INAEMeko antzerki eta zirkuko zuzendariordea, Titirijain

Ataria 2023ko aza. 28a, 16:19

Ana Fernandez, Topic museora egindako bisitan.

INAEM-eko antzerki eta zirkuko zuzendariorde Ana Fernandezek Yanni Younge productions konpainia hegoafrikarraren lana ikusi ahal izan zuen.

Abian da Titirijai jaialdia. Pasa den larunbatean hasi zen eta abenduaren 3ra bitarteko egitaraua prestatu dute. Inaugurazio ekitaldian INAEM-eko (Instituto Nacional de Artes Escénicas) antzerki eta zirkuko zuzendariorde Ana Fernandez egon zen, jaialdira zein TOPIC-era gerturatzen zen lehen aldia izan zelarik. Yanni Younge productions konpainia hegoafrikarraren lana ikusi ahal izan zuen inaugurazio ekitaldian eta Estitxu Zaldua eta Juanjo Herrero TOPIC-eko zuzendariek bisita gidatua egin zioten txotxongiloaren nazioarteko zentroan. «Niretzat pribilegio bat da hemen egotea, TOPIC txotxongiloen etxe honek oroimenerako duen esperientzia hunkigarria da», esan zuen Ana Fernandezek. «Txotxongilo-ikusle naizen aldetik, diziplina maite dut txikitatik. Segovian bizi nintzenean erraldoi eta buruhandien desfileetara joaten nintzen. Irudi horiei zerien boterea ikaragarria zen, oroimenean grabatuta geratu zen betiko. Zein ona den Tolosan haurtzaroaren oroimenera lotutako leku bat egotea, oso museo ederra da, erakusketa-diseinu modernoa du eta poesiaz betea dago», gaineratu zuen.

TOPIC sekulako sorpresa izan zen INAEMeko zuzendariordearentzat. «Museo hau hain ondo dago antolatuta, ezen gurasoentzako, haurrentzako eta arte horretara jakin-minetik eta dokumentaziotik hurbiltzen diren profesional guztientzako pribilegioa baita». Amaitzeko, museoak duen ikasmateriala goraipatu zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!