Tolosaldeko mugimendu feministek mobilizazioak deitu dituzte gaur eskualdeko zenbait herritan, emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzak nahi dituztela argi eta ozen esateko. Tolosako Asanbladak deitutakoa izan da azkenetarikoa; ehunka lagun bildu dira Trianguloa plazan hasi eta leku berean amaitu den manifestazioan. Ondoren, Numen Dantza Eskolaren txanda izan da, eta segidan, E3 Emakume Eskultoreen Elkarteak Indarkeria matxistaren aurkako litaniak performance-a egin du.
Euskal Herrian lau emakume eta haur bat erail dituztela gogoratu dute, eta tartean, maiatzaren 5ean Orioko haur-parke batean gertatutako tiroketa nabarmendu dute. «Gutako askok, duela gutxi ikasi dugu izendatzen aspaldidanik ezagutzen genuen emakumeen kontrako indarkeri mota bat. Indarkeria bikarioa, hau da, seme-alaben aurka indarkeria erabiliz, amaren kontra egin nahi dena. Azaro honetan, ama batek bere semea desagertua zegoela salatu zuen. 7 urte besterik ez zituen. Poliziak aurkitu zituen mutikoaren gorpua eta haren aitarena. Bikotea bereizia zegoen, eta gizonak hartua zuen umea. Autopsiak erakutsi zuen gizonak heldua zuela umea, eta amildegi batetik salto eginda hil zirela», gaineratu dute.
«Haserre, nazkatuta eta amorratuta» daudela adierazi dute. «Erailketa hauek ondorio larrienak dira, baina indarkeria hori ertz anitzeko indarkerian oinarritzen da, emakumeok, transok eta bollerook egunero jasaten duguna, lantokietan, kalean, eskolan edota gure kuadrilletan. Indarkeria hau ez da kasualitatez gertatzen, eta ezinbestekoa da sistema kapitalista, heteropatriarkala eta arrazista eusteko, indarkeria honek balio baitu askotariko desberdinkeria eta zapalkuntza egoerak sortzeko».
Horregatik, erakundeei dei egiten diete erantzukizunak har ditzaten, eta emakumeen kontrako indarkeria agenda politikoaren lehen lerroan jar dezaten. «Ez digute ezertarako balio argazkiek, edota baliabiderik gabeko neurri eta proposamenek. Nazkatuta gaude erakundeek mugimendu feministaren proposamen eta aldarrikapenak bereganatzeaz eta edukiz husteaz. Horrez gain, gizonak interpelatu nahi ditugu, dagokien erantzukizunak har ditzaten, bere praktikak aldatu ditzaten, eta sistemaren konplizeak izateari utz diezaioten».
Azkenik, babesa helarazi nahi izan diete haurraren eta eraildako emakumeen senitartekoei. «Zuen ondoan izango gaituzue beti. Gure bidea, autodefentsa eta antolaketa feminista delako, eta horretan jarraituko dugu irmoki, gero eta gehiago gara eta!». Gainera, azaroaren 30ean greba orokorra egiteko deia luzatu dute: «Kaleak hartuko ditugu berriro, zaintza sistema publiko-komunitario duina eskatu eta lortzeko!».