango dira. Batetik abiadurakoa, aurretik aipatutako lau itzulitakoa, eta txandatan egingo dena. Bestetik, iraupeneko proba bakarra izango da: gazteen mailan bederatzi itzulikoa eta nagusien mailan hamabikoa. «Iraupenekoa ere ziztu bizian egingo dute, hegan joango dira», esan du Azurmendik. «Bestalde, aniztasun handia izango da. Hau da, lehenengo aldiz proba batean parte hartuko dutenak, eta nagusien mailan ariko diren goi mailako patinatzaileak, tartean munduko txapelduna izan den Patxi Peula». Probak hain biziak izanik, emaitzetan ezustekoak izan daitezke, Azurmendik gaineratu duenez: «Bihurgune batean pixka bat despistatzen bazara, bi postu galdu ditzakezu eta agian ez diozu egoerari buelta ematen».

Beste berritasun bat igandeko proba Euskal Ligarako baliagarria izango dela da. Hain justu, hirugarren jardunaldia izango da jokoan. «Aurten sortu da Euskal Liga, eta Irristakaren Indoor Saria ligaren probetako bat izango da», azaldu du Azurmendik. «Beraz, horrek beste motibazio bat erantsiko die igandean parte hartuko dutenei».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!