Bederatzi egun izango ditu azaroaren 25ean hasiko den nazioarteko txotxongiloen jaialdiak

Ataria 2023ko aza. 16a, 19:23

Titirijai-ren 41. edizioko egitaraua aurkeztu dute. Txotxongiloak gustuko dituztenek 20 ikuskizun, tailer bat eta munduko hainbat lekutako ordezkarien hitzaldiak ikusi ahal izango dituzte Tolosan. Abenduaren 3an amaituko da jaialdia.

Azaroaren 25etik abenduaren 3ra Tolosan nazioarteko txotxongilo jaialdia izango da eta aurten 41. urteurrena beteko du. Horri lotuta, egitarau zabala eta askotarikoa antolatu da: barruko ikuskizunak, kaleko emanaldiak, tailer bat eta hitzaldiak.

Tolosak 41 urte daramatza txotxongiloekin gozatzen, eta Titirijai ibilbide luzeko jaialdia da, aurtengo edizioan modu artistiko honen magia Tolosan utziko du beste behin.

Aurkezpen ekitaldia gaur egin dute Topic-en, eta bertan izan dira ondorengo ordezkariak: Eusko Jaurlaritzatik Andoni Iturbe; Isaac Palencia Gipuzkoako Foru Aldunditik; Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkatea; Garbiñe Etxezarreta Kutxa Fundazioko kidea; Aitor Imaz  Tolosako Ekinbide Etxeko zuzendaria eta Estitxu Zaldua jaialdiko antolatzailea.

20 ikuskizun eta kaleko emanaldi

Titirijairen 41. edizio honek 20 ikuskizun biltzen ditu guztira, «horietako asko familiei zuzenduak». Aurtengo egitarauak estatu eta nazioarte mailako txotxongiloen emanaldi sorta zabala eskainiko du, Hegoafrika, Uruguai, Italia, Eslovenia, Portugal edo Frantziako konpainiekin eta baita Galizia, Madril, Andaluzia eta Kataluniakoekin ere. Gainera, Euskal Herriko lau konpainia izango ditugu bertan: Mar Mar Teatro, Bonbon Beltz, Zurrunka eta Anita Maravillas.

Titirijai ez da barnealdeko emanaldietara mugatzen, izan ere, jaialdiak kaleko emanaldiak ere eskaintzen ditu, hala nola, Lleidako Companyiako Kuntur, Maleta Magikoen ikuskizuna edo Gargot Picado instalazioa. Ildo horretan, ekitaldiak txotxongiloen arloan sormena eta berrikuntza sustatzea du helburu, baita artistek beren lana publikoarekin partekatzeko espazio bat eskaintzea ere. Horrela, hainbat jarduera eskaintzen dira, bertaratzen direnek antzerki bisualaren, txotxongiloen eta objektuen aukerak berraurkitzeko aukera paregabea izan dezaten, profesionalentzat zein zaleentzat diseinatuak. Ekimen horien artean Tolosako (Frantzia) Odradek Eskolak emango duen tailerra nabarmentzen da, txotxongilo eta objektuen antzerkiaren barruan dramaturgia bat sortzen irakatsiko duena. Joëlle Noguès-en edo Shaday Larios-en hitzaldiak ere eskainiko dira. Modu honetara txotxongiloen munduan murgiltzeko eta forma artistiko horren ulermen sakonagoa lortzeko aukera bikaina izango da.

Egitarau osoa Topic.eus webgunean kontsulta daiteke, eta jaialdiko ikuskizun guztietarako sarrerak salgai daude Topic.eus webgunean eta TOPICen bertan. Ordutegia: asteartetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara; asteburuetan, 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 19:30era. Astelehenetan itxita dago.

Egitarau osoa, pdf formatuan ikusteko egin klik hemen.

Aurkezpen ekitaldian, 41. Titirijai-ren kartela egin duen Nora Ansoarena Irizar tolosarra egon da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!