Herriaren ikur nagusietako bat da babarruna edo perla beltza, eta jende asko bildu du Tolosan. Azoka berezia egon da Trianguloa plazan eta ez dira falta izan babarrunarekin batera prestatu ohi diren odolki, mondeju, aza edota piperrak. Eta jai eguna izaki, ezin falta ere dantza eta musika; Udaberri dantza taldeko fanfarrea eta dantzariak ibili dira kalez kale, Eingo trikitilariak, Buruhandi eta Erraldoien Konpartsa... Baina guztiaren gainetik babarruna izan da protagonista gaurkoan, eta ilara luzea osatu da Trianguloan Babarrun Kofradiako kideek banatutako babarrun platertxoak eskuratzeko.
Jai giroarekin batera ohikoak dira babarrunari lotutako bi lehiaketak. Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketaren 28. edizioan Zumaiako Karakas baserriko Joxe Mari Aramendi Urbietak irabazi du lehen saria eta Tolosako Babarrunaren 35. Lehiaketa Gastronomikoan Ibarrako Manu eta Mikel Gorostiaga aita-semeek irabazi dute lehen saria. Aipatu behar da Ibarrako Etxezarreta baserriko Koldobide eta Begoña Artola Agirre ahizpek bi lehiaketan parte hartu dutela eta baita saria jaso ere. Izan ere, ekoizleen lehiaketako bigarren saria eskuratu dute lehiaketa gastronomikoan hirugarren egin dutela.
Arratsaldean jai giroak jarraituko du Tolosan. Izan ere, elkarte eta tabernetako bazkarien ostean, 19:00etan, Kalean txaranga ibiliko da kalez kale, 22:00etan Itzal taldearekin erromeria egongo dela Plaza Berrian eta 23:30ean Jainekin txarangaren txanda izango dela.