Gipuzkoan «ihes egiteko» gonbita luzatu dute

Ataria 2023ko abe. 11a, 14:06

Gabonetako turismo kanpainaren barruan, 'scape room'-ak egingo dituzte hainbat herritan, tartean Tolosan, abenduaren 28an.

Ihes egin Gipuzkoara Gabonetako kanpaina turistikoa aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Bi hartzaile motari zuzenduta dago: batetik, Espainiako hainbat lekutatik etortzen diren bisitariei, eta, bestetik, festa hauek Gipuzkoan zehar mugitzeko aprobetxatzen dituzten gipuzkoarrei edo hurbileko txangozaleei.

Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak esan duenez, «kanpaina bat dator nire departamentuak bultzatu nahi duen ildo estrategikoarekin. Gure ustez, funtsezkoa da desestazionalizazioan aurrera egitea, turisten fluxuak modu orekatuagoan bana daitezen urte osoan eta lurralde osoan zehar. Horrela bakarrik lortuko dugu turismoaren eta gipuzkoarren arteko elkarbizitza hobea izatea». 

Espainiako txokoetatik datozen bidaiariei begira, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak hainbat iragarki kaleratu ditu. Batez ere sare sozialen bidez zabalduko dira, eta, «konparazio atseginak eginez», bisitariek Gipuzkoako Gabon jaien berezitasuna ezagutzeko aukera izango dute. Horiekin guztiarekin batera, plan-proposamen batzuk egingo dira, Gipuzkoaturismoa.eus webgunean eta sare sozialetako profilean eskuragarri egongo direnak. 

Kanpainaren ekimenik berritzaileena hurbileko jendeari zuzendutakoa da, jaiak Gipuzkoan zehar mugitzeko aprobetxatzen dituen eguneko turistarentzat, alegia. Horiei zuzenduta, Street Scape bat sortu dute. Jarduera hori ohiko scape room-en antzekoa izango da, eta hainbat lekutan garatuko da: Zarautzen, abenduaren 26an; Zumarragan, abenduaren 27an; Tolosan, abenduaren 28an; Ordizian, urtarrilaren 3an, eta Errenterian, urtarrilaren 4an. 

«Familiei, koadrilei eta scape room-ak maite dituztenei zuzendutako esperientzia da, baina baita denbora-pasa dibertigarria egin nahi duen edonori zuzendutakoa ere. Jarduera euskaraz eta erdaraz izango da, taldeka egingo da, eta udalerri bakoitzaren historian eta kondairetan sakontzeko aukera emango du», azaldu du Olaya Landak, eXperientziak  jarduera sortzeaz eta kudeatzeaz arduratu den enpresa zarauztarraren zuzendari eta sortzaileak. 

Herri bakoitzak bi saio izango ditu: 17:00etatik 18:00etara eta 18:30etik 19:30era. Jardueran parte hartzea doakoa da, baina aldez aurretik izena eman behar da, udalerri bakoitzeko parte-hartzaileko muga ezartzen baita. «Gabonetan, Gipuzkoa interesgarria eta erreferentziazkoa den helmuga bihurtu nahi dugu txangozaleentzat eta bidaiarientzat. Asko dugu eskaintzeko, eta balioa emateko garaia iritsi da, urrutitik bisitatzen gaituztenek ez ezik, hurbilen ditugun txangozaleek ere Gipuzkoa sakon ezagutu dezaten, gure lurraldeko xarma turistikoaz gain, gure kultura eta tradizioa ere deskubrituz, horiek baitira gipuzkoar gisa ezaugarritzen gaituztenak».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!