Erantzunaren zain jarraitzen dute Larramendiko bizilagunek

Ataria 2023ko azaroaren 22a

Segurtasunagatik gaua etxetik kanpo igaro behar izan dute Azkarate Etxeko bizilagunek, bart eraikineko zutabe bat lehertu ostean; gaur goizean teknikariek eraikinaren egoera aztertu dute eta bertan jasotakoa helaraziko diete bizilagunei.

Larramendi kaleko 6. zenbakiko (Azkarate Etxea) eraikina hustu behar izan dute bart, segurtasunagatik, bertako zutabe bat lehertu ondoren. Gaur goizean teknikariak eraikinaren egoera aztertzen aritu dira eta bertan jasotakoa helaraziko diete bertako bizilagunei. Izan ere, oraindik etxera itzuli gabe jarraitzen dute.

Iñigo Royo tolosarra da bizilagunetako bat, eta eraikina husteko agindua eman zutenean etxean zegoela kontatu du:  «21:30ean ertzainek eta suhiltzaileek eraikina lehenbailehen hustu behar izan zuten, zutabe bat lehertu eta lehen solairuan pitzadura bat ireki zelako. Eraikin osoa erortzeko arriskuan zegoela esan ziguten». Berak bezala, eraikineko gainerako bizilagunek gaua etxetik kanpo igaro beharra izan dute. Nora jo ez zutenak herriko hotel batera bideratu dituzte.

Gaur iluntzean jakingo dute etxera noiz itzuli ahalko duten. «Bilera bat egingo dutela esan digute eta bertan jakinaraziko dute ea etxera itzultzerik izango dugun edo ez», esan du Royok.

100 urte dituen eraikina da Azkarate Etxea, eta gaur egun 25 etxebizitzak osatzen dute. Bizilagunak kontatu bezala, «eraikinen azterketa teknikoa gainditu ostean, duela lau urte fatxada berritu zitzaion». Horregatik, atzoko gertakaria ustekabeko sustoa izan dela dio, «eta horretan geratzea espero dut».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!