Euren etxebizitzetara itzultzen ari dira Larramendiko bizilagunak

Ataria 2023ko azaroaren 22a

Eraikinaren egoeraren inguruko diagnosi sakonagoa egin ondoren, eraikina bera guztiz egonkortzeko behin betiko neurriak hartu beharko direla esan du Tolosako Udalak. 

Segurtasunagatik gaua etxetik kanpo igaro ostean, etxera ari dira itzultzen Larramendi kaleko 6. zenbakiko 25 familiak. Bart eraikineko zutabe bat lehertu zen eta segurtasun arazoak zirela eta eraikina husteko agindua jaso zuten bizilagunek. 

Udalak esan du atzo gauerdian eskorak jarri zituztela kaltetutako zutabean, egonkortasuna bermatzeko behin behineko neurri bezala, eta gaur goizean izan direla udal teknikariak egoera aztertzen, etxebizitza batzuk ere bisitatu dituztelarik. Lehen azterketa hori amaituta, behin behineko neurri gehiago hartu dituzte eraikinaren segurtasuna bermatu ahal izateko, eta eskora gehiagorekin indartu dute beste zutabeetako bat. Modu horretara, bizilagunak etxeetara segurtasunez sartu ahal izatea bermatu dela gaineratu du. Lekukoak ere jarri dituzte, pitzaduren jarraipena egiteko.

Teknikariek bizilagunei egoeraren xehetasun guztiak eman dizkiete, arratsaldean udaletxean egin den bileran, eta aurrera begira egoeraren diagnosi sakona egin behar dela esan du udalak. Ondoren eraikina bera guztiz egonkortzeko behin betiko neurriak hartuko dituzte. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!