‘Kelonia eta itsasoa’ emanaldia larunbatean

Ataria 2023ko abenduaren 13a

Tailerra eta ikuskizuna izango dira Topic zentroan; Gorakada konpainiaren antzezlana lau urtetik gorakoei zuzendua dago

Tailerra eta ikuskizunaz gozatzeko parada izango da larunbatean, hilaren 16an Topic zentroan. Tailerra 17:00etan izango da, eta ikuskizuna, berriz, 18:30ean.

Euskal herriko Gorakada konpainiaren Kelonia eta itsasoa ikuskizuna izango da eskainiko dutena. Topic zentrotik esan dutenez, Kelonia eta itsasoa abesti itxurako istorioa da, adiskidetasunaz eta biziraupenaz hitz egiten duena: «batzuei mesede egiten dienak, besteei kalte egin diezaiekeen mundu batean leku propio bat bilatzeari buruzko kontakizuna da». Istorio «samur eta dibertigarria» dela azaldu dute, antzoki bateko bastidoreen artean kontatua, zuzeneko musikaren eta objektuen antzerkiaren bidez lotua.

Istorioari erreparatuta, dortoka txikia da protagonista. Ilargirik gabeko gau batean jaiotzen da hondartzan. Bere senak esaten dio izarren islari jarraitu behar diola uretan itsasoraino iristeko, baina, hiriko argiek nahasturik, dortoka, jakin gabe, mundu zeharo ezberdin batean barneratzen da.

Lau urtetik aurrerako haurrek familian ikusteko ikuskizuna dela esan dute Topic zentrotik. 55 minutuko iraupena du, eta gaztelaniaz izango da. Tailerra eta ikuskizuna sarrera konbinatuan izena emateko, 943 650 414 telefono zenbakira deitu edo pedagogia@cittolosa.com helbidera idatzi beharko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!