Xanti Saizar tolosarrak Ataria-ri eskainitako dokumentuetan ageri denez, 1920. urtean Miserikordia Iurreamendira eraman zuten eta eraikin hori erosi eta egokitu zuen Pedro Letek, etxebizitzak kokatzeko. Izan ere, Tolosak Erdi Arotik izan du ospitalea, lehen ospitale hori Santa Mariako iparraldeko fatxadari erantsita zegoelarik. Toki hezea zen, epidemia arriskua zuena, eta beraz, udalak harresietatik kanpora atera behar zela erabaki zuen 1768. urtean. 1771 eta 1774 urteetan egin zuten Miserikordia Zaharraren lehen eraikina Arramele zubia pasa eta San Joan ermitaren ondoan. 1813. urteko sutearen ondorioz 1818an berreraiki zuten eta 1830ean handitu zuten. 1856an eraikinaren atzealdean epidemia ospitalea egin zuten eta 1920. urtean lekualdatu zuten Iurreamendira.
Aipatu bezala Pedro Letek erosi zuen Miserikordia Zaharra zegoeneko eraikina eta Berazubiko estadioaren egilea den Laskibar Tolosako udal arkitektoari eskatu zion eraikinaren egokitze proiektua 1923an. Miserikordia Zaharra zenak hiru fatxada zituen Larramendi kalera eta bi lorategi txiki ere bazituen. Etxeak egiterakoan, lorategi txikietan etxebizitzak egin zituzten eta eraikin osoari hiru solairu gehiago erantsi zizkioten. Oraingo eraikinean hiru fatxada zaharren zutoinak ikusi daitezke. Aldameneko lurrak ere saldu zituzten, Basagoitiaren txaleta eta fabrika zaharra eraikitzeko.
Bitxikeria
Bada Miserikordia Zaharraren inguruko beste bitxikeriarik, hau kalearen izenari buruzkoa. Iñaki Linazarosok 1978. urtean idatzitako Historia y guía de Tolosa liburuan ageri denez, inguru hartan zegoen plazak bazituen San Juan de Arramele zioen errotulua eta toponimo bereko zubia; nahasketarik egon ez zedin, 1972ko udalbatzak kale horri izena aldatzea erabaki zuen eta Miserikordia Zaharreko kalea bezala izendatzea. Arramele kaleko bizilagunetako asko, ordea, ez ziren ados egon eta sinadura bilketa bat egin zuten auzotarren artean erabakiaren aurka egiteko. Hori ikusita udalak atzera egin zuen eta Arramele izena uztea erabaki zuten.